Hiroshimako alkateak arma nuklearrak baztertzeko eskatu du bonbardaketaren 80. urteurrenean

120 herrialdetako ordezkariak elkartu dira urteurreneko ekitaldian. Kazumi Matsui alkateak egungo egoerarekin alderatu du duela 80 urte gertatutakoa.

Kazumi Matsui, aurten hildakoen izenak zenotafioan gordetzen. JIJI PRESS / EFE
Kazumi Matsui, aurten hildakoen izenak zenotafioan gordetzen, gaur, Hiroshiman. JIJI PRESS / EFE
2025eko abuztuaren 6a
15:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Laurogei urte dira Ameriketako Estatu Batuek Hiroshima bonbardatu zutela, eta urteurreneko ekitaldian gaur egungo egoerarekin lotu dute orduan gertatutakoa. Efemeridea oroitzeko, jendetza bildu da gaur Hiroshimako Bakearen plazan. 55.000 pertsona inguruk parte hartu dute ekitaldian, eta 120 herrialdetako ordezkariak ere izan dira han. 200.000tik gora lagun hil ziren bonba nuklearraren ondorioz, eta haiek izan dituzte gogoan.

Isilune bat egin dute Japonian 08:15 zirela —Euskal Herrian 01:15—, bonba jaurti zuten momentu berean. Bakearen sinboloak ere ez dira falta izan: uso zuriak askatu dituzte, bakearen sugarra piztua zegoen bitartean. Urtero egiten duten moduan, leherketa bizi izan eta aurten hil direnenen izenak gorde dituzte zenotafioan.

Egungo nazioarteko egoerari buruzko aldarriak, Hiroshimako bonbardaketaren urteurrenean. FRANCK ROBICHON / EFE
Palestinaren aldeko aldarriak, Hiroshimako bonbardaketaren urteurrenean. FRANCK ROBICHON / EFE

Ekitaldian izan dira Shigeru Ishiba Japoniako lehen ministroa eta Kazumi Matsui hiriko alkatea, nazioarteko hainbat ordezkarirekin batera. Matsuik adierazi du zabaldua dagoela arma nuklearrak defentsarako «funtsezkoak» direlako ustea, eta ideia horrek «mespretxatu» egiten duela gertatutako tragediek erakutsitakoa. Ukrainan eta Ekialde Hurbilean gertatzen ari denean oinarrituz, gaineratu du energia nuklearraren erabilera mugatzen duen akordioa ez dela baliagarria. Esan du arma nuklearrak onartzeak «ondorio zitalak» izango dituela.

Hiroshimako alkateak ohartarazi du «benetako bakea» lortzeko arma nuklearrak «deuseztatu» behar direla. Nazioarteko agintariei gomendatu die Hiroshimara joateko, eta bonba nuklearrek zer eragiten duten ikusteko. Ziurtatu du orduan elkarrizketan oinarritutako segurtasun neurriak hartuko dituztela. Japoniako Gobernuari eskatu dio berresteko Arma Nuklearren Debekuari buruzko Ituna. 70etik gora dira Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Ituna sinatu duten herrialdeak; AEBak eta Errusia ez daude horien artean, ezta Japonia ere.

Potentzia nuklear batzuek ekitaldian parte hartu dute; esaterako, AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Indiak eta Israelek. Azken biek ez dute sinatu Arma Nuklearren Debekuari buruzko Ituna. Palestina eta Taiwan ere izan dira, Japoniak herrialdetzat onartzen ez dituen arren. Errusia, aldiz, ez da joan; Ukrainarekin gerran dagoenetik huts egiten duen bigarren urtea da. Haren aliatu Bielorrusia, berriz, omenaldian egon da.

Hiroshimako bonbardaketaren urteurrena ospatu den plaza. FRANCK ROBICHON / EFE
Hiroshimako bonbardaketaren urteurrena gogoratu den plaza. FRANCK ROBICHON / EFE

Gaur egun, gutxi dira ezbeharra bertatik bertara bizi izan zutenak: 100.000 baino gutxiago geratzen dira bizirik, eta, batez beste, 86 urtetik gora dituzte. Hala ere, zenbaitek hitza hartu dute gaur, eta eurek bizitakoa gogorarazi dute. 96 urteko Yoshi Yokoyamak, adibidez, esan du gurasoak eta aitona galdu zituela bonbardaketan. Atona bonba jaurti zuten unean bertan hil zen; gurasoak geroago, minbiziagatik. Satoshi Tanaka ere leherketaren lekuko izan zen, eta esan du Ukrainako eta Gazako gerrek orduan ikusitakoa gogorarazten diotela: «Suntsitutako hiriek, izututa ihesi doazenek: guztiak ekartzen dizkit oroitzapenak». 

Nihon Hidankyo da bonba nuklearretik bizirik irten zirenen elkartea. Arma nuklearrak desagerrarazteko egindako lanagatik, Bakearen Nobel saria irabazi zuen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.