Moldaviak beste urrats bat egingo du Errusiarengandik aldentzeko

Estatu Burujabeen Erkidegotik ateratzeko izapideak hasi dituztela jakinarazi du Moldaviako Atzerri ministroak. Moldaviak «ahalik eta azkarren» utzi nahi dio Sobietar Batasuna desegin zenean sortutako erakunde horren kide izateari.

Alexandru Munteanu Moldaviako lehen ministroa Europar Kontseiluko presidente Antonio Costarekin, azaroan, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Alexandru Munteanu Moldaviako lehen ministroa Europar Kontseiluko presidente Antonio Costarekin, azaroan, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 20a
16:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Moldavia Mendebalderantz begira jarria da, eta bide horretan aurrera egiten hasi. Gaur Moldaviako Atzerri ministro Mihai Popsoik jakinarazi du beste neurri bat hartu dutela Errusiaren orbitatik are eta gehiago aldentzeko: EBE Estatu Burujabeen Erkidegotik ateratzeko izapideak hasi dituzte. Popsoik espero du otsailaren erdialdea baino lehen amaituko dituztela izapide guztiak, eta parlamentuak neurria berretsi ostean Moldaviak erakunde horretako kide izateari utziko diola. «Moldaviako Errepublikak EBEko kide izateari utziko dio ahalik eta azkarren», adierazi du Atzerri ministroak, Radio Moldova irratian.

Sobietar Batasuna desegin ostean sortu zen erakunde hori, 1991n. SESB osatzen zuten hamabost errepubliketatik bederatzi dira gaur egun EBEko kide. Honako herrialde hauek ez dira erakundeko kide: hiru errepublika baltikoak —Estoniak, Letoniak eta Lituaniak erakunde horretako kide izateari uko egin zioten hasieratik—, Turkmenistan —estatu elkartua da 2005etik—, Georgia —2008an Kaukason izandako gatazkaren ostean irten zen—, eta Ukraina —kide sortzaileetako bat izan arren, ez zuen erakundearen estatutua berretsi, eta 2018tik ez du EBEren organoetan parte hartzen—.

Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi ostean, Moldaviak ere EBEtik aldentzeko asmoa agertu zuen. Eta, hain justu, 2022ko martxoan EB Europako Batasuneko kide izateko eskaera egin zuen. Moldavia talde komunitarioan sartzeko negoziazioak hastea adostu zuen Europar Kontseiluak hurrengo urtean. Eta 2024ko abenduan erreferendum bat egin zuten Moldavian, herritarrei galdetzeko ea onartzen zuten konstituzioa aldatzea herrialdea EBko kide bihurtzeko. Baiezkoak irabazi zuen, ozta-ozta: %50,4k bozkatu zuten baietz, eta %49,6k ezetz. %51koa izan zen parte hartzea.

Ordutik, baina, Moldaviak Mendebaldean dauka jarrita begia. Irailean egin zituzten hauteskunde orokorrak, eta Maia Sandu presidente europazalearen alderdiak irabazi zituen. Ordezkari kopuruan behera egin bazuen ere, parlamentuan gehiengo osoa du oraindik. Hortaz, behin EBEtik ateratzeko proposamena parlamentura iritsita, europazaleek ez dute arazorik izango neurria aurrera eramateko.

Gainera, azken egunetan tentsioa areagotu egin da herrialdeko alderdi europazaleen eta errusiazaleen artean. Sandu presidenteak The Rest is Politics Erresuma Batuko podcastean iragan astean egindako adierazpen batzuek hautsak harrotu dituzte. Esan zuen Moldavia eta Errumania elkartzeko erreferendum bat eginez gero berak aldeko botoa emango lukeela, Moldavia Errusiarengandik babesteko. Horren harira, oposizio errusiazaleak —Moldaviako Alderdi Sozialista bigarren indarra da parlamentuan— presidentearen dimisioa eskatu du.

Moldavia Ukrainaren eta Errumaniaren artean dago, eta, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Moldaviak behin baino gehiagotan salatu du Moskuk bere aire espazioa urratu duela.

Kieven, zero azpitik eta berokuntzarik gabe

Moldaviako mugatik ehun kilometro baino gutxiagora dago Odesa (Ukraina), eta han egin du eraso gaur Errusiako armadak. Azpiegitura energetikoak suntsitu ditu Itsaso Beltzaren ertzeko hiri horretan, baita Kieven ere. Errusiako armadak berak jakinarazi du eraso masibo bat egin duela gaur Ukrainako azpiegitura militarren eta energetikoen aurka. Hiriburuko alkate Vitali Klitxkoren arabera, gaurko erasoak berokuntzarik gabe utzi ditu 5.600 eraikin. Are gehiago, esan du urtarrilean hiriburuko eraikinen %80 geratu direla uneren batean berokuntzarik gabe Moskuren erasoen ondorioz. Ukrainako Meteorologia Zerbitzu Nazionalaren arabera, gaur -4 eta -11 gradu arteko tenperaturak neurtu dituzte Kieven.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.