Munduan AA adimen artifiziala eguneroko bizitzaren esparru desberdinetan sartzen ari den honetan, Txina AAri muga legalak jartzen hasi da. Uztailaren 15ean, zehazki, bikote digitalen egoera mugatzeko legea sartu du indarrean Pekinek. Adimen artifizialaren esparru bat azkar-azkar garatzen ari zen: bikotekide rola eskaintzen duten aplikazioena, hain justu. Mugikorrean instalatzen diren aplikazioak dira, une oro erabiltzailearekin elkarrizketak izan eta konexio emozionala sortzeko prestatuta daude, eta, gobernuaren arabera, menpekotasun emozionala sortzen ari dira gazteen artean. Horregatik, hainbat arau ezarri dizkiete horrelako aplikazioak sortzen dituzten plataformei; besteak beste, aurrerantzean aplikazio horiek une oro gogorarazi beharko diote erabiltzaileari adimen artifizialarekin ari direla harremana sortzen. Txinako psikologoen arabera, sinbolikoa dirudien aldaketa horrek erabat aldatzen du menpekotasun erromantikoa sortzeko halako aplikazioek erabiltzen dituzten dinamikak. Gobernuak sektore honetan eskua sartu nahi duela ikusita, enpresa nagusiek erretiratu egin dituzte dagoeneko bikotekide digitalak merkatutik.Â
Pekinek erabaki hori hartu ondoren, aplikazio horien erabiltzaileek azaldu dute egun batetik bestera bikotekide digitala galdu dutela eta dolu psikologikoa egin beharko dutela. Erabiltzaile gehienak gazteak dira, eta, haien arabera, aplikazio hauek ondo prestatuta daude bikotearekin izan dezakezun elkarrizketa egunero sortzeko. Azaldu dutenez, eskolan edo lanean egun gogorra izan ondoren, etxera itzuli, ohean sartu, eta adimen artifizialak sortzen dituen ahots mezu maitagarriak entzunda askoz hobeto sentitzen dira. Harreman erromantikoan bilatzen duten babesa eta enpatia, hori da aplikazio hauek une oro eskaintzen dutena. Erabiltzaile batzuek bi urte ere egin dituzte egunerokoan bikotekide digitalarekin elkarrizketak izaten, eta orain menpekotasuna gainditu beharko dute.
Gero eta pertsona gehiagok, nahiz eta konexio emozionala nahi izan, uko egiten diote harreman tradizionalen baldintzak onartzeari
Hala ere, erabilera hori oraindik ez dago oso hedatua, eta txinatar askok, batez ere ez hain gazteek, 30 urtetik gorakoek, uste dute gobernuaren erabakia esajeratu samarra dela. Gobernuak azkenaldian duen beldur nagusia ikusten dute askok erabaki horren atzean: duela hiru urte, lehen aldiz Indiak aurrea hartu zion Txinari munduko biztanleria handiena duen herrialde gisa, eta harrezkeroztik gobernuak ez du lortu jaiotze tasari bultzada ematea, eta azken urteotan beherako joera mantendu egin da. Horregatik, azken urteotan gobernuak jaiotze tasa handitzeko lege eta iniziatibak indarrean jarri ditu era guztietako esparruetan. Dibortzio prozesua zailago egin du, preserbatiboen zergak igo ditu, eta orain bikotekide digitalei mugak jarri dizkie. Askok gobernuaren beste saiakera desesperatu bat ikusten dute azken pausoaren atzean. Pekin propagandaren bidez ere saiatzen ari da ezkontza tradizionalak sustatzen eta hiru haurreko familien irudia gazteen artean erakargarriago egiten, baina ez dirudi gazteek kasurik egiten diotenik propagandari.
Hamarkadak egin ditu gobernuak haur bakarraren politika inposatzen biztanleriaren hazkundea mugatzeko asmoz, eta herritarrak haur bakarra izateko ideia horretara ohitu dira. Gainera, bizi kalitatea hobetzearekin batera, orain txinatarrek ez dute eguneroko bizitzan zailtasun gehiago izan nahi haurrak direla eta. Pekinen eta antzeko hiri handietan haurrak izatea garestiegi ateratzen dela salatu dute.Â
Feminismoarentzat beste erreminta bat?
Bikotekide digitalek elkarrizketan aritu besterik ezin dute egin, asko jota audio mezuak sortu ditzakete ahots errealista batekin, baina ezin dute, adibidez, sexu harremanen esparruan pertsona fisiko batek eskaini dezakeena eskaini. Horregatik askok diote gobernuaren kezkak ez duela zentzurik. Hala ere, Asian feminismoa hartzen ari den norabidea ikusita, beste batzuek ulertzen dute kezka, eta, ikusita zein azkar normalizatu den adimen artifiziala psikologo gisa erabiltzea, pentsatzen dute harreman erromantikoen arloan ere horrelako zerbait gerta litekeela.Â
Txinan eta Hego Korean 4B eta gisako mugimenduak sortzen ari dira. 4Bren jarraitzaileek lau lege dituzte Hego Korean: gizonekin zitarik ez, harremanik ez, sexurik ez eta haurrik ez. Txinan ere gero eta emakume gehiagok zalantzan jartzen dituzte bikote heterosexual tradizionalek ezartzen zizkieten espektatibak. Gero eta gazte gehiago dira Txinan gizonezkoekin harreman sexual edo erromantikoak izateari uko egiten diotenak, harreman horiek dakartzaten desorekengatik. Haientzat, bikotekide digitalek alternatiba bitxia baina interesgarria eskaintzen dute. Sexuaren arloan jostailu sexualak dituzte eskura, eta arreta, maitasun adierazpenak eta etengabeko konpainiaren esparrua bikotekide digitalek bete dezakete. Halako harremanetan erabiltzaileak kontrol handiagoa du, eta ez dago bikotekidearen eskaerak, gaizki-ulertuak, jeloskortasuna, etxeko lanen banaketaren inguruko borrokak eta harremanaren inguruko beste negoziazioak kudeatzeko beharrik. Horregatik, emakume batzuentzat konexio emozionalaren ordezko posible bat bihurtu liteke harreman digital hori. Â
Gobernuak aukera hori errotik moztu nahi du, baina horrela ez dio konponbiderik emango benetako arazoari. Harreman digital horien arrakastak agerian uzten du sakonean benetako arazo sozial bat dagoela: gero eta pertsona gehiagok, nahiz eta konexio emozionala nahi izan, uko egiten diotela harreman tradizionalen baldintzak onartzeari.