Israelek bi boluntario hil zituen ostiralean Gazan, MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundekoak biak, eta eraso horren gaineko ikerketa eskatu du gaur Gazako Osasun Ministerioak. Adierazi du batzorde «independente eta garden bat» eratu behar dela zer gertatu zen argitzeko: «Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren kontrako eraso larria da osasun zentroei eta osasun profesionalei erasotzea, eta Genevako Itunak ere urratzen ditu».
Ostiraleko erasoaren aurretik ere tankerako beste hainbat gertatu direla gogorarazi du, eta horiek ere ikertu behar direla. Gazako Osasun Ministerioak, halaber, NBE Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko gainerako erakundeei eskatu die ekinbideak abia ditzala halako erasoak guztiz gerarazteko. Bi hildakoak osasun zentroko segurtasun zaindariak ziren. Israelek argudiatu du biak Hamaseko kideak zirela.
MSFk erasoa salatu zuen atzo, eta argibideak eskatu zituen. «Suminduta gaude gure bi kide hil direlako Israelek Gazako gure klinika baten aurka egindako eraso batean. MSFren aurka zuzenean egindako eraso bat izan da». Gogora ekarri zuen osasun instalazioak «argi eta garbi seinaleztatuta» zeudela MSFren irudiarekin, eta bere garaian kokapena jakinarazi ziotela Israelgo armadari. Hori dela eta, «kontuak eman ditzatela» exijitu zuen, eta gogorarazi Israelgo armadak MSFko hamazazpi langile hil dituela guztira.