Nahiz eta bakea sinatu, indarkeria ez da desagertu Kolonbiatik

Bake ituna sinatu eta hamar urtera, FARCeko gerrillari ohiak, haien familiak eta bake itunaren aldekoak jazarriak dira oraindik ere. Bilbon egin duten Kolonbiari buruzko nazioarteko jardunaldiak ahotsa eman die indarkeria jasaten dutenei.

Olatz Barrenetxea, Cristina Bustillo, Tatiana Alzate eta Francisco Toloza atzoko jardunaldian, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUESNTES / FOKU
Olatz Barrenetxea, Cristina Bustillo, Tatiana Alzate eta Francisco Toloza atzoko jardunaldian, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUESNTES / FOKU
Paula Marques
2026ko azaroaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mehatxuak, hilketak eta jazarpen politikoa ez dira guztiz desagertu Kolonbian, bakearen alde eta desberdintasun sozialei aurre egiteko lanean ari direnek herrialdetik alde egin behar izaten baitute orain ere. Freytter elkarteak Kolonbiako indarkeria ikertzen du, eta hark Bilbon antolatutako jardunaldien lehen mahai inguruan atzo parte hartu zuten hiru hizlariek horixe erakutsi zuten. Kolonbiako operazio estrajudizialen testigantzak eta bizipen pertsonalak kontatu zituzten.

FARC, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea, Kolonbiako sistema politiko eta ekonomikoa aldatzearen alde borrokatzen zen, haren ustez Kolonbian desberdintasun sozial handiak baitzeuden. Kolonbiako Gobernuak, ordea, ez zuen bat egiten FARC gerrillaren ideiekin. Horrek 50 urte iraun zuen gatazka armatua ekarri zuen, 2016an bake ituna sinatu zuten arte. Hala ere, biolentzia ez zen amaitu; gerrillari ohiek, haien familiek eta itunaren alde zeudenek estigmatizazio, mehatxu eta jazarpena pairatzen dute oraindik ere.

«Presidenteak aukeratutako hiru gizonek esango dute nortzuk diren terrorismoaren kolaboratzaileak»

FRANCISCO TOLOZA Politologoa

Nahiz eta FARCek armak utzi, gaur egun arazo horrek bere horretan dirau Kolonbian. Francisco Toloza politologoak alde akademikotik azaldu zuen Kolonbiaren egoera, eta «anokrazia» moduan definitu zuen herrialdea: «Gatazka armatuen ondorioz sortutako erregimenak dira, eta, maskara liberala duten arren, autoritarioak dira». Izan ere, Tolozaren arabera, herrialdean zerrendak egiten dira «terrorismoarekin» ustezko harremana duten pertsonak frogarik gabe atxilotzeko edo hiltzeko, hala nola aktibistak. «Presidenteak [Abelardo de la Espriella] aukeratutako hiru gizonek esango dute nortzuk diren terrorismoaren kolaboratzaileak», esplikatu zuen.

Tolozaren arabera, lau operazio estrajudizial mota daude. «Lehena, eta zoritxarrez ezagunena, positibo faltsuak dira», hasi zen azaltzen. Zibilak erosi eta engainatzen dituzte, eta, ondoren, gerrillari gisa «mozorrotzen» dituzte. «Militarrek zibilak engainatu eta hiltzen dituzte oilasko erre baten edo lanik gabeko hiru egunen truke», azaldu zuen. Bigarren mota exekuzio estrajudizial selektiboa da: pertsona jakin bat hiltzeko agindua ematen da. Hirugarren mota protestetako biolentzia poliziala dela zehaztu zuen Tolozak. Politologoak kasu bat gogoratu zuen: «Manifestariak hartu zituzten, eta haietatik bostehuni begi bana kendu zieten». Laugarren kasua matxinatzen direnak hiltzea da.

Jardunaldiaren lehen mahai ingurua emozionala izango zela esan zuen Olatz Barrenetxea Ekimen elkarteko kide eta mahai inguruaren moderatzaileak. Izan ere, hizlariek operazio estrajudizialen inguruko bizipen pertsonalak kontatu zituzten. Barrenetxeak azaldu zuen testigantzak memoria egitea baino gehiago direla, sentimenduak azaleratzen dituztela: «Testigantzak memoria ariketa dira, baina biolentzia politikoak ekartzen duen minaren eta traumen adierazle ere badira, eta mina nagusitzen da testigantzetan».

«Gutako hamar hil zituzten hiru urtean»

CRISTINA BUSTILLO Giza eskubideen defendatzailea

Cristina Bustillo Paredes giza eskubideen defendatzaile eta Ven Seremos kolektiboko kideak ezin izan zien malkoei eutsi bere historia eta bere lagunena kontatu zuenean. Kolonbiatik alde egin baino lehen Babeserako Unitate Nazionalean egiten zuen lan; Barne Ministerioaren erakunde publiko hori mehatxatuak dauden edo arriskuan dauden pertsonak babesteaz arduratzen da, hala nola kazetariak, eskubideen defendatzaileak eta FARCeko kide ohiak. Bustillok, konkretuki, FARCeko kide ohiak, haien familiak eta bake akordioaren alde zeudenak babesten zituen azpizuzendaritzan egiten zuen lan.

Bustillok Kolonbiatik alde egin behar izan zuen mehatxatu egin zutelako. «Lau kidek alde egin behar izan genuen: bi erbestean gaude, eta batek Kolonbian jarraitzen du», kontatu zuen. Eta esplikatu laugarren kidea desagertutzat jo zutela: «Baina badakigu hilda dagoela; esaten dute desagertuta dagoela ezin izan zutelako gorpua aurkitu». Lau kideek kasu batengatik egin behar izan zuten ihes. Azaldu zuen agintariek gerrillari gisa jo zutela gizon bat. «Eurek bazekiten non bizi zen, eta epaitzeko harrapatu zuten. Harrapatu egin zuten, baita torturatu eta hil ere». Hori ikusita, laurek denuntzia bat jarri zuten, baina mehatxatu egin zituzten, eta horren ondorioz egin zuten ihes. «Gutako hamar hil zituzten hiru urtean», kontatu zuen.

«Nire lau senide hil dituzte, eta elkartzen ginenean ez zen horren inguruan hitz egiten»

TATIANA ALZATE Biktima baten alaba

Tatiana Alzatek ere gertutik ezagutu eta pairatu ditu Kolonbiako bake itunak sortutako arazoak. Txikia zela aita hil zioten. Dena den, familiak hilketaren inguruan «isiltzea» erabaki du askotan. «Orain dela hamar urte hasi nintzen aitaren historia berreraikitzen. Nire lau senide hil dituzte, eta elkartzen ginenean ez zen horren inguruan hitz egiten, isiltasuna inposatu zen», kontatu zuen. Horrela, Alzatek aitaren lagunen eta familiako kideen ahotsak bildu zituen historia berreraikitzeko. «Gogoratzen dudan gauza bakarra maiatzeko gau hartan entzundako zarata da», esaten zuen testigantzetako batek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA