Espazioa

NASAk bigarrenez atzeratu du Artemis misioa, arazo teknikoengatik

AEBetako Espazio Agentziak erregai jario bat atzeman du. 2025ean emakume bat bidaliko dute Ilargira; lehenbiziko aldia izanen da.

Artemis misioko 'Orion' espaziontzia, gaur, Cañaveral lurmuturrean (AEB). CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Uxue Rey Gorraiz - Ander Perez Zala
2022ko irailaren 3a
13:09
Entzun

Bigarren saiakera egin du NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak, baina, iragan astelehenean gertatu bezala, atzeratu egin behar izan du astronautak Ilargira itzultzeko bidea prestatuko duen Artemis I misioa.

Orion espaziontzia Cañaveral lurmuturretik aireratzekoa zen gaur arratsaldean, 42 egun eta hiru ordu iraun beharko lukeen joan-etorri bat egiteko. Horren aurretik, ordea, NASAk erregai jario bat atzeman du, eta, hasiera batean atzerapenik aipatu ez duen arren, azkenean misioa berriz ere atzeratzeko erabakia hartu behar izan du; AEBetako Espazio Agentziak azaldu duenez, «talde teknikoak arazoa konpontzen saiatu» dira, baina ez dute arrakastarik izan.

Iragan astelehenean egin zuten lehen saiakeran, berriz, motorretako batean aurkitu zuten arazoa, ez zuelako lortzen aireratzea egiteko beharrezkoa den tenperaturara iristea. NASAk jakinarazi zuen egutegiaren arabera, hurrengo saiakera etzi egingo lukete, baina AEBetako Espazio Agentziak ez du oraindik baieztatu ez ezeztatu hori egingo duenik.

Ikusi gehiago: Bertan behera geratu da Artemis misioaren hasiera, motorretako batean izan den arazo batengatik

Gizakia 1972. urtean izan zen azken aldiz Ilargian, eta orduko hori berriz errepikatzea du NASAk orain. Aurreikusi dute 2025ean izanen direla Ilargia atzera ere, eta nahi dute emakume bat izatea espedizio horretan. Hala balitz, eta beste potentziaren batek aurrea hartu ezean, orduan izanen da emakume bat lehen aldiz Ilargian.

Gainera, lehenbiziko emakumea bidali ez ezik, beste alderdi bati dagokionez ere estreinakoa izan nahi du NASAk. Pertsona arrazializatu bat ere izanen da astronauten artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.