Trumpek erabateko boterea edukiko du Gazarako Bake Batzordean

Bake Batzordearen zuzendaritzako kide izango dira Blair, Rubio eta Witkoff, eta, esan dutenez, zerrendarako trantsizio gobernuaren egitekoa gainbegiratzea izango dute xede. Diru ekarpena egingo duten estatuak erakarri nahi ditu Etxe Zuriko maizterrak.

Pertsona batzuk oinez Khan Yuniseko errefuxiatu gunearen inguruan, urtarrilaren 1ean. HAITHAM IMAD / EFE
Pertsona batzuk oinez Khan Yuniseko errefuxiatu gunearen inguruan, urtarrilaren 1ean. HAITHAM IMAD / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urtarrilaren 17a
20:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Organoaren presidente gisa, berak izendatuko eta kenduko ditu kideak; berak erabakiko du zein herrialde gonbidatu bat egitera; gai zerrenda zehaztuko du; beto eskubidea izango du erabaki garrantzitsuen gainean; eta berak soilik kargugabetu ahal izango du bere burua; alegia, Donald Trump AEBetako presidenteak erabateko boterea izango du Gazarako Bake Batzordearen zuzendaritzan, eta AEBetako presidente ez izanda ere organo horren buru izaten jarraitu ahal izango du.

Etxe Zuriak gaur goizaldean jakinarazi du nortzuek gainbegiratuko duten zerrenda zuzenduko duen trantsizio gobernu teknokrataren egitekoa. Ohar batean adierazi duenez, zuzendaritza horretako kide izango dira Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia (1997-2007), Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria, Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkari berezia, Jared Kushner presidentearen suhia, Ajay Banga Munduko Bankuaren presidentea, Roberto Gabriel Trumpen aholkularia, eta Apollo Global Management inbertsio etxearen zuzendari Marc Rowan.

Komunikatuan diotenez, kide bakoitzak zeregin jakin bat edukiko du; esaterako, «gobernantza gaitasuna, eskualdeko harremanak eta berreraikuntza indartzea; inbertsioak erakartzea; finantzaketa lortzea; kapitala mugitzea». AEBetako presidenteak Gazarako hogei puntuko plan bat aurkeztu zuen irail amaieran, eta Israelgo Gobernuak eta Hamasek egun batzuk geroago onartu zuten. «Bake Batzordearen zuzendaritzak ezinbesteko rola jokatuko du presidentearen hogei puntuko plana betetzeko orduan; horretarako, ikuskatze estrategikoa eskainiko du eta nazioarteko baliabideak mobilizatuko ditu [...]».

Benjamin Netanyahu Israelgo presidentea, baina, kexatu egin da, eta esan du zuzendaritzaren iragarpena ez dela egin Israelekin «koordinatuta»; beraz, haren ustez, ez dator bat Bake Batzordearen zuzendaritzaren «politikarekin». Hori esan du lehen ministroaren bulegoak, ohar batean, eta jakinarazi eskatu diotela Gideon Saar Atzerri ministroari harremanetan jar dadila Rubio bere homologoarekin.

Eta zuzendaritzak kide gehiago izatea da Trumpen asmoa. Etxe Zuriko maizterrak 60 bat estatubururi —besteak beste Egiptokoari, Turkiakoari, Alemaniakoari, Kanadakoari, Argentinakoari eta Erresuma Batukoari— bidalitako gutuna eskuratu du Haaretz Israelgo egunkariak. Trumpek, negozio gizona izaki, finean zera nahi du, estatu horiek dirua jartzea. Gutunak dioenez, estatuak, gehienez, hiru urtez izango dira zuzendaritzako kide. Halere, hau ere jaso du: «[...] hiru urteko epe hori ez zaie aplikatuko kide bihurtzen diren lehen urtean 1.000 milioi dolarreko ekarpena egiten dutenei». Hortaz, babesle indartsuenek beren lekuari eutsiko liokete zuzendaritzan. Estatuburu batzuek baieztatu dute gaur gonbidapena jaso dutela; esaterako, Recep Tayyip Erdogan Turkiakoak eta Javier Milei Argentinakoak. 

NBEren ordezko bat

NBE Nazio Batuen Erakundeari errieta egiten dio Trumpek gutunean. Haren esanetan, beharrezkoa da «bakea arinago eta era eraginkorrago batean» ezarriko duen nazioarteko erakunde bat. Haren esanetan, «bake iraunkor» bat lortzeko nahitaezkoa da «maiz porrot egin duten instituzioetatik aldentzea».

Hain zuzen, Haaretz-ek berak hiru iturri aipatuta duela egun batzuk kaleratu zuenez, Gazakoan ez ezik, beste gatazka global batzuetan ere eragin nahi du Trump buru duen Bake Batzordeak. Iturrietako baten arabera, «beste NBE baten antzeko zerbait» da, eta herrialde horiek hartuko dituzte mundu osoari eragingo dioten erabakiak.

Hain zuzen, Gazarako Trumpen plana bigarren fasean sartu eta egun batzuk geroago jakinarazi dute Bake Batzordea nortzuek osatuko duten eta zer funtzio izango dituen. AEBek adierazi zuten asteazkenean fase horretara pasatu dela plana. Hurrengo egunean, gobernu teknokrataren burua nor izango den esan zuten aldeen arteko negoziazioetan ari diren herrialde bitartekariak —Qatar, Egipto, Turkia—: Ali Xaath PAN Palestinako Aginte Nazionalaren ministrorde ohia.

Ez dago argi zer bide egingo duen Bake Batzordeak, baina munduan ez dago antzeko eredurik lurralde bat administratzeko. Hori esan zioten BERRIAri joan den urrian Victor Manuel Amado Castro Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak eta Juanjo Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak. Azken horren esanetan, ez da egongo xeheki zehaztutako bide orri juridikorik; finean, zera, «kaos hutsa». Plana ezartzeko AEBek aurkeztutako ebazpen proposamen bat onartu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluak azaro erdialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.