NATOko aliatuek Trumpen exijentziak betetzen ari direla erakutsi nahi dute Ankaran

Defentsarako gastua areagotzea eta Ukrainari laguntza gehiago ematea izango dira aliantza militarraren urteroko goi bilerako eztabaidagai nagusiak. Errusia, Txina eta Ipar Korea arlo militarrean elkarlanean ari direla ohartarazi du Ruttek.

Mark Rutte NATOko idazkari nagusia gaur, Ankaran, aliantza militarraren goi bilerako hasiera ekitaldian. GEORGI LICOVSKI / EFE
Mark Rutte NATOko idazkari nagusia gaur, Ankaran, aliantza militarraren goi bilerako hasiera ekitaldian. GEORGI LICOVSKI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 7a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

NATOko kideek badute erronka bat Ankaran gaur hasi den goi bileran: Donald Trump baretzea. Azken hilabeteetan, AEBetako presidenteak gero eta presio handiagoa egin du Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aliatuek defentsarako gastua areagotu dezaten. Iazko goi bileran adostu zuten aliatu guztiek beren barne produktu gordinaren %5 jarriko zutela defentsarako 2035erako. Bada, Trump tematu da helburu horretara ahalik eta azkarren iritsi behar dutela. Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak gaur egindako agerraldi batean aliatuei eskatu die esfortzu handiagoa egiteko eta denborarik ez galtzeko. Atzo, oroitarazi zien «plan zehatzak» aurkeztu behar dituztela %5eko helburu horretara heltzeko; hau da, AEBetako presidentearen exijentziei men egiteko prest daudela erakusteko.

Munduko Futbol Kopa abian denez, futboleko hiztegiaz baliatu da aliantza militarreko burua: «Estrategia argia da, baina partida amaitzeko asko falta da oraindik, eta, irabazteko, taldeko kide guztiek beren alea jarri behar dute; gehiago egin beharra daukate, azkarrago eta batuta. Ezin dugu denborarik galdu». Izan ere, Ruttek ohartarazi die Errusia, Txina eta Ipar Korea «elkarlanean» ari direla. NATOren etsaitzat aurkeztu ditu hiru herrialde horiek, mehatxutzat: «Errusiak ia bere aurrekontuaren erdia erabiltzen du makineria belikoan; Txinak bere armada modernizatzen jarraitzen du, eta ahalmen nuklearra areagotzen; eta Ipar Koreak Errusia babesten du». Horregatik, defentsarako diru gehiago jarri behar dela errepikatu du, eta defentsa arloko industria indartu.

«Trump presidenteak espero du aliatu guztiek aurrerapauso sendo bat ematea berehala, eta %5erako bidea hartzea urgentziaz», adierazi zuen atzo NATOko idazkari nagusiak. Aurrez, asteburuan, AEBetako presidenteak grafiko bat jarri zuen Truth Social bere sare sozialean; hartan ageri da AEBek defentsan egiten duten gastua zenbatekoa den beste aliatu batzuen aldean —Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Polonia ageri dira—. Eta horrekin batera mezu bat idatzi zuen: «Irrigarria da AEBek alde bakarreko bide honetan jarraitzea harremana elkarrekikoa ez denean. Ez dira gure alboan egon!».

Iaz Hagan (Herbehereak) egin zuten NATOren urteroko goi bilera, eta han jarri zuten %5eko helburua. Ordukoan ere, Trumpen hatsa gainean sentitu zuten aliantza militarreko kideek, behin baino gehiagotan iradoki baitu NATOtik alde egiteko prest dagoela. Aurreko agintaldian ere (2018-2022) hauspotu zuen mamu hori, baina, iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik, are eta gehiago tenkatu du haria. Groenlandia inbaditzeko mehatxuek alertak piztu zituzten aliantza militarreko kideen artean —gobernu autonomoa badu ere, Groenlandia Danimarkaren parte da ofizialki, eta Danimarka NATOko kidea da—.

Erdogan eta Trump gaur, Ankarako aireportuan. EFE
Erdogan eta Trump gaur, Ankarako aireportuan. EFE

Rutte apirilaren hasieran joan zen Etxe Zurira, eta adierazi du Trump «dezepzionatuta» sumatu zuela. Ordutik, etengabe aritu da aliantza militarreko kideei belarrietatik tira egiten. «Ez da inori atsegina emateagatik, hitzartutakoa betetzeagatik baizik», argitu zuen atzo.

Gainera, Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako erasoaldian ez laguntzea leporatu die Trumpek aliantzako kideei; batez ere, Erresuma Batuari. Espainiari etengabe aritu zaio gastu militarra areagotzeko exijitzen, Kanadarekiko harremanak ere gaiztotu ditu herrialdea anexionatzeko asmoa aditzera eman ostean, eta, azken egunetan, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroari leporatu dio berarekin «obsesionatuta» egotea, eta urruntze agindu bat eskatu du. Gauzak horrela, aliantza militarreko kideak Trump baretzeko eta defentsarako gastua areagotzeko bidean daudela erakusten saiatuko dira gaur eta bihar Ankaran. AEBetako presidentea iritsi da Turkiako hiriburura, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak egin dio ongietorria aireportuan.

Ukrainari babesa

Ukrainako gatazkan Kievi laguntza gehiago emateko aukera izango da goi bilerako beste mintzagai nagusia. Volodimir Zelenski gaur iritsi da Turkiako hiriburura —Ukraina ez da aliantza militar horretako kidea—. Batez ere aireko defentsa sistemak indartzeko laguntza lortu nahi du Kievek. Zelenskik gaur sare sozialetan adierazi duenez, «sistema berriak, misilak eta horiek ekoizteko baimenak» lortzea da Ukrainaren «lehentasuna». Eta jakinarazi du aldebiko hogei bilkuratan baino gehiagotan hartuko duela parte Ankaran.

«Gure herritarrak babestuko dituzten erabakiak hartu behar dira, defentsarako ahalmena handitu, eta segurtasun arloko elkarlana sendotu Ukrainaren, Europaren eta AEBen artean», gaineratu du Ukrainako presidenteak. Azken egunetan, Errusiako armadak eraso bortitzak egin ditu Kieven aurka: ostegunean 30 pertsona hil zituzten, eta atzo, gutxienez beste 21. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA