Kosovoko herritarrak oraindik ohituta daude helikoptero militarrak entzutera, edota soldadu taldeak hirietako kaleetan patruilatzen ikustera. Segituan sumatzen da herrialdean armaden presentzia, edo, zehazkiago esanda, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen menpeko Kosovoko indarrena, KFOR izenekoa. 26 herrialdek osatutako nazioarteko misio baten parte dira, ordea —herrialdeak ez du armada arruntik—; eta, Jeta Loshaj Kosovoko Segurtasun Ikasketen Zentroko ikerlariaren arabera, «herrialdeko txoko guztietan daude».
Hala ere, egoera hori aldatzear dago. Ekainean, NATOk iragarri zuen bere presentzia egokituko duela Kosovon, eta segurtasun ardura gehiago emango dizkiela tokiko erakundeei. Aliantzak azaldu du zergatik erabaki duen hori egitea: batetik, segurtasunari dagokionez egoera hobetu delako, eta, bestetik, Kosovoko indarren ahalmena handitu delako. Loshajen esanetan, dena den, KFOR indarren presentzia murriztea ez da misioaren amaieraren seinale, baizik eta urteetan prestatutako trantsizio baten parte.
Donika Emini Balkanetarako Europako Politika Aholkulari Taldeko ikerlariak gehitu du NATOk egin izan dituela aldaketak Kosovon duen misioan azken ia 30 urteotan, eta «betiere tokiko egoeraren arabera» egin dituela egokitzapenak. Misioa abiatu zutenean, 50.000 soldadu inguru zeuden Kosovon, eta 2026an, ordea, 4.500 soldadu daude. Hala, oraingo erabakia ere testuinguru zabalago batean kokatu du: «Ukrainako gerrak eta Donald Trumpen politikek Europako segurtasun lehentasunak aldatu dituzte». Haren ustez, «Kosovoko segurtasun auziak ez dauka duela hogei urte bezain lehentasun handia, baina horrek ez du esan nahi aliantzak herrialdearen inguruko interesa galdu duenik».
1999ko gerraren amaieratik, KFOR misioa arduratu da Kosovoko defentsaz. Serbiako indarrak erretiratzearekin batera iritsi zen misioa herrialdera. «Segurtasuna bermatzeaz gain, NATOk Kosovoko erakundeak indartzen lagundu du, baita segurtasun egiturak sendotzen eta herrialdearen gaitasunak handitzen ere», nabarmendu du Loshajek. Hala, bi ikertzaileek adierazi dute Kosovoko biztanleek aliantzaren «irudi guztiz positiboa» dutela. Nazioarteko Institutu Errepublikanoa erakunde estatubatuarrak egindako ikerketen arabera, 2024an kosovarren %94 NATOko kide izatearen aldekoak ziren —beste edozein herrialdetan baino nabarmen handiagoa da ehunekoa—.
«Segurtasuna bermatzeaz gain, NATOk Kosovoko erakundeak indartzen lagundu du, baita segurtasun egiturak sendotzen eta herrialdearen gaitasunak handitzen ere»
JETA LOSHAJKosovoko Segurtasun Ikasketen Zentroko ikerlaria
Dena den, KFOR misioaren helburua ez zen herrialdearen segurtasunerako ezinbestekoa izatea, eta urteak daramatza tokiko indarrak entrenatzen noizbait beren lekua har dezaten. Horiek horrela, NATOk hartu berri duen erabakiak zera mahaigaineratu du: prest al dago Kosovo defentsa ardura handiagoak hartzeko?
Loshaj baikor agertu da. Haren esanetan, Kosovoko Polizia eta Kosovoko Segurtasun Indarrak dira herritarren artean konfiantzarik handiena duten erakundeetako bi. Azken urteetan gero eta eginkizun gehiago egokitu dizkiete, eta KFOR indarrekin eta EB Europako Batasunaren Eulex misioarekin elkarlanean aritu dira etengabe. Horren erakusgarri da NATOk Pristinari transferitu izana eremu estrategiko batzuen kontrola edo serbiar komunitatearentzat garrantzitsuak diren zenbait monasterioren zaintza.
Eminik ere adierazi du badela garaia Kosovoko indarrek ardura gehiago har ditzaten, baina ikerlariak argi bereizi ditu bi eginkizun. Haren ustez, Kosovoko Polizia prest dago ordena publikoa eta barne segurtasuna bermatzeko, baina ez dago KFOR indarren funtzio militarra ordezkatzeko moduan. «Polizia gai da legea betearazteko eta segurtasun publikoaren arloko funtzioak bere gain hartzeko; mugen defentsak edo mehatxu armatu larriei erantzuteak, ordea, beste maila bateko ahalmena eskatzen du», azaldu du.
«Polizia gai da legea betearazteko eta segurtasun publikoaren arloko funtzioak bere gain hartzeko; mugen defentsak edo mehatxu armatu larriei erantzuteak, ordea, beste maila bateko ahalmena eskatzen du»
DONIKA EMINI Europako Balkanetako Politika Aholkulari Taldeko ikerlaria
Erronkak ez dira desagertu
Biek ala biek azpimarratu dute tokiko erakundeek eskumen eta ahalmen handiagoa izateak ez duela esan nahi Kosovoren segurtasun erronkak desagertu direnik. Loshajen arabera, «gaur egungo mehatxuak ez dira duela hogei urte zeuden berak, baina gehienak hor daude oraindik ere». Serbia da oraindik ere kezka nagusietako bat. Loshajek ez du uste Belgradek eraso militar zuzen bat abiatuko duenik, baina beste mehatxu batzuk aipatu ditu: espioitza edota Kosovoko serbiar komunitatea helburu politikoetarako erabiltzeko saiakerak, besteak beste.
Bestalde, Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanak garai zailean daude. EB Europako Batasunak urteak daramatza bi aldeekin hitz egiten akordio bat lor dezaten, baina azken urteetan negoziazioak ia erabat blokeatuta egon dira. 2023ko irailean Kosovo iparraldean izandako istiluen ondoren, konfiantza urratu egin zen, eta ez da aurrerapen esanguratsurik izan ordutik.Â
Horiek horrela, Loshajek azpimarratu du «nazioarteko egoerak eta arriskuek» ere ez dutela laguntzen. Errusiak Kosovoren independentziaren aurkako diskurtsoa areagotzen jarraitzen du —Kosovo 2008tik da errepublika independente bat, eta, besteak beste, AEBek, Frantziak eta Alemaniak aitortua dute— , eta NATOren 1999ko esku hartzea erabili izan du bere interes geopolitikoak justifikatzeko. Horrek kalte egiten dio Kosovoren nazioarteko irudiari. «Mendebaldeko Balkanetako oreka ahula are gehiago zailtzen du. Nazioarteko segurtasun ingurunea zenbat eta hauskorragoa izan, orduan eta handiagoa da Mendebaldeko Balkanetan ezegonkortasunerako arriskua», ohartarazi du.
«Nazioarteko segurtasun ingurunea zenbat eta hauskorragoa izan, orduan eta handiagoa da Mendebaldeko Balkanetan ezegonkortasunerako arriskua»
JETA LOSHAJKosovoko Segurtasun Ikasketen Zentroko ikerlaria
Kanpoko erronkek ez ezik, barnekoek ere kezka sortzen dute. Polarizazio politikoa handia da gaur egun Kosovon, eta alderdien arteko blokeoak gero eta nabarmenagoak dira. Loshajen ustez, egoera horrek ondorio larri bat izan dezake: herrialdearen nazioarteko irudia ahultzea eta, hortaz, Kosovoren estatu izaera zalantzan jartzen dutenen argudioak indartzea.
Erronkak oraindik ere badaudela ikusita, beraz, agerikoa da NATOk bere presentzia egokitzeko erabakia ez duela soilik hartu tropa kopuruei buruzko kalkulu baten ondorioz. Neurri handi batean, NATOK nahi izan du Kosovoko erakundeek garapenaren eta segurtasunaren kudeaketan gero eta protagonismo handiagoa hartzea.
Hala ere, horrek ez du esan nahi NATO herrialdetik irtengo denik. Loshajek argi utzi du KFOR misioa oraindik ere «herrialdeko azken segurtasun bermea» izango dela, eta aliantzak berak ere azpimarratu duela erabakia aldatu dezakeela; alegia, segurtasun egoerak okerrera egingo balu, tropen presentzia berriro handitu ahal izango lukeela. Horregatik, zaila da epe motzean KFOR indarren erretiratze oso bat irudikatzea, batez ere Serbiarekin dituen harremanak blokeatuta dauden bitartean.
Hortaz, egungo erabakia ezin da erretiratze gisa ulertu, eta oraingoz, behintzat, KFOR misioko soldaduek Kosovoko kaleetan patruilatzen jarraituko dute.