Biodibertsitatearen alorreko inoizko akordiorik handiena egin zutenetik lau urte igaro diren honetan, Nazio Batuen Erakundeak ondorioztatu du denbora horretan herrialdeek hartutako neurriak ez direla nahikoa 2030erako jarrita dauden helburuak betetzeko. Helburu horien artean daude itsasoko eta lurreko ekosistemen %30 babestea eta jada kaltetuta dauden ekosistemen %30aren berreskuratzea, baita «diru laguntza kaltegarriak» murriztea ere, eta urtean 200.000 milioi dolar biltzea natura babesteko politikak egiteko.
Bi urtean behin egiten dute goi bilera Biodibertsitatearen Hitzarmenaren parte diren herrialdeek, eta gaur hasi da aurtengoa, Erevanen. Bi asteko iraungo du, eta aurtengo bilkuraren helburu nagusia da 2022an onartu zen Dibertsitate Biologikoaren Kunming-Montreal Mundu Markoaren bilakaera ebaluatzea.
Klima aldaketaren aurkako nazioarteko borrokan mugarri gisa ikusi ohi da 2015eko Parisko Akordioa, klima larrialdia borrokatzeko helburu eta mekanismo berriak jarri baitzituen. Bada, biodibertsitatearen defentsako nazioarteko borrokan, antzeko estatusa du Kunming-Montreal akordioak. 2030erako tarteko helburu batzuk ezarri zituen, baita 2050erako ere. Bada, NBEk argitaratu berri duen txostenean iradoki du herrialdeak oso geldo dabiltzala, eta azaldu neurriak ez badira azkar hartzen 2030erako helburu horiek ez direla beteko.
Horrez gain, argudiatu du geldotasun horrek inpaktu handia izan dezakeela 2050erako jarrita dauden jomugak lortzeko prozesuan: «Nahiz eta oraindik goizegi den biodibertsitatean aldaketak nabaritzeko, aurrerapenak motel egiteak epe luzeko arriskua dakar, 2030erako jarrita dauden helburuak betetzea oinarri bat baita 2050erako helburuak lortzeko bidean», azaldu dute.
Anbizioa eta ekintzak
Ikerketan bildutako datuetako batzuk Antonio Guterresek eman zituen ostegunean; NBEko idazkari nagusiak azaldu zuenez, hitzarmenaren parte diren herrialdeen %90ek baino gehiagok jarri dituzte biodibertsitate helburuak, baina soilik erdiek egin dituzte helburu horiek lortzeko bide orriak. Hori dela eta, Guterresek nabarmendu du arrakala handia dagoela anbizioaren eta ekintzen artean. Horren adibide da idazkari nagusiak egindako baieztapen hau: «Herrialdeek jarritako helburuen erdiak baino gutxiago doaz bide onetik».
«Herrialdeek jarritako helburuen erdiak baino gutxiago doaz bide onetik»
ANTONIO GUTERRES NBEko idazkari nagusia
Horiek horrela, NBEk ondorioztatu du egun herrialdeek hartu dituzten konpromisoak betetzen badira lurreko ekosistemen %26 babestuko direla soilik —%30 babestea adostu zuten—, eta itsasoko ekosistemen %12 soilik. «Kopuru horiek Montrealen adostutako helburuak baino askoz txikiagoak dira», esan du Guterresek.
Nahiz eta oraindik ez duten emaitza onik antzeman, NBEk gogoratu du inoiz ez dela izan halako mugimendurik biodibertsitatearen defentsan: «Orokorrean, aldeek urrats garrantzitsuak egin dituzte, eta herrialdeetako gobernuez bestelako hainbat eragilek konpromisoak hartu dituzte».
Baina helburua natura babesteko politikak azkartzea denez, Erevango bide orria izeneko dokumentu bat adosten saiatuko dira konbentzioaren parte diren 196 herrialdeak datozen bi asteetan; 2030erako falta diren lau urteetan biodibertsitatea zaintzeko eta ekosistemak berreskuratzeko politikak azkartzea izango du helburu bide orri horrek.
Brusela, gehiago eskatzen
Halako goi bileren aurretik egin ohi duten moduan, urriaren 12an Europako Batasuneko Ingurumen ministroak Luxenburgon elkartu ziren, Biodibertsitatearen COP17 goi bileran eta Klima Larrialdiaren COP31 biltzarrean EBk zer bultzatuko zuen adosteko. Azken urteetan Bruselan ohiko bihurtu den diskurtsoa indartu zuen EBko Ingurumen Kontseiluak, eta iragarri datozen bi goi bileretan multilateralismoa eta nazioarteko konpromisoen betetzea defendatuko dituztela. Biodibertsitatearen bilkurari dagokionez, 2022an onartutako Kunming-Montreal akordioa betetzeko erritmoa azkartzeko eskatuko dute 27ek Erevanen.
«Multilateralismoa eta natura babestea ezbaian dauden honetan, oraindik ere EBk irmoki babesten du biodibertsitatearentzat onak diren emaitzak lortzeko konpromisoa. Ezin da jada adostuta dagoen anbizio maila apaldu», aldarrikatu zuen Christopher O’Sullivanek, Irlandako Natura, Ondare eta Biodibertsitate ministroak.
Baina kritikak ere izan ditu Europako Batasunak. WWF Naturarentzako Mundu Funtsa erakundeak gogorarazi du Brusela klima legedia arintzen ari dela, eta EBri eskatu dio naturaren aldeko jarrera har dezala bere mugen barruan ere, atzerrian defendatzeaz gain: «Biodibertsitaterik ez galtzeko neurriak indartzea defendatzen du EBk atzerrian, baina, gero, natura babesteko lege propioak ahuldu, eta, halakoetan, sinesgarritasuna galtzen du», azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak.