Navalni: Putinen aurkako protesten liderra lehenik, martiria gero

Poliziaren dispositibo handi baten erdian, jendetza batek agurtu du Errusiako presidentearen kontrako ekintzailea, Moskun. 2020an pozoitua izan ondoren, 2021ean Errusiara itzuli zen, eta pasaporteak kontrolatzeko gunean kartzelatu zuten.

ALEKSEI NAVALNI. ERRUSIA.
Herritar batzuk gaur Moskun, Navalniren aldeko hileta egingo den elizaren kanpoaldean. EFE
Alex Bustos - Igor Susaeta
2024ko martxoaren 1a
11:30
Entzun

Azken hamabost urteotan, Vladimir Putinen aurkako ekintzaile nagusia izan zen Aleksei Navalni (1976-2024). Errusiako presidenteak, ordea, jendaurrean hari buruz mintzo zenean, ez zuen haren izena aipatzen. «Gizon hori», «pertsonaia hori», «politikariren bat» eta beste eufemismo batzuk erabiltzen zituen, gustukoa ez zuen horri garrantzia kentze aldera. Jarrera ofizialistaren arabera, hutsaren hurrengoa zen Navalni, eta handia zen politikatik baztertuta edukitzeko interesa. Otsailaren 16an hil zen zirkulu polar artikotik hirurogei bat kilometrora dagoen kartzela batean, Moskutik 1.900 kilometro ingurura, eta gaur egin dute haren aldeko hileta elizkizuna, Errusiako hiriburuko eliza batean. Navalniren ingurukoen arabera, Putinen aginduz hil zuten; Mendebaldeak ere hori iradokitzen du. Kremlinek, ordea, ukatu egin ditu akusazio horiek, oinarririk ez dutela argudiatuta.

Hil zenean, ofizialismoak apenas egin zuen komentariorik, eta Kremlineko buruak ez du jendaurreko adierazpen bakar bat ere egin gertatutakoari buruz. Navalniren ingurukoek salatu dute Errusiako agintariek oposizioko kide izandakoaren gorpua entregatzeari uko egin ziotela aurreneko egunetan. Otsailaren 24an eman zioten amari. 2021etik zegoen kartzelan.

Jendetza batek agurtu du, gaur, Moskun; handik hiletaren berri eman duten kazetarien esanetan, milaka pertsona bildu dira elizaren bueltan —300 bat inguru sartu dira barrura—, eta «Navalni, Navalni!» oihu egin dute. Poliziaren operazio handi bat ezarri dute. Navalniren bozeramaile izandakoak azken egunetan nabarmendu du zailtasunak izan dituztela hileta antolatzeko. Adierazi du eliza gehienek uko egin diotela hileta egiteari, eta beren asmoa, berez, atzo egitea zela, baina ez zutela lur emango zion inor topatu —gaur ehortzi dute—; haren iritziz, Putinek atzo parlamentuan hitz egin zuelako atzo, herrialdearen egoerari buruz urtero ematen duen hitzaldian.

Gaur Navalni agurtzeko kalera atera diren moduan, 2011ko neguan herritarrak protesta egiten hasi ziren gobernuaren eta haren nepotismoaren kontra, Udaberri Arabiarraren uberari jarraituz. Hedabide batzuek Negu errusiarra deitu zioten. Orduan hasi zen Navalni ezaguna egiten aberrikideen artean, nahiz eta blogari gisa hasia zegoen Errusiako ustelkeriaren kontra egiten. Hain zuzen, 2011n bertan Ustelkeriaren Kontrako Funtsa sortu zuen —errusieraz, FBK—; irabazi asmorik gabe erakunde bat, zeinak aktiboki borrokatuko zituen Errusiako politikaren despotismoa eta adiskidekeria.

Gaur egun, erakunde hori debekatuta dago Errusian, eta hango agintarientzat «estremista» da. Erakunde horren bidez, bai Navalni eta bai erakundeko kideak ahalegindu dira, aktiboki, Errusiako erregimenaretzat funtsezkoak diren pertsonen trapu zikinak argitaratzen, hala nola Sergei Xoigu Defentsa ministroarenak, Dmitri Medvedev presidente ohiarenak eta Putin presidentearenak berarenak ere. Bere ikerketarik anbiziotsuenak Youtubeko bere katean argitaratu zituen; sei milioi harpide ditu. 2011z geroztik, Errusiako liderra eta Errusia Batua bere alderdia izan ziren Navalniren nemesia. Elkarrizketa batean esan zuenez, «gazkileen eta lapurren alderdia» da; hala sentitzen zuten bai Negu Errusiarraren protestetan, bai oposizioan.

2000ko hamarkadaren hasieran, Jabloko alderdi liberalaren kide izanagatik, Errusiako boterearen aurkako egindako gurutzada beti izan zen David eta Goliaten arteko bataila bat. 2013an egin zuen Errusia Batuari botere apur bat kentzeko lehen saiakera, Errusiako alkatetzarako bozetara aurkeztez. Nahiz eta emaitza ona lortu zuen hasiberria izateko —bigarren geratu zen—, ezin izan zen boterea lortzeko lehiatu egungo alkate Sergei Sobianinekin, zeinak karguari eutsi dion etenik gabe. Urte batzuk geroago, 2018an, herrialdeko presidentetzara aurkeztu nahi izan zuen, baina ahalegindu ere ezin izan zen egin, iruzurragatik Yves Rocher auzian zabalik zuen kausa bategatik inhabilitatu egin baitzuten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen «arrazoi politikoengatik» epaitu zutela.

ALEKSEI NAVALNI. ERRUSIA.
Aleksei Navalni, 2019an. EFE.

Auzi horregatik beragatik espetxeratu zuten 2021ean, nahiz eta 2023an beste zigor bat ezarri zioten, estremismoa egotzita. Hemeretzi urte gehitu zizkioten haren kondenari, eta zirkulu polar artikotik gertu dagoen espetxe batera mugitu zuten iazko urtearen amaieran. Artikoko otsoa deitzen diote, eta Errusiako espetxe sistemako gogorrenetako bat da. Hilabete pasatxo baino ez zen igaro hura lekualdatu eta hil zen arte. Errusiako agintarien esanetan, berez hil zen, otsailaren 16an, egun horretan bertan paseo bat eman ondoren.

Intsumisioaren prezioa

Bere ibilbidean ezarri zioten trabez haratago, harentzako okerrena iristear zegoen hamarkada honen hasieran. 2020an Siberia mendebaldean aliatu batzuekin batzartu eta gero, kordea galdu zuen Moskura bueltako hegaldian. Okerrenerako prestatu ziren, baina hegakinaren pilotuak larrialdiko lurreratze bat egin zuen, medikuek azkar jokatu zuten, eta bizia salbatu zioten; hori bai, ez zegoen arriskutik kanpo. Ez zegoen argi zer gertatu zen, baina disidentearen gertukoek uste zuten pozoitu egin zutela. Eskatu zuten utz ziezaiotela herrialdetik Alemaniara alde egiten, han arta zezaten. Hasieran zalantzak agertu arren, agintari errusiarrek baimena eman zioten.

Beste proba batzuk egin zizkioten Berlinen, eta haiek erakutsi zuten novitxok gasa izan zela oposizioko kidea ia-ia hil zuena: Sobietar Batasunean garatutako pozoi bat. Errusiako agintariek ukatu egin dute Navalniren kontra egiteko erabili izana. Hobeto zegoenean, itzultzea erabaki zuen. Bazekien Errusiara bueltatzea arriskutsua zela berarentzat, ziurtatua baitzegoen espetxeratu egingo zutela; haren ingurukoek pentsatzen zuten zerbait okerragoa gerta zekiokeela.

2021ean, tenperatura zeropeko 15 gradukoa zela, haren aldeko milaka pertsona harrera egitekoak ziren Moskuko Vnukovo aireportuan. Hegaldia hiriburuko beste aireportu batera desbideratu zuten, ordea, Xeretmeyevokora. Pasaporteen kontrola ere ezin izan zuen igaro Navalnik: atxilotu egin zuten. Munduak orduan ikusi zuen Aleksei Navalni aske azkenekoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.