Inkestek lehia estua aurreikusten zuten Poloniako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulirako, eta, hain justu, puntu baten aldeari esker gailendu da Karol Nawrocki hautagai ultrakontserbadorea: botoen %50,89 lortu ditu; Rafal Trzaskowski europazaleak, berriz, botoen %49,11, Poloniako Hauteskunde Batzordeak emandako datu ofizialen arabera. Hala, ondo bidean Nawrocki izango da herrialdeko estatuburua datozen bost urteetan, eta ikusteko dago horrek nola eragiten dion Donald Tusk lehen ministroaren gobernu koalizioari eta haren proiektu europazaleari.
Bi hautagaiak parean izan dira azkenera arte; are, atzo gauean zenbaketak aurrera egin ahala, biek jo zuten beren burua irabazletzat. Hauteslekuak itxi ondoren egindako zundaketak Trzaskowskiri eman zion garaipena, eta hark berehala esan zuen «prest» dagoela «poloniar guztien presidentea» izateko. Azkenean, baina, bigarren egin du beste behin. Aurreko presidentetzarako bozetan, 2020an, hautagai europazalea egungo presidente Andrzej Duda ultrakontserbadorearen aurka lehiatu zen, eta orduan ere txikia izan zen bi presidentegaien emaitzen arteko aldea: %2koa.
Nawrockik hartuko dio lekukoa Dudari datorren abuztuan, eta argi jakinarazi du zein izango den bere agintaldiaren bidea. Ultrakontserbadoreak bere egin du Donald Trump AEBetako presidentearen America First leloa (AEBak aurrena), eta hitzeman du «Poloniaren eta poloniarren subiranotasuna eta herrialdeko balio tradizionalak» lehenetsiko dituela; familia tradizionala eta kristautasuna, alegia. Asmo horiekin lotuta, LGTBI komunitatearen eta abortuaren aurka agertu izan da, eta begiz joak ditu «legez kanpoko migrazioa» eta EB Europako Batasunaren migrazio ituna, iritzita papergabeak deportatzeko zentroak eraiki behar lituzketela.
6EBn ekonomikoki zenbatgarren herrialderik handiena den Polonia. Gaur egun, EB Europako Batasuneko kideen artean, ekonomiarik handiena duen seigarren estatu kidea da Polonia; hau da, talde komunitarioko BPG barne produktu gordinaren %4,31 Poloniari dagokio, EBk emandako azken datuen arabera.
Hautagai independente gisa aurkeztu den arren, PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorearen babesa du Nawrockik —bi aldiz egon da PiS gobernuan: bi urtez 2005etik 2007ra artean, eta zortzi urtez 2015etik 2023ra—; hortaz, baliteke herrialdeko lehen ministro Donald Tusken gobernu koalizioak oztopo gehiago izatea bere politikak aurrera eramateko, baita bere proiektu europazalea sendotzeko ere. Hain justu, Nawrockik behin baino gehiagotan leporatu dio koalizio horri Bruselari eta Berlini «men egitea», eta uste du «Europako eliteak» direla Ukrainako gerraren «errudunak». Era berean, ez du begi onez ikusten Kiev talde komunitarioaren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen parte bihurtzea. Aintzat hartzekoa da, gainera, Polonian presidenteak beto eskubidea duela gobernuak onartutako edozein lege bertan behera uzteko.
Poloniako Hauteskunde Batzordearen arabera, boto eskubidea duten herritarren %71k hartu dute parte presidentetzarako bozen bigarren itzulian, inoiz baino gehiagok. Emaitzei erreparatuz gero, bestalde, Trzaskowskik hiriburuan —Varsoviako alkatea da— eta hirietan bildu du boto gehien; Nawrockik, berriz, herrietan eta landa eremuetan. Dudak eskerrak eman dizkie herritarrei parte hartzeagatik, sare sozialen bidez, eta mezu horixe bera probestu du Nawrockiren garaipena ospatzeko: «Zorionik beroenak irabazleari. Segi indartsu, Polonia».
Zorion mezuak eta EBren abisua
Europatik kanpo iritsi da atzerriko lehenbiziko zorion mezua; Washingtondik. Etxe Zuriak bi agintarien, Trumpen eta Nawrockiren argazki bat publikatu du sare sozialetan, maiatz hasieran han izan baitzen hautagai ultrakontserbadorea. Trumpek esana zuen hark irabaztea nahi zuela. Haren alde lerratu izan da Hungariako lehen ministro Viktor Orban ere, eta handik iritsi da bigarren mezua. «Hau garaipen gozo bat da Europako patriotentzat», adierazi du Hungariako Atzerri ministro Peter Szijjartok, sare sozialen bidez. Garaipenarengatik zoriondu du Italiako lehen ministro Giorgia Melonik ere, eta biek komunean dituzten «baloreak» nabarmendu ditu.
Ursula von der Leyen izan da ultrakontserbadorearen garaipenaren inguruan hitz egin duen talde komunitarioko liderra. Europako Batzordeko presidenteak espero du haren gidaritzapean Poloniak eta EBk «elkarlanerako harreman on bat» izatea. Eta gaineratu du: «Guztiok gara indartsuagoak bakearen eta demokraziaren komunitate honetan baldin bagaude. Hortaz, segi dezagun lanean gure etxearen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko».
NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek ere zoriondu du Poloniako presidentetzarako bozen irabazlea; hori bai, ez du garailearen izena aipatu. Besterik gabe, esan du, «oker ez badago», dagoeneko badagoela irabazle bat, eta «gogo handia» duela harekin elkarlanean aritzeko. Helburu bera adierazi du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bi herrialdeen arteko kooperazioa mantentzea, eta Nawrockirekin «harreman pertsonal adeitsua» izatea. «Polonia beti izan da, eta jarraitzen du izaten, eskualdean eta Europan segurtasuna bermatzeko oinarri sendo bat; baita herrialde guztien subiranotasunaren eta duintasunaren defendatzaile sutsua ere», gogorarazi du.