«Moderazioz» jokatzea galdegin die nazioarteak Etiopiako Gobernuari eta talde armatuei

Bake prozesua arriskuan ez jartzeko eskatu diete inguruko herrialdeek Addis Abebari eta miliziei, eta «erabat errespetatu» ditzatela Tigrayko gerra amaiarazteko akordioan jasotakoak.

Tigray eskualdeko errefuxiatu batzuk Sudango Um Rakuba kanpalekuan, Etiopiako mugatik hurbil, artxiboko irudi batean. ALA KHEIR / EFE
Tigray eskualdeko errefuxiatu batzuk Sudango Um Rakuba kanpalekuan, Etiopiako mugatik hurbil, artxiboko irudi batean. ALA KHEIR / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko irailaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tentsioa baretzea galdegin die nazioarteak Etiopiako Gobernuari eta herrialde hartako talde armatuei; izan ere, milizia horiek asteon salatu dute gobernuko indarrek «inbasioa» hasi dutela iparraldeko Tigray eskualdearen kontra, eta, horri erantzunez, «gerra defentsiboa» iragarri dute. Afrika ekialdeko Garapenerako Gobernu Arteko Agintaritzak exijitu du aldeek bertan behera utz dezatela eraso oro: «Moderazioz joka dezatela, eta ez dezatela egin zibilak eta bake prozesua are arrisku handiagoan jarriko lituzkeen ezein ekintza», adierazi du bart, ohar bidez. Halaber, EB Europako Batasunak Addis Abeban duen ordezkaritzak «elkarrizketarako» deia egin du gaur sare sozialetan, eta AB Afrikako Batasunari laguntzeko «konpromisoa» berretsi du.

Afrika ekialdeko blokeak jakinarazi du Etiopiako Gobernuak eta miliziek «erabat errespetatu» behar dituztela Pretoriako Akordioan adostutakoak, eta «berandu gabe» berrekin behar dietela zuzeneko elkarrizketei —hain justu, Tigrayko gerra (2020-2022) amaiarazi zuten itun horren bidez, zeina ABren bitartekaritzari esker lortu zen; haren arabera, bi urtean 600.000 lagun hil ziren gatazka horren ondorioz—. Djibutik, Etiopiak, Kenyak, Somaliak, Sudanek, Hego Sudanek eta Ugandak osatzen dute Garapenerako Gobernu Arteko Agintaritza, eta, inolako herrialderik aipatu gabe, Etiopiaren inguruko herrialdeei eskatu diete ez egiteko «egoera larriagotuko duen ekintzarik».

Hain zuzen, Eritrea Etiopiaren iparraldeko mugan dago, eta Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmeden bozeramaileak, Billene Seyoumek, koalizio bat osatu duten Etiopiako zazpi miliziarekin kolaboratzea leporatu dio herrialde mugakideari. Joan den igandean iragarri zuten koalizio hori Tigray eskualdeko TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak, Amharako Fano miliziak, Oromiako OLA Oromo Askatzeko Armadak eta beste lau matxino talde txikiagok, herrialdeko gobernua erorarazteko asmoz. Seyoumek zera idatzi zuen biharamunean, mezu batean: «Iragarpen horrek berretsi baino ez du egiten Etiopiako Gobernuak behin eta berriz ohartarazi duena»: alegia, Eritrea esku hartzen ari dela gatazkan. Eritreak eta miliziek ukatu egin izan dute hori.

Afrikako Batasuneko Batzordeko presidenteak, Mahmoud Ali Yussufek, atzo sare sozialetan zabaldutako ohar batean ohartarazi zuen «aliantza politikoen eta militarren sorrerak» desorekak eragin ditzaketela, eta duela sei urtetik hona —alegia, Tigrayko gerra hasiz geroztik— «armak isilarazteko lorpenak» galtzea ere bai; 2022ko Pretoriako Akordioa da, Yussufen arabera, «Etiopiako bake, egonkortasun eta adiskidetze iraunkorraren ardatza».

EBk salatu du Etiopiako Gobernuaren indarrek «droneekin hainbat eraso» egin dituztela —Tigrayko agintariek gobernuari leporatu diote, besteak beste, asteburuan laguntza humanitarioa zeraman kamioi baten kontrako erasoa—, eta milizien ekintzak ere gaitzetsi ditu: «Nazioarteko zuzenbide humanitarioa aginduzkoa da, eta ezin da negoziatu; hori betetzeko, zibilak une oro babestu behar dira, eta operazio humanitarioen inpartzialtasuna eta independentzia errespetatu ere bai».

Koalizioa gobernuaren kontra

Igandean, koalizioa osatuko zutela iragartzearekin batera, Etiopiaren luze-zabaleko miliziek Ahmed lehen ministroari «diktadore baten gisan» aritzea egotzi zioten, eta Afrikako herrialderik jendetsuenetan bigarrena «gerrara, genozidiora eta txikiziora» bultzatzea ere bai —ia 140 milioi biztanle ditu—. «Gu geuk dugu erregimen hau erorarazteko ardura historikoa, Etiopiako herritarren biziraupenarekin arduratuta gauden indarrok», esan zuen Zemene Kassie Fano miliziako buruak, Tigrayko telebista kate publikoan —herrialdeko gobernuak astelehenean agindu zuen kate horren emisioa bertan behera uzteko—.

Joan den maiatzean, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak eskualde hartako gobernuaren kontrola hartu zuen berriro, argudiatuta herrialdeko gobernuak ez zituela bete Pretoriako Akordioan bildutakoak. Milizia horren adar politikoa 2022ra arte egon zen agintean eskualde horretan, eta, urte hartako Pretoriako Akordioaren harira, 2023 hasieran ezarri zuten behin-behineko gobernu bat Tigrayn.

Orduko hartan, Ahmedek berak TPLFko kide Getachew Reda izendatu zuen eskualdeko presidente, baina alderditik bota zuten hura iaz, herrialdeko gobernuaren hurbilekoegia zelakoan; lehen ministroaren aholkularia da orain, eta Tigrayko miliziak gobernuaren indarren kontra egindako erasoak gaitzetsi ditu egunotan. Reda bota zutenean, Tadesse Worede eskualdeko armadaren buruak hartu zuen behin-behinean presidente kargua. Etiopia tokiko gobernuaren agintaldia luzatuz joan da urteotan —azkeneko aldiz, joan den apirilean—, harik eta TPLFk gerra baino lehenagoko gobernua berrezarri zuen arte, maiatzean. Gainera, ekainean Etiopiako Asanblea Federaleko behe ganberarako hauteskundeak egin zituzten, eta Tigrayko biztanleek ezin izan zuten bozkatu; Ahmeden alderdiak irabazi zituen, gehiengo zabalarekin: 547 eserlekutatik 486 eskuratu zituen —hamar eserlekutik ia bederatzi—.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA