Aire ihes baten ondorioz, lurrera itzultzeko prestatu behar izan dute ISS Nazioarteko Espazio Estazioan zeuden bost astronautak, eta bi orduz egon dira zain. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak agindu die SpaceX Dragon espaziontzian prest egoteko, baina, azkenean, arazoa konpondu dute, eta ISSra itzuli ahal izan dira.
SpaceX Crew-12-ko lau kide eta NASAko beste astronauta bati agindu diete espazio estazioa uzteko. AEBetako espazio agentziak jakinarazi duenez, aire ihes bat egon da estazioko Errusiaren aldean, eta, konponketak egin bitartean, ebakuazio posible baterako prest egoteko agindu diete bost astronauta horiei.
Roscosmos Errusiako espazio agentziak jakinarazi du agentzia horretako kosmonautek bi aire ihes atzeman dituztela Zvezda moduluko transferentzia ganbera presurizatzen ari ziren bitartean. Horietako bat konpontzea lortu dutela jakinarazi du agentziak, eta jada ez dagoela arriskurik ISSn dauden astronautentzat.
Guztira, zazpi astronauta daude Nazioarteko Espazio Estazioan: NASAko Chris Williams, Roscosmoseko Sergei Mikaiev eta Sergei Kud-Svertxkov, eta SpaceX Crew-12-ko lau kideak —Jessica Meir eta Jack Hathaway NASAkoak, Andrei Fediaev Roscosmosekoa eta Sophie Adenot ESA Europako Espazio Agentziakoa—.
NASAk 1998an jaurti zuen Nazioarteko Espazio Estazioa, eta, 30 urte baino gehiago orbitan igaro ostean, 2030ean etengo dituzte ISSko jarduera guztiak. Urte bete geroago, 2031n, espazio estazioa orbitatik kanporatzekoak dira.