NBEk ohartarazi du azken hirurogei urteetako desplazatu krisirik larriena gertatzen ari dela Zisjordanian

Israelen jarrera «gupidagabea» salatu du Antonio Guterres idazkari nagusiak.

Desplazatu palestinar batzuk Tulkaremen, Zisjordanian, ekainaren 17an. ALAA BADARNEH / EFE
Desplazatu palestinar batzuk Tulkaremen, Zisjordanian, ekainaren 17an. ALAA BADARNEH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 30a
10:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

NBE Nazio Batuen Erakundearena da ohartarazpena: azken hirurogei urteotako desplazatu krisirik larriena gertatzen ari da Zisjordanian. Hori da Israelek Palestinan okupatutako lurraldeen egoerari buruz NBEk egin duen azken txostenaren ondorio nagusia. Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiaren arabera, «gupidagabea» da Israelen jarrera.

Txostenean jasotzen dutenez, lotuta dauden bi arrazoirengatik gertatzen ari dira desplazamendu horiek. Batetik, Israel kolonoentzako geroz eta kokagune gehiago eraikitzen ari delako, nazioarteko legedia urratuz. Eta, bestetik, kolonoek eraso egiten dietenez, palestinarrek ihes egin behar izaten dietelako.

Zisjordaniako egoera izan zuten hizpide atzo arratsaldean New Yorken (AEB), NBEren Segurtasun Kontseiluaren bileran. AFP France-Press berri agentziak txostena eskuratu zuen, eta Guterresek bertan azpimarratzen du gertaera horiek «tentsioa areagotu» besterik ez dutela egiten, eta «mehatxu bat» direla Palestinako estatu «burujabe eta independente bat» sortzeko orduan.

Txostenean salatu dute, bide batez, kolonoek erabateko inpunitatez jokatzen dutela palestinarrei eraso egiten dietenean, eta eraso horiek sarri gertatzen direla Israelgo armadako soldaduen aurrean; are, soldaduek berek lagundu egiten dietela. NBEk berak ikerketa bat kaleratu zuen ekainaren 10ean, zeinean zuzenean egozten zion Tel Avivi lurralde gehiago okupatzeko ahaleginean kolonoei laguntzen aritzea.

Hain zuzen, txosten horretan bertan zera zehaztu zuen NBEk: azken hiru urteetan aurreko hamazazpi urteetan baino pertsona gehiago hil zituen Israelek Zisjordanian, izan kolonoek, izan armadak. 1.036 izan ziren 2006 eta 2022 amaiera artean, eta 1.244 2023tik 2025 bukaera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA