Sokatiran ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Iran. Hala hasi ziren AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia abiatu bezain pronto, eta hala dabiltza oraindik ere. Asteburuan Ormuzen izandako erasoen eta kontraerasoen ostean —berez, su etena ezartzea hitzartu zuten bi aldeek duela bi aste sinatutako memorandumean—, Teheranek Ormuzen burujabetza aldarrikatu du gaur, eta nabarmendu berari bakarrik dagokiola itsasartean dauden minak kentzea. Horrekin lotuta, Donald Trump AEBetako presidenteak adierazi du AEBetako ordezkariak Dohara bidean direla, Irango ordezkariekin biltzeko asmoz. Iranek eta Qatarrek, ordea, ukatu egin dute AEBen eta Iranen arteko bilera bat egingo dela.
Ormuzko itsasarteak berebiziko garrantzia dauka AEBen eta Iranen arteko auzian, bertatik igarotzen baita munduko petrolioaren %20 inguru. AEBek eta Israelek Iran bonbardatu ostean hartu zuen Teheranek eremu hori ixteko erabakia, eta minak ere ezarri zituen, AEBen armadarentzako oztopo gisa. Bi aldeek sinatutako memorandumean adostu zuten Teheranek bidesaririk ezarri gabe zabalduko zuela itsasbidea hirurogei egunez. Hala ere, epemuga hori amaitutakoan bidesariak ezarri nahi dizkie Teheranek bertatik igarotzen diren ontziei, Omanekin elkarlanean.
Iran eta Oman gaur bildu dira auzi hori aztertzeko. AFP France-Press agentziak zabaldu duenez, bi aldeek akordio bat egin dutela adierazi du Kazem Gharibabadi Irango Atzerri ministrordeak, eta, haren hitzetan, Oman ados dago bidesariak ezartzearekin.
Badr bin Hamad Albusaidi Omango Atzerri ministroak, ordea, ez du halakorik esan. Elkarrizketa bat eman du Frantziako Monte Carlo Doualiya irratian, eta adierazi du Oman ez dagoela ados bidesariak ezartzearekin. Prest agertu da, halere, «ingurumen eta nabigazio zerbitzuengatik» diru kantitate bat kobratzeko. «Eskainitako zerbitzuengatik ezartzen diren tarifak borondatez eztabaida daitezke onuradun izango liratekeen herrialdeekin eta enpresekin», gaineratu du.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, bestalde, Omango ordezkariekin bildu da Parisen, eta horren ostean, adierazi du Frantziak lagundu egingo duela Teheranek itsas blokeoa ezartzeko Ormuzen jarritako minak kentzen. Bada, Gharibabadik X sare sozialean erantzun dio Teheranek ez duela halakorik onartuko: «Islamabadeko memorandumean jasotzen den bezala, Ormuzko minak kentzea Iranen erantzukizuna baino ez da». Hori berretsi du, gainera, Albusaidik, irratian egin dioten elkarrizketan.
Bilera, airean
Trumpek atzo gauean esan zuen AEBetako ordezkariak Dohara joango zirela gaur Iranekin biltzeko. Truth Social bere sare sozialean zabaldu zuenez, «Iranen desnuklearizazioaren gainean eztabaidatzeko» bilduko dira gaur bi aldeak. «Agian eztabaida garrantzitsua izango da, eta agian ez», adierazi zuen. Iranek eta Qatarrek, ordea, ukatu egin dute Irango eta AEBetako ordezkariak Dohan bilduko direla.
Izan ere, Irango ordezkariak ere Dohara joan dira gaur Qatarrekin elkartzeko. Baina Eesmail Baqaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak Irango Irna albiste agentziari adierazi dioenez, ez dira AEBekin biltzera joan. Azpimarratu du bidaiaren helburu bakarra Irani blokeatu zizkioten aktiboen gainean eztabaidatzea dela, eta gaineratu du asteon ez dutela «inolako bilerarik edo negoziazio saiorik» egingo AEBekin. Baqaeik nabarmendu duenez, Teheranen lehentasuna bi aldeek adostutako memorandumean jasotakoak «betetzea» da, eta, haren hitzetan, horri xehe erreparatzeko bidaiatu dute Dohara.
LAU HILDAKO IRANEN, BI ERASO «TERRORISTATAN»
Irango hedabideek zabaldu dutenez, gutxienez lau lagun hil dira bart Iranen izandako bi «eraso terroristatan». Irango Guardia Iraultzaileko bi kide hil dira Kermanxah probintzian, gizon batzuek haien etxeak tirokatu ostean. Sistanen, berriz, beste bi lagun hil dira autoan zihoazela, erasotzaileek ibilgailua tirokatu ostean. Irango agintariek «AEBetako eta Israelgo mertzenarioei» egotzi die erasoak egin izana.