Nekazari txikien sare handia

Tanzaniako 1.500 nekazari txiki elkartu dira Njomben lau egunez. Krisiari so, euren duintasunari eutsi, eta multinazionalen nekazaritza negozioa munduan bizkortu nahi duen sistema neoliberalari aurre egitea izan dute helburu.

Tanzania. Nekazariak.
Haur bat, Tanzaniako baserri bateko baratzean. OSKAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Hiru hamarkadaren ondoren, 300.000 baserrik osatzen dute Mviwata. Halaxe esan du Stephen Ruvuga zuzendariak bilkuran. Baserritarren defendatzailea baserritarra bera dela dute lelotzat, eta hezkuntzari esker lortu duten batasuna baliatzen dute aurrera egiteko, «izugarrizko indarra da» dio Ruvugak. Tanzaniako nekazaitza eremu guztietatik iritsi dira batzarkideak, autobus bidaia ere euren kabuz ordainduz. Bizitzeko oinarrizkoenak diren ondasunak eurek ekoizten dituzte. Nekazarien eskuek bizitza zaintzen dute irakur liteke pankarta batean. Euren garrantziaz jabetu dira honezkero, baita erronkak gainditzeko, batasunak eta elkartasunak duten garrantziaz ere. «Euren bideak dituztela aldarrikatu dute bileran», azaldu du Theo Piusek, batzarreko komunikazio arduradunak.

Politika neoliberalen magalean, baserritarrei ongarriak eta pestizidak salduz, edota horien gaitasuna hobetzeko aitzakiarekin, mozkin itzelak irabazi nahi dituzte nekazaritza arloko enpresek, eta, hori errazteko baserritar txikiak mespretxatzen dituzte, produktibitate eskasa dutelakoan. Hori da testuingurua Piusen esanetan. Baina egoera horri aurre egiteko, ehunka nekazari txiki bildu dira, eta elkarri ematen diete alternatiben berri. «Baserritarrek agroekologia nahi dute, eta orain nahi dute, baita elikadura burujabetza eta bertako haziak ere, euren bankua ere nahi dute [hala jaso dute batzarraren osteko ebazpen batean], banku komertzialak ez baitira haien errealitateei egokitzen», azaldu du Piusek.

Sei lehentasunak

Adostu duten plan estrategikoak sei ardatz nagusi ditu: duintasuna; agroekologia eta burujabetza; lurraren jabe izateko eskubidea; justizia ekonomikoa; genero justizia; eta erakundeen hazkundea. Duintasunaren lehentasuna adibide batekin azaldu du Piusek: «Tanzaniako Gobernuko kideak gonbidatu ditugu, baina, batzarrak 1.500 baserritar elkartu baditu ere, ez dira etorri, agerian utziz nekazariek badituztela baztertuta sentitzeko arrazoiak». Agintariek entzun ez badituzte ere, nekazariek batzarra baliatu dute beren errealitateei buruz mintzatzeko, eta hainbat hutsune salatzeko: gizarte zerbitzu nahikorik ez, lurharrapaketak, eta euren ekoizpenek merkatuan dituzten prezio apalak.

«Nekazaritza negozioa da, baina ez da gure negozioa, enpresena baizik, haiek jasotzen dute gure izerdiaren ordaina».

THEO PIUSBatzarreko komunikazio arduraduna

«Nekazaritza negozioa da, baina ez da gure negozioa, enpresena baizik, haiek jasotzen dute gure izerdiaren ordaina», kritikatu du Piusek kide gazteenekin egindako bileran. «Bezero bihurtu nahi gaituzte, haziak, ongarriak eta dena euren eskutik jaso ditzagun», erantzun dio zutituz Dodomako Ozinyeli Benego baserritarrak. Hazi komertzialek kimikoak behar dituzte gainera, eta horiek denak ordaindu ondoren, merkatuan ezarritako prezioak direla-eta, uzta saldu ondoren pobrezia gorrian jarraitzen dute. Gazte askok hirira ihes egiten dute, bestelako irtenbideen bila. «29 edo 30 urterekin pobreziaren gatibu ikusten dituzte nekazaritzatik bizi diren gurasoak, eta ez dute egoera horretan bizi nahi, eta gazteek alde egiten badute, herrietan ez da lasaitasunik egonen. Hala, oso erraza izango zaie nekazaritzatik aberasten direnei, baserri eta lur horiek atxikitzea», azaldu du Piusek atsekabez. Gaitza eta sintomak bereizi dituzte, ordea, eta argi dute nekazariek jasaten duten arazoen gibelean dagoela esplotazio sistema globala.

'Mbegu ya asili'

Bertako haziak ekoitzi eta nekazari txikien mesedetarako diren tresnak erabiltzera engaiatuta daude. «Prest!», dio Ozinyelik. Bertako haziak zabaldu eta partekatzen ditu. Bere helburua da familia «kapitalismoaren pozoietatik libratzea».

Baserritarren agroekologia denekoa oinarrizko gaia izan da elkarrizketetan. Ezin da esan bilera hau inflexio puntua izan denik, urteak baitira lur eta ongarrien zaintza lantzen ari direla, baina bilera honetan irmo azpimarratu duten gaia da.

Belaunaldiz belaunaldi landutako ezagutzak dituzte hainbat baserrik ongarri gisa simaurra eta ardaxka lehorrak baliatzeko, baina ikasketak sakontzen eta zabaltzen ari dira Mviwataren bultzadaz. Njombeko Olivia Kinyekilek bere baserrira eraman du kazetaria, bere eskuek «bizitza nola zaintzen duten» erakusteko. Artoa bildu ondoren, landarearen soberakinak behien simaurrarekin nahasten ditu astiro-astiro ukuiluan, oilo eta ahateen laguntzaz. Lan nekeza bada ere, onurak baino ez omen ditu jasotzen. «Bat, saldu egiten duzu eta irabaziak lortzen dituzu; bi, baratzean lurra zaintzeko balio du; hiru, barazki oparoak biltzen dituzu; lau, fruta oparoak ere bai», azaldu du. 28 urte ditu, eta senideetan zazpigarrena da: Mviwata erakundearen lanaren adibide bizia.

Gazteen bileretan ikasi zuen bere gurasoei lur zati bat eska ziezaiekeela, eta, orain, eginaren eginez, baserria kudeatzen eta nekazari txikien produktuak merkaturatzeko dauden arazo sistemikoei aurre egiten ikasten ari da. Ez da bakarra. Gazte gehiago ere joaten zaizkio, ikastera. Artoa ereitean baliatzen duen hazia ere bertako baliabidea da. «Irina oso ona ateratzen da eta eskualdeko euri ugariei bereziki egokitutako hazia da».

Beharraren beharrez, haziak ekoitzi eta zabaltzeko erabakiarekin batera, euren kudeaketa sistemak sortzen ari dira. Prozesu bat da, baina sistema horiek oso ondo zabaltzen ari direla dio Piusek. Tanzanian janaria ekoizteko erabiltzen diren hazi gehienak baserritarrek kudeatutako sistema lokalek sortzen dituzte, izan ere, Tanzaniak ez baitu eskala handiko nekazari askorik. «Sistema atzerakoiak direla esaten du enpresa handien aldeko propagandak, baina ez da egia, sistema erresitenteak dira, baserritarren ingurunera egokitzen direnak, horien eskubideak babesten dituztenak, eta ingurumena eta kultura babesten dituzte», dio comrade Theok.

«Tanzaniak baserritar txikiak ditu, gehiengoa dira eta herrialdea eraikitzen dute, eta baserritar antolatuak dira, beraz, patua aldatu ahal dute». NJOMBEKO OLIVIA KINYEKILNekazaria

Batzar nagusiaren ateak irekiz, mundu zabaleko oinarrizko mugimendu eta erakundeekin elkartasuna abiarazteko gogoa erakutsi dute. Kausa palestinarra etengabe present izan dute lau egunotan eta Brasil, Ghana, Boli Kosta eta Hego-Afrikako mugimendu panafrikanistak ere gonbidatu dituzte munduko askapenaren helburuaz eztabaidatzeko. Hala ere, eguneroko lanak eta kanpainak herrietan eta baserritarren taldeetan egiten dituzte. Maiz ehunka biltzen dira duintasuna, batasuna, heziketa eta baserritarrak berak sortutako bideen finantza antolamenduak sustatzeko.

Etorkizunari begira bi aukera deskribatu ditu gazteak. Lehenengoa beldurgarria: «Gure erara bizitzen eta alternatibak eraikitzen ditugun bitartean, haiek prozesua bahitzen saiatzen dira, naturan oinarritutako konponbide eta energia garbien aitzakiaz. Bigarrena argiagoa: «Tanzaniak baserritar txikiak ditu, gehiengoa dira, eta herrialdea elikatzen dute, eta baserritar antolatuak dira; beraz, patua aldatu ahal dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.