Nicolas Sarkozy da inoiz kartzelan sartu duten EB Europako Batasuneko herrialde bateko lehen presidente ohia. 2007tik 2012ra Frantziako gobernuburua izandakoa gaur sartu da La Sante espetxean, hiriburuaren hegoaldean, 10:00ak inguruan. Parisko auzitegi batek bost urteko zigorra ezarri zion irailean, egotzita Muanmmar Gaddafi 42 urtez Libiako buruzagi izan zenak laguntza eman izana 2007ko presidentetzarako bozetarako kanpaina finantzatzeko.Â
Presidente ohiak dio errugabea dela, eta, hain zuzen, haren abokatu Christophe Ingrainek BFMTV telebista kateari esan dio aske uzteko eskatuko dutela laster. «Espetxean gau bat igarotzea ere gehiegi da». Defentsak helegitea jarri zion epaiari, baina zigorra ezarri zuen auzitegiak zera deliberatu zuen: apelazio auzitegiak horri buruz ebatzi aurretik kartzelatzea Sarkozy, delituaren «larria» zela eta.
Ikusi gehiago
Behin askatzeko eskaera eginda, auzitegiak bi hilabeteko epea izango luke erabakitzeko aske utzi edo ez. «Objektiboki, ez dago arrazoirik apelazio auzitegiak eskaerari uko egin diezaion», adierazi du Ingrainek. Apelazioari buruzko epaiketa martxoan hastekoa da.
kartzelatzearen baldintzak
Beste presoekin egongo da?
Ez. Frantziako espetxe zuzendaritzak uste du pertsona jakin batzuentzat —esaterako, buruzagi politikoentzat eta hedabideetako jende esanguratsuarentzat— arriskutsua izan daitekeela egunerokoan beste presoekin batera egotea.Nolakoa izango da haren ziega?
Ez dute horren berri eman, baina, Frantziako hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuta kaleratu dutenez, VIP deitzen dioten eremuan egongo da. Hartan, elkarren berdin-berdinak diren bederatzi metro koadroko hemeretzi ziega daude, eta horietako batean egongo da Sarkozy, bakarrik. Komun bat, idazmahai bat, dutxa bat, telebista bat, eta nahieran erabili ahal izango duen telefono finko bat ditu han.Zer egin ahalko du espetxean?
Esaterako, VIP eremu horretako patiora, gimnasiora eta liburutegira joateko aukera izango du, eta ziegatik ateratzen den bakoitzean hango funtzionario bat izango du ondoan.Zenbat bisita edukiko ditu?
Horretan ere abantailak edukiko ditu preso arrunten aldean. Izan ere, astean bisita bat ez, baizik eta hiru hartu ahalko ditu.Nolakoa da La Sante kartzela?
2019an berritu zuten, giza eskubideak errespetatzeari dagokionez EB Europako Batasunak ezarritako baldintzak betetzeko. Dena den, FO sindikatuaren arabera, gainpopulatuta dago:Â okupazio tasa %190ekoa da, eta ehun presok baino gehiagok lurrean lo egiten dute.
Sarkozy 09:10 inguruan atera da etxetik, Parisko XVI. barrutitik, senideak ondoan zituela. Hain zuzen, semeetako batek mezu bat zabaldu du sare sozialetan, eta, hartan, elkarretaratzera deitu ditu bere aita babestu nahi zutenak. Horregatik, 08:30 ingururako, ehun bat lagun bildu dira Sarkozyren bizitokiaren inguruan. Ondoren, presidente ohia zeraman ibilgailua moto batzuk atzetik zituela joan da La Santera, XVI. barrutian.

Erruduntzat jo zutenean, Sarkozyk esan zuen ez zela kartzelaren beldur, eta «burua tente» zeukala sartuko zela espetxera. Hain zuzen, hori bera esan zuen igandean La Tribune de Dimanche egunkarian, elkarrizketa batean. Le Monde-k ere hitz egin zuen harekin, eta egunkari horri jakinarazi zion zer hiru liburu zen eramatekoa —espetxealdiko lehen astean hiru eraman daitezke gehienez—: Jesu Kristori buruzko biografia baten bi liburukiak, eta Le comte de Monte-Cristo, Alexandre Dumasena. Hain zuzen, eleberri klasiko horretako protagonistak uharte batean dagoen kartzela batetik ihes egiten du. «Nire bizitza nobela bat da, eta kalbario hau, berriz, haren parte», adierazi zion Le Monde-ri. «Desagerrarazi nahi ninduten, baina, honen ondorioz, berriro jaioko naiz».
«Martiria»
Irailaren 25ean, elkartze bidegabeagatik zigortu zutenean, Sarkozy kexatu egin zen auzitegian bertan, hedabideen aurrean. Besteak beste, adierazi zuen gertatutakoa «egundoko injustizia» zela, «eskandalu hutsa». Are, ondorengo asteetan ere mezu hori plazaratzen aritu da hedabideetan; bideo bat ere zabaldu zuen orain aste batzuk, frantziarrei emandako «babesa» eskertzeko. Egin dituen adierazpenak aintzat hartuta, komunikabide batzuek «San Sarkozy martiria» deitu diote.
Hura da espetxeratu duten Frantziako lehen presidente ohia. Bada, ostiralean, egungo presidentearekin elkartu zen Eliseoan, Emmanuel Macronekin. Estatuburuak berak eman zuen bileraren berri, atzo, Eslovenian Mediterraneo inguruko beste herrialde batzuetako liderrekin egindako batzarraren ondoren. Haren esanetan, «ikuspegi humano batetik normala» da egungo presidentea aurretik kargu horretan egon zen batekin biltzea.
Gerald Darmanin Justizia ministroak Sarkozy bisitatzeko asmoa dauka. Hori jakinarazi zuen atzo, France Inter irrati katean egin zioten elkarrizketa batean, eta argudiatu zuen, batetik, ezin duela «bihozgabe» jokatu «sufrikarioa» ikusita; eta, bestetik, Justizia ministroa nahi duenean joan daitekeela kartzela batera, «ziurtatzeko zerbitzu publikoek ondo funtzionatzen dutela». LR Errepublikanoak alderdiak primarioak egin zituenean 2017ko presidentetzarako bozen atarian, Sarkozyren kanpainaburua izan zen Darmanin.
Ustelkeria dela eta, beste bi kasutan zigortu izan dute Frantziako presidente ohia; gainera, beste hainbat auzibidetan nahasita egon da.