Katalunia. Elkarrizketa. Marcel Mauri eta Agusti Alcoberro. Omnium Culturaleko bozeramailea eta ANCko presidenteordea

«Orain hasten da dena; errepublikari edukia eman behar zaio»

Kataluniako Parlamentuarena «pauso kualitatibotzat» dute Maurik eta Alcoberrok, baina, hori «indartzeko», uste dute ezinbestekoa dela herritarren arteko kohesioa, independentistena eta unionistena.

jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuko saioa bertatik bertara jarraitu dute Marcel Maurik (Badalona, Katalunia, 1977) eta Agusti Alcoberrok (Pals, Katalunia, 1958). Jordi Cuixarten eta Jordi Sanchezen lekukoa hartu behar izan dute horiek kartzelatu ostean; Omnium Culturaleko bozeramailea eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordea dira, hurrenez hurren. Kataluniako Errepublika aldarrikatu ostean, korridoreetan, tarte bat hartu dute BERRIAren galderei erantzuteko. Lehen elkarrizketa une historiko baten ostean.

Kataluniako Errepublika aldarrikatu berri du parlamentuak. Orain, zer?

MARCEL MAURI: Orain hasten da dena. Gaur hasten da hainbat belaunalditan irrikaz eta demokraziaz bilatu den proiektu politiko honen eraikuntza. Orain abiatzen da ekintza horren gauzatze politikoa. Errepublikari edukia eman behar zaio, gure herrialdea eta gizartea kohesionatzen jarraitu behar da, erreferendumarekin askatu diren hariak josi egin behar dira, pixkanaka, lasaitasunez eta baretasunez.

AGUSTI ALCOBERRO: Parlamentuak Kataluniako Errepublika onartu izanak salto kualikatibo bat ematea esan nahi du. Beste logika batean sartzen gara; Europan eta nazioartean. Edozein kasutan, lanean jarraituko dugu, gobernuarekin eta gehiengo parlamentarioarekin, gaur egindako urratsa sendotu ahal izateko eta, aldi berean, edozein prosesu errepresiboren aurrean borrokan jarraitu ahal izateko.

Espainiako Senatuak jada onartu du 155. artikulua. Zer aurreikusten duzue gertatzea?

M. M: Espainiako Estatutik iragarri duten errepresioari erantzuteko inportanteena da guk ahalik eta batuen eta bloke demokratiko baten babesean erantzutea.

A. A: Eta bide horretan espero dugu ez egotea soilik gaurko bozketan errepublika babestu dutenak, baizik eta historikoki jarrera demokratiko eta antifaxista izan duten beste alderdiak ere.

Dolors Sabater Badalonako En Comuko alkateak, horren harira,konpromisoa hartu du errepublikaren bide orria betetzeko alkateen aurrean.

M. M: Bai. Eta uste dugu oso inportantea dela aurrerantzean ahalik eta konplizitate gehiena batzea. Uste dugu bide onean gaudela, eta espero dugu datozen egunetan horrelako gehiago ikusi ahal izatea, gizarte zibiletik behintzat elkar harturik egingo dugu lan hori horrela izan dadin. Plurala den herrialde batean bizi gara, gaur modu baketsuan eta alaian ari dena independentzia ospatzen, eta litekeena da bihar edo igandean beste jende bat ateratzea kalera, gaur kalera atera direnak bezain katalan sentitzen direnak, esango dutenak nahiago zutela Espainiako Estatuaren barruan geratu izana, eta erronka da errepublika bat eraikitzea pertsona horiekin guztiekin, denok dugulako herrialde honetan bizitzeko eskubidea. Urte asko behar izan dira independentismoa gaurkoa bezalako egun batera iristeko. Eta gehiengoarena den proiektu politiko honek sekula ez du ahaztu behar katalan sentitzen diren eta gaur sentimendu kontraesankorrak dituztenak herrialde honetan ere lekua dutela.

A. A:Espero dugu laster independentista izateari uztea. Independetismoa ez da ideologia bat, proiektu politiko bat da, eta harekin egiten dugu bat ideologia oso ezberdineko pertsonak, beraz, orain etorriko dena da normaltasun bat; estatu bat izango gara, nazio bat, non ez diren independentistak egongo, jada independenteak garelako. ANCk bere estatutuetan jasotzen du egunen batean desegiteko borondatea, eta espero dugu ahalik eta azkarren izatea hori. Gustura egingo dugun zerbait da.

M. M: Agian esklusiba bat ematen ari zara: «ANC jada disolbatu egin da». [Barrez].

A. A: [Barrez]. Desio eta borondate bat erakusten du, eta uste dut gaur urrats inportante bat egin dugula; egun erabakigarria da.

Nola bizi izan dituzue azken orduak, azken egunak...

M. M: Intentsitatez. Sufrimenduarekin tarteka, jateko gogorik gabe... Sentimendu nahasketa etengabea izan da; Jordien atxiloketarekin, tristura —Jordi Cuixart lagun mina daukat—, baina baita estatuak gatazka honi elkarrizketaren bidez erantzuteko gaitasun eza ikustea ere. Aldi berean, ilusioa eta itxaropena, jendeagatik, historiako beste atal bat hasten delako, etapa politiko berri bat abiatu delako, eta seguru gaude positiboa izango dela jende guztiarentzat, pentsatzen dutena pentsatzen dutela.

A. A: Auzitegi Nazionalak hilaren 16an hartutako erabaki batengatik, ardura bat hartu behar izan nuen, bi egun lehenago erakundeko idazkaritza nazionalak presidenteorde izendatu ninduenean; biharamunean Jordi Sanchezekin abiatu nintzen Madrilera, eta asteartean bakarrik itzuli nintzen. Ardura handia da, egun batetik bestera horrelako kargu bat hartu eta ikasteko astirik gabe zurrunbiloan sartzea...

Nola daude Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez?

M. M: Nik duela pare bat egun hitz egin nuen Cuixartekin, eta ondo daude, indartsu daude. Interes handiarekin ari dira jarraitzen gertatzen ari dena, eta itxaropenarekin, egoera gogor batean badaude ere, ikusten ari direlako Katalunia aurrera egiten ari dela. Eta hori da inportantea.

A. A: Indartsu daude, moral handiarekin, borrokarako kemena helarazi digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.