Neurri batean, behintzat, Washingtonera joan aurretik zuen helburua beteta itzuliko da Viktor Orban Hungariako lehen ministroa Budapestera. Donald Trump AEBetako presidentearekin bildu da gaur Etxe Zurian, eta hark atea ireki dio Hungariak Errusiako energia erosten jarraitzeari, nahiz eta AEBek zigorrak ezarri dizkieten Errusiako bi petrolio enpresa nagusiei. «Noski, aztertzen ari gara aukera hori, haientzat oso zaila baita petrolioa eta gasa lortzea beste leku batzuetan. Dakizuen bezala, ez du itsasorako sarbiderik», erantzun dio Etxe Zuriko maizterrak kazetari bati, alboan Hungariako eskuin muturreko lehen ministroa zuela. Zigor horiek azaroaren 21ean dira indarrean sartzekoak.
Kontuan hartu behar da bi energia iturri horiek eskuratzeko orduan Errusiarekiko erabateko mendekotasuna duela uneotan Hungariak; izan ere, handik iristen dira kontsumitzen duen gasaren %85 eta petrolioaren %65. Orbanek nabarmendu du, hitza hartu duenean, bileraren xedeetako bat zela Trumpi azaltzea zein ondorio izango lituzkeen hungariarrentzat eta hango ekonomiarentzat Errusiari energia ez erosteak. «Gasbideen menpe dago gure herrialdea». Goizean Kossuth Hungariako irrati katean egin dioten elkarrizketan esan du zigorretatik salbuesten ez badute prezioen igoera bat gertatuko litzatekeela Hungarian, eta hori «arazo larria» bilakatuko litzakeela familientzat eta enpresentzat.
Salbuetsita geratzeko, Orbanek «irtenbide batzuk» proposatuko dizkio Trumpi. Ez du jakinarazi horiek zeintzuk diren. Hungaria da Errusiak EB Europako Batasunean duen aliatu nagusia. Horren harira, lehen ministroak azpimarratu du agerraldian gasbideak «errealitate fisiko bat» direla, ez «auzi ideologiko bat».
Kontuan hartu behar da AEBek urriaren 22an hartutako erabakia. Jakinarazi zuen zigorrak jarri zizkiela Rosneft eta Lukoil Errusiako bi petrolio enpresa nagusiei, argudiatuta Errusiak ez duela Ukrainako gerra amaitzeko «bake prozesu bat» hasteko orduan «konpromiso seriorik». Trump azken hilabeteetan eskatzen ari da Europako herrialdeei ez diezaiotela Errusiari energia gehiago erosi. Iruditzen zaio modu horretan Errusiaren gerra makineria finantzatzen ari direla. Halere, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, EBk, oro har, nabarmen apaldu du handik inportatutako energia. Talde komunitarioaren datuen arabera, 2021ean inportatutako petrolioaren %22 Errusiatik iristen zen, eta orain %2 besterik ez da; gasari dagokionez, %41 zen 2021ean, eta %11 egun.
Beste kontu bat ere egon da gaur mahai gainean: Vladimir Putin Errusiako presidentearen eta Trumpen arteko bilkura bat. Izan ere, AEBetako presidenteak proposatu zuen urriaren 16an Budapesten egitea bilera hori, eta Hungariako lehen ministroak uste du Ukrainako gerra amaitzen lagundu dezakeela. «AEBen eta Errusiaren arteko negoziazioetan pare bat kontu daude argitzeko. Horiek konpontzen badituzte, posible da egun batzuen buruan Budapesten bake goi bilera bat egitea», adierazi dio Orbanek Magyar Nemzet Hungariako egunkariari, Washingtonera bidean zenean.
Bozei begira
Trump Putinekin biltzekoa zen berriro, bai —abuztuaren 15ean batzartu ziren azkenekoz, Alaskan (AEB)—, baina estatubatuarrak bertan behera utzi zuen bilera hori urriaren 22an; orduan azaldu zuen ez zuela «alferrikako bilerarik» egin nahi, ezta «denbora galtzen» ibili ere. Gaur horri buruz galdetu diote, eta erantzun du bilera bat egitekotan Budapesten egin nahi lukeela, baina orain ez duela halakorik egiteko motiborik ikusten.
Horren guztiaren harira, Hungariaren aldeko salbuespen bat lortzea garrantzitsua da Orbanentzat. Izan ere, prezioak garestitzeak ez lioke mesederik egingo datorren urteko bozetarako.Trump-Putin bilera antolatzeak ere lagun diezaioke. Apirilean dira egitekoak Hungariako Legebiltzarreko hauteskundeak, eta, azken inkesten arabera, Fidsez Orbanen alderdiak lehen postua galduko du. Republikon eta Zabecz etxeek urriaren amaieran egindako galdeketen arabera, Peter Magyar Tisza Errespetua eta Askatasuna alderdi kontserbadoreak lortuko luke boto gehien. Fidsez alderditik atera zen Magyar, eta Orban lehiakide nagusia izango da datorren urteko bozetan.