Mendebaldeak beste ahalegin bat egin du zigorren bidez Errusia estuago hartzeko

AEBek zigorrak ezarri dizkiete Errusiako bi petrolio enpresa nagusiei: Rosnefti eta Lukoili. EBk Moskuren kontrako hemeretzigarren zigor saila onartu du, aho batez. Errusiak esan du ez dagoela kezkatuta.

Lukoil enpresaren gasolindegi bat, Moskun, irailaren 22an. JURI KOTXETKOV / EFE
Lukoil enpresaren gasolindegi bat, Moskun, irailaren 22an. JURI KOTXETKOV / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 23a
11:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek eman zuten lehen pausoa atzo gauean, Rosneft eta Lukoil Errusiako bi petrolio enpresa nagusien aurkako zigorrak iragarriz. Eta EB Europako Batasunak jarraipena eman dio jokabide horri gaur goizean, Europar Kontseiluaren bilera hasi aurretik, Moskuren kontrako hemeretzigarren zigor saila onartuz, aho batez. Beraz, jakinik Errusiak neurri handi batean energia salduta finantzatzen duela bere burua eta bide batez Ukrainaren aurkako gerra ere bai, Mendebaldeak beste ahalegin bat egin du hura ekonomikoki estuago hartzeko.

Washingtonek argudiatu du neurri hori hartu duela Errusiak ez duelako «konpromiso seriorik» Ukrainako gerra amaitzeko «bake prozesu bat» hasteko. Hori nabarmendu zuen Scott Bessent Altxorraren idazkariak ohar batean, eta areago joan zen. «Putin presidenteak [Vladimir, Errusiakoa] ez duenez zentzurik gabeko gerra hau amaitu nahi, Altxorra Errusiako bi petrolio enpresa handienak zigortzen ari da; horiek finantzatzen dute Kremlinen gerra makineria».

Baina Errusiak erantzun du ez dagoela kezkatuta, AEBen zigorrek ez dutela «arazo jakin bat» eragingo, «Mendebaldearen murrizketen aurrean immunitate sendo bat» garatu dutelako. Hori azpimarratu du gaur agerraldi batean Maria Zakharovak, Atzerri Ministerioaren bozeramaileak. Esan du, bide batez, «kontraesana» dela Washingtonek neurri hori hartzea Ukrainako gatazkaren negoziazioetan aurrerapausoak eman nahi baldin baditu. Eta bi herrialdeen arteko harremanari ez diola mesederik egingo gehitu du Putinek. EBren zigorrei dagokienez, Zakharovak aurreratu du halako «konfiskazioek» ondorio bat izango dutela: «Erantzun mingarri bat». 

Azken hilabeteetan, Donald Trump AEBetako presidenteari iruditu izan zaionean Errusiak ez duela jokatu berari gustatuko litzaiokeen bezala, haren kontrako zigor masiboak iragarri izan ditu. Eta Etxe Zuriko maizterra gaur-gaurkoz ez dago pozik Putinen jarrerarekin. Beste batzuetan beste auzi batzuekin gertatu bezala, egun batzuen buruan aldatu da haren jarrera. Joan den ostegunean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin Washingtonen batzartu bezperan, jakinarazi zuen Putinekin hitz egin zuela telefonoz, eta adostu zutela laster Budapesten biltzea. Egun batzuk geroago, ordea, asteartean, bertan behera utzi zuten bilera egiteko asmoa; Trumpen beraren esanetan, ez duelako «denbora galtzen» ibili nahi.

Hurrengo egunean, atzo, Errusiak eraso masibo bat egin zuen Ukrainan, eta gutxienez sei pertsona hil. Ordu batzuk geroago heldu zen AEBen erabakia. «Petrolio asko ekoizten dute, eta espero dugu zigorrek presio egitea Putinek modu zentzuzkoago batean joka dezan; Zelenskik ere bai», adierazi zuen Trumpek atzo.

Errusiak bi kazetari hil ditu Donetsken

Ukrainako bi kazetari hil dituzte herrialde horren ekialdean, Donetsk eskualdeko Kramatorsk hirian. Hango administrazioak emandako informazioaren arabera, Errusiak jaurtitako drone batek jo du ibilgailua; Freedom telebista kate publikoko bi kazetariak barruan zihoazen. Kate horrek batez ere errusieraz emititzen du. Errusiako indarrak ahaleginean ari dira hiri hori hartzeko.

Rosneftek eta Lukoilek gas naturala eta petrolioa erauzten eta komertzializatzen dute; baita petroliotik eratorritako produktuak ere. Errusiak ekoizten duen petrolioaren erdia ekoizten du Rosneftek; munduko produkzioaren %6 inguru. AEBek lehenagotik jada zigortuta dauzkate bi enpresa horiek, baina, oraingoan, zigorrek enpresa horien filialei eragingo diete, eta enpresa horiekin lotura duten enpresei —gutxienez %50eko parte hartzea eduki behar dute horietan, zuzenean edo zeharka—. 

Zigor horien ondorioz, hortaz, AEBetan dituzten ondasun eta interes guztiak blokeatuko dizkiete enpresa horiei, eta AEBetako norbanakoek eta enpresek ezingo dituzte merkataritza akordioak egin enpresa horiekin, besteak beste.

«Egun handia»

EBk ezarritako zigorrei dagokienez, aurreikusten dute, hasteko, pixkanakako beto bat ezartzea Errusiatik inportatutako gas natural likidotuari: iturri diplomatikoak aipatuta zenbait hedabidek kaleratu dutenez, 2026ko apiriletik aurrera epe motzeko kontratuei, eta 2027tik aurrera epe luzeko kontratuei. «Gaurkoa egun handia da Europarentzat eta Ukrainarentzat», azpimarratu du Danimarkako Atzerri ministro Lars Lokke Rasmusenek, sare sozialetan —talde komunitarioaren txandakako presidentetza dagokio Danimarkari—. Kontuan hartu behar da, gainera, EBk astelehenean adostu zuela 2028tik aurrera Errusiako gas inportazioak etetea.

Beste zigor batzuk ere onartu ditu klubak. Esaterako, beste 117 ontzi sartu ditu Errusiaren itzalpeko ontzidiaren zerrendan. Zigorrak saihesteko «legez kanpoko operazioak» egiten dituzten ontziak biltzen ditu EBk kontzeptu horren barruan. Horren bidez, Errusiako 558 ontzi zigortu ditu guztira. Gainera, talde komunitarioak erabaki du Errusiako diplomazialariek estatu kideen artean egin ditzaketen mugimenduak murriztea, eta Errusiari zigorrak saihesten «laguntzen» dioten beste 45 enpresa zigortu ditu: horietatik hamabi Txinan daude, esaterako. Eta Pekinek gaitzetsi ditu AEBek ezarritako zigorrak, argudiatuta ez daudela oinarrituta nazioarteko zuzenbidean.

Zelenskik, aldiz, txalotu egin ditu. «Zigor sorta hau ezinbestekoa da guretzat. Eskerrik asko», adierazi die gaur kazetariei Bruselan, Europar Kontseiluaren bilerara iristean. Horretan mahai gainean egongo diren gaietako bat da nola jarraitu Ukrainari laguntzen. Bilkuran zehar Zelenskik eskatu du Moskuri presio gehigo egiteko.

Hain zuzen, Bruselan bilkura hori egiten ari ziren bitartean, Lituanianiak salatu du Errusiako bi hegazkin bere aire espazioan sartu direla. Erantzun gisa, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren erakundeak Espainiako bi hegazkin bidali ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.