Kolpea hartu du Viktor Orban Hungariako lehen ministroak, eta orbainduta amaitu du azkenerako. Atzo egin zituzten herrialdeko parlamenturako bozak, eta Tisza alderdiko Peter Magyar oposiziokide kontserbadoreak irabazi ditu; hala, «erregimen mafiosoa» aldatzeko prest dagoela ziurtatu du gaur emandako hitzaldi batean. Lortutako babesak bide emango dio Orban ultrak lau agintaldiz ezarri dituen lege eta neurriak bertan behera uzteko; izan ere, botoen %53 eskuratuta, ganberako ordezkarien bi heren baino gehiago haren alderdikoak izango dira: 199tik 137. Nazioarteko harremanei dagokienez, Magyarrek gaur iragarri du Hungariak beste jarrera bat izango duela. EB Europako Batasunera hurbilduko dela hitzeman du, baita Nazioarteko Zigor Auzitegira itzuliko dela ere.
Hauteskunde kanpainan, Orbanen gobernuari ustelkeriaz aritzea leporatu izan dio Tisza alderdiko buruak behin eta berriz. Eta «talde kriminal antolatu» batek zuzendutako herrialdea aldatzeko ordua dela nabarmendu du gaur, behin bozak irabazita. «Zuzenbide estatu demokratikoan oinarritutako herrialde bat eraiki nahi dugu, adinekoak errespetatzen dituena, eta adingabeak eta jabetza pribatua babesten dituena».
Halaber, esan du trantsizio «azkarra eta laburra» izatea nahi duela, eta Tamas Sulyok herrialdeko presidenteari eskatu dio prozesua azkartzeko. Behin parlamentu berria osatuta, presidenteak lehen ministrogai bat proposatu behar du, eta ganberaren erdiak bozkatu behar du hautagaiaren alde. Espero da maiatzaren amaierarako Magyarrek gobernua osatu ahal izatea.
Aintzat hartzekoa da Fideszetik ateratakoa dela lehen ministro izango dena, Orbanen alderditik bertatik, eta moderatuagoa izanagatik ere, zenbait kontutan bat egiten duela Orbanen politikekin. Fideszen «alderdi-estatu» eredua desegin eta «zuzenbide estatua» berrezarriko duela hitzeman du, baina, immigrazio politikei dagokienez, ultraren ildoei eutsiko die Magyarrek. Besteak beste, gaur baieztatu du ez dituela kenduko Orbanek 2015ean hegoaldeko mugan jarritako hesi arantzadunak.
Magyarrek gaineratu du Nazioarteko Zigor Auzitegira itzuliko dela Hungaria. Orbanek epaitegi hori uztea erabaki zuen, 2024ko azaroan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua eman zuelako. Halere, gaur aurreratu duenez, agintari berriarekin ez da aldatuko Budapesten eta Tel Aviven arteko harremana.
Bruselarekin duena, ordea, bai. Gaur Magyarrek Budapesten egin du agerraldia, Hungariako banderaz beteriko agertoki batean. Baina, Orbanek ez bezala, bazterretan EBko bi bandera ere jarri dituzte. Izan ere, europazalea da Magyar, europarlamentaria, eta hitzeman du herrialdeak EBko kideekin dituen «liskar guztiak» konponduko dituela.
«Gure herria Europako Batasunean zegoen, dago eta egongo da», esan zuen atzo lehen ministro izango denak, hauteskundeen ostean Budapesten egindako agerraldian. Hungariak, Orban errusiazalearen gidaritzapean, oztopoak jarri izan dizkie talde komunitarioaren erabaki eta politika bateratuei, eta, bide batez, ikusi beharko da Magyarrek blokeoa noiz kenduko ote dion Bruselak Ukrainari eman nahi dion 90.000 milioi euroren maileguari, esana baitu hala egingo duela.
Tisza alderdiaren garaipenak lasaitua ekarri die behintzat EBko kideei eta instituzioei. «Hungariak Europa aukeratu du. Europak beti aukeratu izan du Hungaria. Herrialde batek Europarako bidea erreklamatu du berriro. Batasuna indartu egin da», idatzi zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ingelesez eta hungarieraz, sare sozialetan. Era berean, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak adierazi zuen «estuki» aritu nahi duela Magyarrekin, «Europa toki sendoago eta oparoago bat bilakatzeko».
2Lehen ministroek, gehienez, zenbat agintaldi egin ahal izatea duen asmo Magyarrek. Viktor Orban berriro agintera iristea saihestu nahi du Peter Magyar lehen ministro izango denak. Horregatik, gaur jakinarazi du bere asmoa dela konstituzio berri batean jasotzea lehen ministroek, gehienez, bi agintaldi egin ahalko dituztela. Orbanek bost agintaldi egin ditu: bat 1998tik 2002ra; eta lau 2010etik 2026ra.
«Hungaria, Polonia, Europa, berriro elkarrekin! A zer garaipena, lagun maiteok! Errusiarrak, ospa etxera!», idatzi zuen atzo, berriz, Donald Tusk Poloniako lehen ministroak, sare sozialetan. Halaber, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak esan zuen «begi bistakoa» dela Tiszak irabazi duela, eta Orban «lagunari» ere eskertu zion azken urteotako «lankidetza bizia».
Bestelakoa izan da Eslovakiaren eta Txekiaren erreakzioa. Hungariarekin batera, bi herrialde horiek EBk Ukrainari eman nahi dion mailegua ez blokeatzea erabaki zuten abenduan, baldintza baten pean: 90.000 milioi euroak gainontzeko kideek finantzatzea, eta ez hiru herrialde horiek —kontua da Ukrainak urtarrilean eten zuela Druzhba oliobidea, eta, horrekin batera, Errusiako petrolioaren hornidura, argudiatuta Moskuren erasoek instalazioak hondatu zituztela; horiek horrela, Orbanek blokeatuta dauka mailegua—. Sare sozialetan, Andrej Babis Txekiako lehen ministroak adierazi du ez dela erraza «Orban bezain etsai gogor bati kontra egitea», eta Magyarrek ezin duela huts egin. Robert Fico Eslovakiako lehen ministro errusiazaleak ere Orbanen gidaritza goraipatu du, eta Magyarrekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du sare sozialetan.
Batera edo bestera, atzoko garaipen zabalak bide emango dio Magyarri Konstituzioa aldatzeko eta Orbanek lau agintaldiz ezarritako lege eztabaidatsuak bertan behera uzteko: hauteskunde sistemaren erreformak, auzitegietako epaileen izendapenei dagozkienak... Bi hereneko gehiengoa lortu du Orbanek lau agintaldiz, eta, orain, Magyarrek etenarazi dio bolada.
Ultrak oposizioan
Fidesz alderdi ultra eta errusiazaleak 55 eserleku baino ez ditu eskuratu atzoko hauteskundeetan —botoen %38,4 lortu ditu—. Orbanek porrota onartu zuen oraindik botoak zenbatzen ari zirenean, gauean Budapesten egindako agerraldi batean: «Irabazi duen alderdia zoriondu dut», esan zien Fideszen jarraitzaileei. «Mingarria zaigu porrota, baina emaitzak argi utzi du ez digutela eman gobernatzeko ardura eta aukera», erantsi zuen, eta berretsi oposiziotik arituko direla: «Ez dugu amore emango». Gure Aberria eskuin muturreko alderdia da ordezkaritza lortu duen hirugarren zerrenda —botoen %5,8 eta sei eserleku lortu ditu—, eta, hortaz, ezkerreko ezein alderdik ez du lortu ordezkaririk parlamentuan.
«Hungariako erregimena eraitsi dugu elkarrekin», esan zuen atzo gauean Magyarrek. Nabarmendu zuenez, «Hungaria demokratikoaren historian inoiz ez du horrenbeste jendek bozkatu», parte hartzea %79,5ekoa izan baitzen —1989an gobernu komunista bertan behera geratu osteko handiena da—. Lortutako gehiengo erabakigarria ere eskertu zuen Magyarrek: «Alderdi bakar batek ere ez du halako sostengua lortu orain arte».
Agintaldi luzea izan du Orbanek; Europako Batasunean agintean urte gehien zeramatzan gobernuburua da. Oposizioa zatituta egon da, eta urte hauetan guztietan ezin izan dio agintea kendu Orbani, harik eta Magyarrek Tiszako lidergoa hartu duen arte. Ibilbide laburreko alderdia da Tisza, duela sei urte sortu baitzuten; Fideszi kontra egiteko bultzada, ordea, duela bi urte lortu zuen, Magyarrek Orbanen alderdia utzi eta Tiszako lidergoa hartu eta gero.
magyarrek Orbanen politiken inguruan duen jarrera
- Ukrainako gerra. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak blokeatua du EB Europako Batasunak Ukrainari hitzemandako mailegua, argudiatuta halako neurriek gatazka hedatuko luketela. Magyarrek, ordea, hitzeman du bide emango diola Bruselaren 90.000 milioi euroko laguntza ekonomikoari, nahiz eta duen asmorik Ukrainari laguntza militarrik emateko.
- LGTBI komunitatea. 2021ean onartutako lege batek debekatu egiten du adingabeen artean homosexualitateaz edo genero aldaketaz aritzea «haurrak babesteko» aitzakian. Hori oinarri hartuta, debekatu egin zituzten sexu berekoen arteko harremanak eta genero aniztasuna agerian uzten zituzten filmak. Magyarrek ez du zehaztu legea bertan behera utziko duenik, baina bai adierazi du ez dutela inor epaituko «desberdina izan edo desberdin maitatzeagatik».
- Migrazio politikak. «Zibilizazioen arteko talka» eragingo lukeela argudiatuta, migrazio politika gogorrak bultzatu izan ditu Orbanek. Baina, aldi berean, lan merkatuko ateak ireki dizkie Asia ekialdeko migratzaileei. Magyar bera ere eskuineko kontserbadorea izanik, ez da migratzaileei mugak zabaltzearen aldekoa.
- Ustelkeria eta justiziaren independentzia. Bruselak blokeatuak ditu Hungariarentzako 19.500 milioi euroren funtsak, ustelkeriaren aurkako neurri nahikorik ez hartzea eta independentzia judiziala kolokan jartzea egotzita. Magyarrek hitzeman du EBko buruzagiekin bilduko dela datozen asteetan funts horiek desblokeatzeko.