Magyar, Fideszen kupulara heldu ez zen eliteko kidea

Hungariako lehen ministro izango dena Orbanen alderdiko kidea izan zen bi hamarkadaz. Orain arteko lehen ministroari ustelkeria egotziz irabazi du.

Peter Magyar kanpainako ekitaldi batean, Budaspesten. TIBOR ILLYES / EFE
Peter Magyar kanpainako ekitaldi batean, Budapesten. TIBOR ILLYES / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 13a
13:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendearen hasieran, artean zuzenbideko ikasle zenean, Viktor Orban ikusten zuen Peter Magyarrek (1981) logelan zegoenean. Azken hamasei urteotan lehen ministro izandakoa lehen agintaldia egiten ari zen garai hartan (1998-2002), eta Magyarrek haren poster bat zuen. Gerora, Magyarrek berak Orbanen autokrazia sendotzeko lan egin zuen ia hogei urtez Fidesz alderdian, baina ez zen inoiz kupulako kide bilakatu. 2024an erabaki zuen bere kabuz hegan egiten hastea, eta azkeneko bi urteak baliatu ditu Hungariako txoko guztietara iristen ahalegintzeko, eta, ideal kontserbadoreei eutsita, Orbanen kontra egiteko, batez ere ustelkeria egotziz hari. Eta lortu du xedea.

Neurri batean, bataren eta bestearen abiapuntuari erreparatuz behintzat, Orbanen nemesia izan zitekeen Magyar. Lehena nekazaritza giroko eremu batean jaio zen, eta, adierazi nahian bere kabuz egin duela lehen ministro bihurtzerainoko bidea, esan izan du, adibidez, haurra zenean urik ez zutela etxean. Magyar, berriz, eliteko kidea da: Auzitegi Goreneko magistratua zuen aitona, justizia auzietarako aholkulari aritua telebistako saio batean; aita, berriz, abokatua zuen, eta amak hainbat kargu eduki zituen Auzitegi Gorenean; arreba epailea du.

Orduan, familiako tradizioari eutsiz, zuzenbidean lizentziatu zen Magyar, eliteko eskola katoliko batean. Bada, hain zuzen, Orbanek hitzaldi bat eman zuen eskola hartan, eta, Magyarrek inoiz esan izan duenez, hark egindako planteamendu batek guztiz konbentzitu zuen. Fidesz alderdiko lider ahalguztidunak Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro izandakoaren (1940-1945 eta 1951-1955) aipu bat gogorarazi zuen, zeinaren arabera naturaltzat jo daitekeen gaztetan ezkerreko ideiak edukitzea baina behin helduta kontserbadorea bilakatzea. 

Hortaz, kontuan hartuta Magyar nondik zetorren eta zer ikuspuntu zituen, naturaltzat har daiteke Fidesz alderdiaren barruan ibilbide politiko bat egin nahi izatea ere. Nahi eta egin; batez ere Bruselan aritu zen, aholkulari, eta han ezagutu zuen Orbanen alderdiaren azken urteetako zutarrietako bat: Judith Varga. 2006an ezkondu ziren Magyar eta biak. 

Varga EB Europako Batasunerako Hungariaren ministro izan zen aurrena (2018-2019), eta Justizia ministro (2019-2023) ondoren. Beraz, ezaguna zen hungariarrentzat; Magyar ez, ordea. 2024an ezagutuko zuten. Jendaurrean salatu zuen Orbanek indultua eman ziola sexu gehiegikeriak ezkutatzen ahalegindu zen adingabeen zentro bateko zuzendariordeari. 2024an, Varga zen Europako Parlamenturako Fideszen zerrendaburu, baina dimisioa eman zuen. Ordurako bananduta zeuden Magyar eta biak; Vargak indarkeria matxistagatik salatu zuen.

Fideszek zera zabaldu zuen, gutxi gorabehera: Magyar erresuminduta zegoela ez zelako Orbanen konfiantzazkoa izan eta banandu egin zelako. Kontuak kontu, ekainean, Europako Parlamenturako bozetan, Tisza-ren —Askatasunaren eta Errespetuaren Alderdiaren akronimoa da hungarieraz— zerrendaburua izan zen, eta ezustekoa heldu zen: Magyarrek botoen %30 bereganatu zituen. Bazen nor jada.

Eta emaitza arrakastatsu hori lortu ondoren, pertsona batek grabatu egin zuen Budapesteko diskoteka batean dantzan ari zela. Magyarrek sakelako telefonoa kendu zion, eta Danubio ibaira bota. Horren harira, auzitara eraman zuten Magyar, eta salatu zuen Hungariako auzitegiek ez zutela hain azkar jokatzen Fidesz taldekoen kontrako ustelkeria akusazioak ikertzeko orduan. Azkenean, haren kontrako auziak ez zuen biderik egin, eta Europako Parlamentuak ez zion kendu immunitatea.

Sinbolo berak

Azken hogei urteetan oposizio zatikatuak lortu gabekoa lortu du Magyarrek bi urteotan: masak mobilizatzea. Horretarako, irudi bat sortu du sare sozialetan: alderdi tradizionalak mespretxatzen dituen eta Fideszen makineriaren kontra borrokatzen den norbaitena. Hirietako gazteak erakarri ditu, baina baita nekazaritza eremuetako bozkatzaileak ere.

Bozkatzaileen artean, denetarik dago ideologiari dagokionez. Magyarrek dio europazalea dela, Orban ez bezala, eta Hungaria Errusiaren eraginpetik aterako duela. Ikusteko dago. Hori bai, bere egin nahi izan ditu Orbanek monopolizatutako sinbolo abertzaleak eta ultrakontserbadoreak: esaterako, herrialdeko bandera, ereserkia, eta Jainkoa, aberria eta familia leloa —bide batez: haren abizenak hungariar esan nahi du hungarieraz—.

Bestalde, Magyarrek iaz erakutsi zuen zer jarrera duen LGTBI pertsonen eskubideei dagokienez. Orbanen gobernuak jopuntuan eduki du kolektibo hori, eta haren eskubideak murrizteko lege bat onartu zuen iazko martxoan. Ondoren, ekain bukaeran Budapesten egitekoa zen harrotasun eguneko mobilizazioa debekatu zuten. Magyarrek ez zuen argi kritikatu erabakia, baina ohar batean salatu zuen Orbanek «beldurra» zabaldu nahi zuela herritarren artean, eta «banatuta» nahi zituela. Azpimarratu zuen «hungariar guztiak» ordezkatuko zituen lehen ministro bat behar zuela Hungariak. Bada, azkenean, bera izango da kargu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA