Orbanen debekuari aurre egin, eta Budapesteko Harrotasunaren Martxan parte hartu dute dozenaka mila manifestarik

Antolatzaileen arabera, 100.000 pertsona baino gehiago elkartu dira Hungariako hiriburuko manifestazioan. Poliziak bi elkarretaratze egiteko baimena eman die eskuin muturreko taldeei.

Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen aurkako kartel bat, gaur, Budapesteko Harrotasunaren Martxan. LUIS LIDON / EFE
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen aurkako kartel bat, gaur, Budapesteko Harrotasunaren Martxan. LUIS LIDON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko ekainaren 28a
19:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Dozenaka mila manifestarik desafio egin diote Viktor Orban Hungariako lehen ministroari; haren gobernuak debekatua bazuen ere, Harrotasunaren Martxa egin dute gaur Budapesten. Askatasuna ezin da debekatu lelopean egin dute LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa. Hungariako Gobernuak adingabeen «garapen egokia bermatzeko» ezarritako lege bat dela medio, Poliziak ez du baimenik eman martxa egiteko. Gergely Karacsony Budapesteko alkate ekologistak, ordea, udal ekitaldi izendatu zuen martxa, eta, horrela, antolatzaileek ez dute gobernuaren onespenik behar izan.

Manifestariak Budapesteko Elizabeth zubia gurutzatzen, gaur. SZILARD KOSZTICSAK / EFE
Manifestariak Budapesteko Elizabeth zubia gurutzatzen, gaur. SZILARD KOSZTICSAK / EFE

LGTBI komunitatearen aldeko aldarrikapenek eta Hungariako Gobernuaren aurkakoek hartu dituzte Budapesteko kaleak arratsaldeko hiruetan hasita. Budapesteko Harrotasunaren Martxak 30 urte bete ditu aurten, eta, antolatzaileen arabera, 100.000 pertsona baino gehiago elkartu dira; tartean, dozenaka europarlamentari. Ultraeskuinekoak kenduta, talde parlamentario guztietako diputatuek parte hartu dute Budapesteko mobilizazioan; hori bai, Europako Parlamentuan lehen alderditik, hau da, Europako Alderdi Popularretik bi ordezkari soilik joan dira. Han izan da Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidea ere, Eusko Legebiltzarraren ordezkari moduan.

Martxa hasi eta gutxira, Polizia manifestariei bidea ixten saiatu da, baina, azkenean, aurrera jarraitu du martxak. Bestalde, eskuin muturreko hainbat taldek elkarretaratzeak antolatu dituzte Harrotasunaren Martxaren aurka. Eta horiek bai, Poliziaren baimena jaso dute.

(ID_15097724) HUNGRÍA ORGULLO
Polizia manifestazioa geldiarazten saiatu denekoa. LUIS LIDON / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.