Azaroaren 25a izanen da bihar: indarkeria matxistaren kontrako eguna. Borroka egunaren bezperan, Nazio Batuen Erakundeak iragan urteko datuak publikatu ditu: bost emazte erailak izan ziren 2025ean bikotekidearen edo ahaide batengandik; denera, 78.000 feminizidio izan ziren. «Aspaldiegi da datuak larrigarriak direla», Nazio Batuek Erakundeko drogaren eta krimenaren kontrako batzordeko Monica Juma zuzendariaren erranetan.
Urteetan tendentzia kasik ez da mugitu, etxea da emazte eta neska gazteentzat lekurik arriskutsuena. Horregatik azpimarratu dute horien bikotekidearen edo ahaide baten eskuetarik hil diren emazte eta neska gazteen datua: gertatutako 78.000 feminizidioen %60Â izan ziren; batez beste, 129 urteko egun bakoitzeko eta bost oren bakoitzeko.
Halere, argi utzi dute: 78.000 kasu horiek kontatu ahal izan direnak dira; egiazko kopuruan handiagoa da seguruenik. Gainera, 2024tik 2025era esfera pribatuan gertatzen diren feminizidioen kopurua apaldu izanagatik, azaldu dute herrialde mailako datuen eskuragarritasun hobearen ondorioa izan dela. «Ez du feminizidioen benetako beherakadarik islatzen».
Mundu mailan, feminizidio tasak hilketa tasak baino emekiago egin du behera: 2010 eta 2025 artean, Ameriketan, hilketa kasuak kasik bi aldiz fiteago murriztu dira feminizidio kasuak baino; Europan, berriz, 1,5 aldiz fiteago. Orokorrean, emazteak denetan daude feminizidio arriskupean, baina, zehaztu dutenez, Afrikako kontinentean dira proporziorik handienak bikotekidearengandik edo ahaide batengandik gertatzen delarik erailketa (2,9 biktima 100.000 emazteko); ondotik datoz Amerikak (1,4 biktima), Ozeania (1,1 biktima), Asia (0,6 biktima) eta Europa (0,5 biktima).
Monica Jumak halako krimenak posible egiten dituzten arrazoiak zerrendatu ditu: «Jarrera harrigarriek, arau sozialek eta berme instituzionalen eraginkortasunik ezak sortzen duten ingurunean, emazte bat, alaba bat, ama bat edo ahizpa bat hiltzea «onargarri» bihurtzen da».
Errealitate hori aldatzeko, ekintza etengabearen beharra azpimarratu du Jumak, gizartearen maila guztietan. «Ahaleginak bikoiztu behar ditugu jokabide sozialak eta jarrera kaltegarriak aldatzera bideratutako prebentzio-estrategiak ezartzeko, eta inbertsioak egin behar ditugu programa eta esku-hartze espezializatuetan, etxeko indarkeriaren egileak auzipetu, emakumeak babestu eta haien giza eskubideak eta duintasuna bermatu».
Indarkerien katea
Gaur argitaratutako bilduman agertzen denez, feminizidioa kasik sekula ez da aparteko gertakari bat, baizik indarkeria kate baten punta: «Indarkeria, mehatxu eta abusu serie luze baten ondorioa da, saihesten ahalko zirenak». Alde horretatik, oroitarazi dute sobera direla babesik gabe geratzen diren biktimak, eta sobera ere justiziaz salbu geratzen diren erasotzaileak.
Justiziaren gabeziez eta horiek dakarten lanjerrez, zera adierazi du Sima Bahous NBEko emazteen adarreko zuzendariak: «Ziurtatu behar dugu emakumeek eta neskek indarkeria segurtasunez salatzen ahal dutela, babesa eta laguntza jasotzen dituztela beranduegi izan baino lehen. Seinalamenduak alde batera uzten direnean, eraso bat ez denean zorrozki ikertzen, emazteak eta neskak ez direnean babesten eta egileak justiziaren aitzinera eramaten ez direnean, ondorioak hilgarriak izan daitezke. Premiaz jardun behar dugu ziurtatzeko ez dela aurrekaririk alde batera utziko, ez dela bizirik atera den bat bera ere babesik gabe utziko eta erasotzaile bakoitzak bere ekintzen erantzukizuna hartuko duela».
Nazio Batuen Erakundeak dei egin die gobernuei, sektore pribatuari, hedabideei, emazteen elkarteei, bai eta ere «bizirik atera direnei» indarrak batzera. «Elkarrekin, feminizidioei eta emazteen eta nesken kontrako indarkeria mota guztiei bukaera eman behar diegu; bizirik atera direnei, biktimei eta haien senideei justizia bermatu behar diegu; egileek beren ekintzen erantzukizuna hartu behar dute».
129 bandera
Azaroaren 25eko indarkeria matxistaren kontrako egunaren markatzeko, 129 bandera liranja instalatu dituzte NBEko New Yorkeko egoitza nagusian, egunero horien bikotekidearen edo ahaide baten eskuetarik hiltzen diren 129 emazteen oroitzeko.
Instalazio horrek «Justizia bermatu, bizirik atera direnak babestu, zigorgabetasunari amaiera eman» lelopean eginen diren hamasei aktibismo egunei hatsarre ematen die. Munduko agintariei zuzendutako mezua da: indarkeria matxista «ez da halabeharrezko arazo pribatu bat, baizik zenbait hauturen ondorioa; munduak bestela erabaki lezake».

