Ormuzeko itsasarteak hogeita lau ordu baino gutxiago egin ditu irekita. Irango armadak itsas pasabidea berriz ere ixtea erabaki du AEBak su eten akordioko baldintzak betetzen ari ez direlako. Armadak azaldu duenez, «fede onez» eta «negoziazioetan aldez aurretik lortutako akordioen eraginez» onartu zuen itsasartea irekitzea zenbait petrolio ontzi eta merkataritza ontziri. AEBk, aldiz, ez dute jarrera eta «piraten antzera» jokatzen jarraitzen dute ustezko blokeo baten aitzakian.
Erlazionatuta
Irango irrati telebista publikora bidalitako ohar baten bitartez eman du erabakiaren berri. AEBen jarrerak apirilaren 8an adosturiko su eten akordioaren baldintzak urratzen dituela iritzi dio Iranek. Gauzak horrela itsasadarraren egoera «aurrekora» itzuli da, eta armadaren kontrolpean dago berriz.
Zer eskatzen du Iranek? Oharrean argi azaldu du: «AEBek Iranera iristen diren eta Irandik ateratzen diren ontzien mugimendu askatasuna bermatu arte, Ormuzeko itsasarteko egoera zorrotz kontrolatuta egongo da».
Gezurrak eta mehatxuak
Armadak goizean eman du albistea, baina aurretik Mohamad Baqer Qalibaf Irango parlamentuko presidenteak egina zuen ohartarazpena. Donald Trump AEBko presidentea gezurretan ari zela salatu zuen eta hari erantzun beharra zegoela: «Gezurrekin ez zuten gerra irabazi, eta horrela jarraitzen badute, negoziazioetan ere ez dute ezer lortuko». Qalibafena ez da nolanahiko ahotsa, bera izan baitzen Irango ordezkaritzaren buru Pakistango bake negoziazioetan.
Ustezko gezur horiek Trumpek atzo Arizonan (AEB) egindako hitzaldi batean esanikoak dira. Itsasartea erabat irekita zegoela esan zuen, eta Iranen lurrez sartzeko aukera planteatu zuen handik aberastutako uranioa ateratzeko. Iranek berehala erantzun zion mehatxu horri eta gobernuko bozeramaileak argi utzi zuen herrialdeak ez diola uko egingo uranioari.