Ormuzko itsasartea itxiko duela iragarri du Trumpek

Blokeoa gaur da indarrean sartzekoa eta iragarpenak ezegonkortasuna eragin du merkatuetan. Iranen eta AEBen arteko negoziazioak akordiorik gabe amaitu dira asteburuan.

AEBetako presidente Donald Trump, atzo Washingtonen egindako agerraldi batean. BONNIE CASH / EFE
AEBetako presidente Donald Trump, atzo Washingtonen egindako agerraldi batean. BONNIE CASH / EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko apirilaren 13a
07:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den aste amaieran esperantza piztu zuen Iran eta AEBak negoziatzera eseri izanak. Elkarrizketak, ordea, hutsean amaitu ziren eta Ormuzko itsasartea ixteko aginduarekin erantzun zuen atzo Donald Trump AEBetako presidenteak. Blokeoa gaur bertan da indarrean sartzekoa, Euskal Herriko 16:00etan. Erabakiak ezegonkortasuna eragin du mundu osoko merkatuetan.

Iranentzat tresna estrategikoa izan da itsasartea gatazkaren hasieratik. Izan ere, bertatik igarotzen da mundu osoko petrolio ekoizpenaren %20, eta hura itxi izanak nabarmen garestitu ditu erregaiaren prezioak, baita inflazioaren beldurra haizatu ere. Hori izan da, neurri handi batean, Etxe Zuria negoziazio mahaian eserarazi duena, baita lehen elkarrizketetako gai nagusia ere.

Larunbatean hasitako negoziazioak 21 orduz luzatu ziren, baina ez zuten esperotako emaitzarik eman. Ondorioz, Trumpek sare sozialetan iragarri zuen atzo armadari agindu ziola itsasartera sartu edo bertatik irten asmo duen ontzi oro geldiarazteko. Bide batez, Irani egotzi zion nazioarteari «xantaia» egitea, eta ohartarazi zuen AEBetako armadari eraso egiten dion edonor «suntsitu» egingo dutela.

Trumpen agindua ez da itsasartera mugatzen. AEBetako estatuburuak iragarri du Iranekin pasabidea adostu eta nazioarteko uretara irten diren ontziak ere geldiaraziko dituztela. «Pasabidea legez kanpo ordaindu dutenak ez dira seguru izango itsaso zabalean». Horrez gain, Ormuzen jarritako minak ere suntsituko dituztela iragarri du Etxe Zuriak. Trumpen asmoak ikusita, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du itsasartera edozein ontzi militar sartzea su etena urratzea izanen dela, eta «erantzun irmoa» emanen duela bueltan. Are, azaldu du «etsaien ontziek» ez dutela eskubiderik Ormuzko itsasartea zeharkatzeko.

AEBetako presidentearen iragarpenaren ostean, armadak berak azaldu zuen blokeoa Irango itsasontzientzat izango dela, eta pasabidea libre izango dutela AEBek Golkoan dituzten aliatuen itsasontziek edo haien portuetara doazenek.

Puntu gatazkatsua

Teheranek balizko akordio baterako aurkeztutako hamar puntuko dokumentuko aldarrikapen nagusietako bat da Ormuzko itsasartearen erabateko kontrola bereganatzea. Iranek iradoki ere egin du itsasartea baliatzen duten ontziek ordaindu egin beharko dutela pasabidea. Nazioartearentzat «nabigatzeko askatasuna urratzea» litzateke halako zerga bat ezartzea.

Trumpek berak behin baino gehiagotan esan du itsasartea zabaltzea ez dela bere ardura, baina nazioarteko agintariek berari egozten diote Iranek hura itxi izanaren ardura, Teheranen aurka hasitako gerraren ostean blokeatu baitzuen itsasartea Iranek, eta iragarri baitu ez duela irekiko Israelek Libanoren aurkako erasoaldia amaitu ezean.

Eta, oraingoz behintzat, Libanoko lurrak ez dira baretu. Libanoko albiste agentzia nazionalak esan du goizean goiz Israelgo armadak erasoak egin dituela herrialdearen hegoaldean, eta gutxienez bortz pertsona hil dituela. Hezbollah talde xiitak, berriz, drone bidez eraso die Israelgo soldaduei, eta argitu du Israelen eta AEBen erasoak amaitu arte jarraituko duela erantzuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA