Europako herrialdeak ez daude prest Ormuzko itsasartean esku hartze militarrik egiteko

Trumpek nazioarteko koalizio bat sortu nahi du itsasartea irekitzeko. Europako Batasunak proposamena aztertuko duela esan du, baina kontra agertu dira, besteak beste, Alemania, Italia eta Espainia.

Europako Batasuneko Atzerri Politikaren arduradun Kaja Kallas, gaur, Atzerri ministroen bilera hasi aurretik. OLIVIER HOSLET / EFE
Europako Batasuneko Atzerri Politikaren arduradun Kaja Kallas, gaur, Atzerri ministroen bilera hasi aurretik. OLIVIER HOSLET / EFE
Arantxa Elizegi Egileor - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko martxoaren 16a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioartearen babesa nahi du AEBetako presidente Donald Trumpek, Ormuzko itsasartea zabaltzeko, baina Europako herrialdeak ez daude prest militarki esku hartzeko. Ohi duen moduan egin du deia AEBetako estatuburuak, mehatxu eginez. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kideei esan die «etorkizun txarra» izango dutela Ormuzko pasabidea zabaltzen laguntzen ez badiote Etxe Zuriari. 

Buruzagi errepublikanoak gogorarazi duenez, AEBek babesa eman diote aliantzari beste hainbat gatazkatan, besteak beste Ukrainako gerran, eta haiek ere beste hainbeste egitea espero du orain. Bide batez, Iranen ahalmena gutxietsi du, esanez itsasartean jarritako minak «kalte txikia» eragingo dietela AEBetako ontziei, baina esan du ontzi horiek Kharg uhartekoaren gisako oinarrizko azpiegiturak suntsi ditzaketela. 

Trumpen esanetan, Washington zazpi herrialderekin negoziatzen ari da itsasartea zabaltzeko koalizio bat sortu nahian; ez du zehaztu, ordea, zeintzuk diren estatu horiek. Oraingoz, baina, haren deiak ez du baiezkorik jaso. Japoniak eta Australiak esan dute ez dutela asmorik itsasartera gerraontzirik bidaltzeko.

Erresuma Batuak ere ez du argitu koalizio horretara batuko den edo ez. Keir Starmer lehen ministroak adierazi du «plan bideragarri» bat prestatzen ari direla itsasartea irekitzeko. Eta gehitu du «beharrezko neurriak» hartuko dituztela, baina ez dutela gerra are eta gehiago zabalduko.

EB Europako Batasunak Trumpen proposamena aztertuko duela esan du Kaja Kallas talde komunitarioko diplomaziaburuak: «Gure interesekoa da Ormuzko itsasarteari zabalik eustea, eta horregatik eztabaidatuko dugu zer egin genezakeen Europatik». Kallasek zehaztu du, ordea, «NATOren eremutik at» dagoela Ormuz. Eta mahai gainean jarri du Aspides misioa Ormuzera zabaltzeko aukera. EBren misio militar horrek Itsaso Gorriko merkataritza garraioa babestea du xede.

EBko Atzerri politikarako arduradunaren proposamenaren aurka agertu dira, besteak beste, Alemania, Italia eta Espainia. Irango gerra ez dela europarren gerra adierazi du Boris Pistorious Alemaniako Defentsa ministroak gaur: «Hau ez da gure gerra, ez dugu guk hasi». Horregatik, ez dago Trumpek proposatutako koaliziora batzeko prest: «AEBetako armada boteretsuak egin ezin dezakeen zer egiteko gai izango da eskukada bat Europako fragata?».

Talde komunitarioko Atzerri ministroek bilkura egin dute gaur Bruselan, eta han egindako adierazpenetan Italiako Atzerri ministro Antonio Tajani prest agertu da Itsaso Gorriko misioa indartzeko, baina uko egin dio misio hori Ormuzera zabaltzeari. Gaineratu duenez, auzi hori diplomaziaren bidez konpondu behar da. Bide beretik, Jose Luis Albares Espainiako Atzerri ministroak esan du Aspides misioa «lan ona» egiten ari dela, eta ez zaiola aldaketarik egin behar. Gehitu du Irango gatazkaren soluzioak ezin duela militarra izan.

Europako herrialdeen erantzuna entzun ostean, Trumpek gaitzetsi du hainbat herrialde ez daudela Ormuzen laguntzeko gogoz: «Berrogei urtez aritu gara zuek babesten, eta zuek ez diguzue lagundu nahi». Halere, Etxe Zuriko maizterrak esan du, behinik behin, espero duela Frantziak eta Erresuma Batuak laguntza ematea.

Iranek, berriz, ohartarazi dio nazioarteari beste estaturen batek gerran esku hartuko balu haren aurka joko lukeela.

Milioi bat desplazatu Libanon

Bestalde, igandean IEA Nazioarteko Energia Agentziak iragarri zuen Asiako eta Ozeaniako herrialdeek 108,6 milioi petrolio upel merkaturatuko zituztela «berehala», prezioen gorakada geldiarazteko. Upela 106 dolarrean dago, Irango gerrak eragindako garestitzearen ondorioz. Izan ere, Ormuzko itsasartetik igarotzen da munduko petrolioaren %20, eta hura itxiz geroztik nabarmen igo da salneurria.

Israelek, berriz, iragarri du «Hezbollahren aurkako lurreko erasoaldi mugatu bat» abiatu duela Libano hegoaldean. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, otsailaren 28an gerra hasi zenetik 886 pertsona hil dituzte herrialdean, tartean 111 adingabe. Gainera, Libanoko Gobernuak jakinarazi du jada milioi bat herritarrek baino gehiagok utzi dutela etxea Israelen azken erasoen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!