Palestinan «sarraskia» egitea egotzi dio NBEk Israeli

Hiru gerra krimen ere leporatzen dizkio erakunde horren batzorde independente batek Tel Avivi. Gazan palestinarrek babesgune gisa zituzten eskolen %62ri egin die eraso Israelek. Batzordeak dio «legez kontrako okupazioa» areagotzen dutela eraso horiek.

Haur bat, Israelek suntsitutako Al-Jerjawi eskolan, maiatzean. MOHAMMED SABER / EFE
Haur bat, Israelek suntsitutako Al-Jerjawi eskolan, maiatzean. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 10a
16:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek 2023ko urriaren 7az geroztik Palestinan areagotutako erasoaldia aztertzen duen txosten bat kaleratu du gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen batzorde batek, eta ondorioztatu du Tel Aviv «sarraskia» egiten ari dela Gazan eta Zisjordanian. Batez ere, Israelek eraso egindako azpiegiturei erreparatu diete txostenaren egileek: eskolak, eraikin erlijiosoak eta kulturalak. Azpimarratu dutenez, palestinarrek babesgune gisa zituzten eskolen %62ri egin die eraso, «zuzenean», Israelgo armadak. Are gehiago, Gazako 564 eskoletatik 403 jo ditu.

Ikusi gehiago

Palestinarrek aterpe zituzten eskolen aurkako erasoak ohiko irudi bihurtu dira azken hilabeteetan. Bada, zerrendan gertatzen ari dena aztertzeaz arduratu den Lurralde Okupatuetan gertatzen dena ikertzeko Batzorde Independenteak ondorioztatu du irudi horiek sarraskiaren froga direla. «Eskoletan aterpeturik zeuden herritarrak hilda, Israelgo segurtasun indarrek gizateriaren aurkako krimen bat egin dute: sarraskia», azpimarratu du, txostenean. Israelek beste hiru gerra krimen egin dituela nabarmendu du, gainera, NBEren batzorde horrek: «herritarrak jomugan dituzten erasoak egitea»; «aurrez pentsatutako hilketak ─non herritarrak hiltzen zituzten─»; eta «erasoak egitea jakinda herritarrengan eragingo dituen albo kalteak helburu militarrak baino handiagoak direla».

Txostenaren egileek azpimarratu dutenez, gainera, Israelek Gazako hezkuntza sistema «suntsitu» du. 2023ko urrian hasitako erasoen ondorioz, 658.000 haurrek ez dute hezkuntzarako sarbiderik izan azken hemezortzi hilabeteetan. «Batzordearen ustez, Israelgo soldaduek eskolei eta unibertsitateei egiten diete eraso haien helburua delako epe luzean palestinarrek nahitaezko azpiegiturak eskura ez izatea», salatu du. Horiek horrela, azpimarratu du gerran egonda ere nazioarteko legeak eskolak babesten dituela.

%53

Gazan suntsitutako ondare materiala Azpiegitura erlijioso eta kulturalen aurka ere egin du Israelgo armadak Gazan. Munduko Bankuak otsailean kaleratu zuen ikerketa baten arabera, Tel Aviven erasoek zerrendako ondare materialaren %53 txikitu dute: erakundearen kalkuluen arabera, 120.000 milioi dolarren kalteak eragin dituzte ─105.055 milioi euro inguru─. 

2023ko urrian Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, Tel Avivek behin baino gehiagotan babestu du eskolak jomugan izatea. Argudiatu izan duenez, Hamaseko milizianoek eskolak erabiltzen dituzte babesleku gisa. Are gehiago, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak milizia palestinarrari hainbatetan egotzi dio erasoak eskoletatik egiten aritzea. Ospitaleak ere erasoak egiteko erabiltzen dituztela argudiatu izan du Tel Avivek, eta haien aurka egin izan du. Eskolekin gertatu legez, Gazako osasun sistema «suntsitzeko politikak ere» ezarri ditu Israelek, NBEren batzorde independentearen iritziz.

Israel gezurtatu

NBEk eskatutako txostenak, ordea, Israelen bertsioa gezurtatzen du. Txostengileen ikerketaren arabera, Gazako eskolak «soilik behin» erabili ditu Hamasek «asmo militarrekin»; 2024ko uztailean, hain zuzen. Israelek, bestalde, «hainbatetan» erabili dituela frogatu ahal izan dute: «Israelgo segurtasun indarrek Gazako eskolak hartu dituzte hainbatetan, eta base militar gisa erabili». Bide horri jarraituz, batzordeak adierazi du ez duela identifikatu «eskolak txikitzeko» ezein helburu militarrik.

Txostenaren egileek nabarmendu dute bai Israelgo Gobernuarekin, bai Gazako Gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu direla ikerketa egiteko, lehen eskuko informazioa edukitzeko. Horiek ez diote erantzun NBEren batzorde independentearen eskaerari. Horrenbestez, ikerketa egiteko beste bide batzuk erabili dituzte: analisi geoespaziala, satelite bidez lortutako irudiak eta bertaratuta analisi forentsea, besteak beste. Beraz, ezin izan ditu bi aldeek egindako zenbait akusazio ikertu.

Israelek Gazako azpiegituren aurka egindako erasoek palestinarren «erabakitzeko eskubidea» urratzen dute, eta Israelek urteetan egin duen «legez kontrako okupazioa» areagotzen dute, batzordeko kideen ustez. Gainera, Israelgo armadak museoen gisako azpiegitura kulturalak eta Omariko Meskita Handiaren gisako azpiegitura erlijiosoak suntsitzea ere okupaziotzat hartu ditu batzordeak: «Palestinarren kultura, memoria, historia eta identitatea suntsitzen ari dira».

Erasoan etengabe

Nazioarteak Israelen jarrera gaitzesten eta Gazan egiten ari den sarraskia gero eta gehiago salatzen duen honetan, Israelgo armadak erasoan jarraitzen du. Gaur goitik behera bonbardatu du Gazako zerrenda, beste behin. Guztira 31 lagun hil ditu erasoetan; horietako hamazazpi, Gaza hiritik gertu dagoen Netzarim pasabidearen inguruan. Wafa Palestinako albiste agentziak kaleratutako informazioaren arabera, laguntza humanitarioa banatzeko gune batetik gertu egin du eraso Israelek. Eraso horretan, gainera, ehun lagun baino gehiago zauritu ditu.

Natzarimgoa ez da laguntza humanitarioa banatzeaz arduratzen den gune baten inguruan Israelek gaur egin duen eraso bakarra. Zerrenda hegoaldean ere egin du eraso, Rafahtik gertu . Eraso horretan zortzi palestinar hil ditu Israelek. Zerrendako agintarien datuen arabera, laguntza humanitarioa banatzeko banaketa sistema berria ezarri zutenetik, maiatzaren 27an, 130 lagun hil ditu Israelek.

Israelek yemengo portu bat bonbardatu du

Israelek Yemengo Hudaida portua bonbardatu du. Goizeko ordu txikietan egin du eraso Israelgo armadak, itsasontzi batetik misilak jaurtita. Israelgo armadak, erasoa egin ondoren, portua huthiek kontrolatzen dutela adierazi du, eta talde xiita horren aurkako erasoa dela esan. Tel Avivek ohar bidez jakinarazi duenez, Yemengo talde horrek «armak garraiatzeko» erabiltzen du portu hori. Eta Israelek mehatxu egin die huthiei: haien aurkako erasoak eteten ez badituzte, «airez eta itsasoz blokeatuko» dute portua.

 

Hudaidatik sartzen da Yemenera iristen den laguntza humanitario gehiena. Herrialdea barne gatazka betean dago 2014tik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.