Erresuma Batua

Pandemiako festen aferan, Johnsonek «berariaz» esan zien gezurra diputatuei

Erresuma Batuko Komunen Ganberako Pribilegioen Batzordeak ondorioztatu du lehen ministro ohia ikerketa prozesuaren kontrako kanpainaren «konplize» ere izan dela. Gobernuburu izandakoak erantzun du «erailketa politiko luze baten» biktima dela.

Boris Johnson, iazko uztailaren 7an, Erresuma Batuko lehen ministro kargutik dimisioa eman zuenean. TOLGA AKMEN / EFE
ander perez zala
2023ko ekainaren 15a
12:16
Entzun

Boris Johnsonek, Erresuma Batuko lehen ministro karguan zegoela (2019-2022), «berariaz» esan zien gezurra Komunen Ganberako diputatuei koronabirusaren pandemiaren hasieran izandako festen aferan. Behe ganberako Pribilegioen Batzordeak, urtebete inguruko ikerketaren ondoren, gaur atera ditu argitara ondorioak, eta gaitzespena argia da: Johnsonek nahita «engainatu» zituen ordezkari politikoak, «hainbat aldiz». Are, gertaturikoa «inoiz gertatu gabea» da, lehen aldia baita, batzorde horren arabera, gobernuburu batek jarrera hori izan duela. Txostena, hortaz, beste kolpe gogor bat da lehen ministro izandakoaren sinesgarritasunarentzat.

Johnson iazko urtarrilean izan zen Komunen Ganberan, eta aitortu zuen berak ere parte hartu zuela lehen konfinamenduaren garaian Downing Streeteko 10. zenbakian eginiko festan; 40 lagun baino gehiago elkartu ziren pandemia betean, 2020ko maiatzean, lehen ministroaren egoitzan. Hori bai, han egon izana nahasketa baten ondorio izan zela esan zien Johnsonek diputatuei, argudiatuta uste zuela «lan kontu bat» zela; bertsioak bertsio, haserrea jada eraginda zegoen alderdikideen eta herritarren artean, eta partygate esaten dioten auzia izan zen gobernuburu karguaren dimisioa emateko arrazoietako bat; joan den uztailaren 7an izan zen hori.

Lehen ministro ohiak barkamena eskatu zuen festa horretan parte hartzeagatik, eta gerora aitortu zuen gezurra esan ziola Komunen Ganberako ikerketa batzordeari —lau diputatu kontserbadorek, bi laboristak eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko batek osatu dute—, baina zehaztuta ez zuela hori nahita edo berariaz egin. Pribilegioen Batzordearen ikerketak, ordea, kontrakoa ondorioztatu du: «[Komunen] Ganbera engainatu zuen ganberarentzat eta herritarrentzat garrantzitsua zen afera batean, eta hori hainbatetan egin zuen. Esan zuena egia ote zen berriz aztertzeko gonbidapena helarazi genion, eta uko egin zion».

Ikerketa batzordea harago ere badoa, argudiatu baitu Johnsonek «konfiantza hautsi» zuela, eta urtebete inguru iraun duen «prozesu demokratikoari azpijana egin» ziola; besteak beste, afera lantzen aritu diren diputatuen kontrako kanpainaren «konplize» izanda. «[Lehen ministro ohiak] modu oso gogorrean egin die eraso batzordeko kideei», dio 100 orrialde inguruko txostenak.

Eta, hain justu, bide horretatik segitu du gobernuburu izandakoak gaur ere. Komunikatu baten bitartez, adierazi du «erailketa politiko luze baten» biktima dela, eta ondorioen testua «iruzur bat» dela, batzordea «modu antidemokratikoan» aritu delakoan. «Haien argumentua modu honetan laburbildu daiteke: ‘Begira irudi hau: Johnson da, edalontzi bat eskuan duela. Jakin behar zuen ekitaldi hori ilegala zela. Hortaz, gezurra esan zuen’», adierazi du lehen ministro ohiak, bere jarrera defendatzeko.

Urteotan, gobernuburu izandakoak argudiatu du bere laguntzaileek eta aholkulariek esan ziotela ez zela konfinamenduko arauak urratzen ari festa horretan parte hartzerakoan. Ikerketa batzordeak, baina, ohartarazi du ez dagoela horri buruzko frogarik, eta, beraz, Johnsonek bazekiela zertan ari zen.

Gomendioak

Gobernuburu ohiak joan den ostiralean utzi zuen diputatu kargua, uste baitzuen ikerketa batzordeak «argi» helarazi ziola, gutun baten bitartez, Komunen Ganberatik botatzeko erabakia hartu zuela. Ikerlariek zenbait gomendio egin dituzte, eta horietako bat zen Johnsoni 90 egunez kentzea diputatu postua; «aho batez» harturiko erabakia izan zen, txostenaren arabera.

Horrek agerian utzi du ikerketa batzordea orain ez dela gai lehen ministro ohia nahi zuen moduan zigortzeko; edonola ere, eta kontuan harturik iragan ostiraleko kargu uztea, ikerlariek gomendatu dute gobernuburuari ez ematea kide ohiei parlamentuan sartzeko ematen zaien baimena.

Gomendioak direnez, orain Komunen Ganberak erabaki beharko du horien inguruan; datorren astelehenean egingo du hori. Daisy Cooper Liberal Demokratak alderdiaren buruzagiordeak, berriz, harago joateko eskatu du: lehen ministro ohiek urtero 134.240 euro jasotzen dituzte kargu horretan aritu izanagatik, eta Cooperrek uste du hori ere kendu behar zaiola Johnsoni.

Alderdi Laboristak, berriz, esan du gobernuburu ohiak bere defentsan gastatu zituen 286.000 euroak itzuli behar dituela, diru publikoa erabili zuelako hori egiteko. Eta, bide batez, ikerketa batzordearen ondorioak baliatu ditu Rishi Sunak lehen ministroaren kontra egiteko ere, argudiatuta ez dela gai Johnsonen aurka egiteko, hark Alderdi Kontserbadorean oraindik ere duen influentziagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.