Bart de Wever Belgikako lehen ministroaren agintaldia kolokan egon da, dimisioa aurkeztu baitzuen astelehenean, datorren urterako aurrekontu orokorrak onartu ezinda ibili denez gero, baina Felipe erregeak eskatu dio karguan jarrai dezala, aurrekontuak negoziatzen. Dena den, krisi horrek ez du galarazi haren gobernu koalizio eskuindarraren jarduna:Â paperik gabeko migranteen etxebizitzak miatzea ahalbidetzen duen lege proposamena aurkeztu zuen Ordezkarien Ganberan, eta gaur goizaldean onartu dute, bart gaua eztabaidan igaro eta gero.
Asilo eta Migrazio ministro Anneleen Van Bossuytek hauspotu duen lege horren bidez, Belgikako Immigrazio Bulegoak baimena eskatu ahal izango dio epaile bati, Poliziak asiloa ukatu zaien migranteen etxebizitzak miatu ditzan, baita «seguntasun nazionalerako arriskutsutzat» jotzen direnenak ere. Operazio horiek 05:00ak eta 09:00ak artean egin ahal izango dituzte soilik.
Amnesty Internationalek herenegun ohartarazi zuen «beldurra eta zatiketa» areagotuko dituela gaur onartu berri duten legeak. Ohar bidez, salatu zuen neurria «krudela» dela: «Belgikako proposamenak bat datoz Europako Batasunean migranteak itzularazteko legediarekin, zeina tematuta dagoen deportazioak, sarekadak eta atxiloketak edozein prezioa egitearekin; horrek desproportzionalki eragiten dio jende arrazializatuari». Talde komunitarioak ekainean ezarri zuen Asilo eta Migrazio Ituna.
Asteazkenean, hiru mila lagunek giza kate bat egin zuten Bruselako Justizia Jauregian, lege proposamenaren kontra egiteko; halaber, herrialdeko beste dozenaka hiritan eta herritan ere elkarretaratzeak egin zituzten.
Â