Pekinen eta Moskuren lankidetza sendotzeko bilduko dira Xi eta Putin

Bihar batzartuko dira Txinako eta Errusiako presidenteak. Bi potentzien «potentzial zinez mugagabea desblokeatuko» dute, Putinen esanetan.

Putin eta Xi, iazko irailean, Pekinen. ALEXANDER KAZAKOV / EFE
Putin eta Xi, iazko irailean, Pekinen. ALEXANDER KAZAKOV / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko maiatzaren 19a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pekin «diplomazia globalaren erdigunetzat» jo dute Txinako hedabide ofizialistek; Alderdi Komunistaren peko Global Times egunkariak asteburuan kaleratu du estatuburuek bata bestearen atzetik egindako bisitek agerian uzten dutela nolako «eragina» duen potentziak «munduko jokalekuan». Eta ez da besterik gabe esana, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bi eguneko bisita egin baitzion joan den astean Xi Jinping Txinakoari, eta Errusiako presidentea Pekinera heltzekoa baita datozen orduetan. Haren hitzetan, bi herrialdeen «potentzial zinez mugagabea desblokeatuko» dute bere «lagun onak» eta biek; izan ere, aliatu estrategikoak dira.

Atzo, Guo Jiakun Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak iragarri zuen bi estatuburuek zer eztabaidagai izango dituzten: aldebiko harremanak; hainbat sektoretako kooperazioa; eta «elkarren intereseko auziak, nazioartekoak zein eskualdekoak». Bozeramailearen hitzetan, zertarako-eta nazioarteari «egonkortasun eta energia positibo gehiago» emateko. Halaber, Juri Uxakov Kremlineko aholkulariak atzo azaldu zuen bihar biltzekoak direla Putin eta Xi, eta petrolio eta gas esportazioak ere izango direla bisitaren ardatzetako bat; izan ere, Errusiak hein handi batean behar du bere aliatuaren laguntza merkataritzari eta energiari dagokionez, batik bat Europako Batasunarekin harremana eten zuenetik, Ukrainako gerra zela-eta.

Are, Txina da petrolio gordin gehien erosten dion herrialdea; Moskuren energia horren esportazioen erdiak inguru heltzen zaizkio, eta Ekialde Hurbileko gatazkak ere ahalbidetu du energia esportazio horiek areagotzea. Joan den apirilean, Pekinen zela, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan zuen bi potentziek «gaitasuna» dutela «munduko ekonomia eta energia sektorea ahultzen dituzten abentura agresibo horietatik aldentzeko».

Oraingoa Txinara egingo duen 25. bisita du Putinek, eta dagoeneko berrogei bat aldiz bildu dira biak estatuburu direnetik. Urtean bitan-edo ikusten dute elkar, eta Putin iazko irailean izan zen azkenekoz Pekinen, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan Japonia errenditu zela 80 urte bete zirenean egin zuten desfile militarrean. «Bi potentzia handiren arteko harremanen eredu paradigmatiko bihurtu da Txinaren eta Errusiaren artekoa», esan zuen Xik irailean.

Errusiako presidenteak azaldu du, gaur zabaldu duen bideo batean, «benetan inoiz ez bezalako maila batean» daudela bi herrialdeen arteko harremanak, eta horren erakusle direla «ohiko bisitak». Are, nabarmendu du «konprometituta» daudela elkarren arteko kooperazioari, «errespetuzko elkarrizketei» eta bi herrialdeen interesei eragiten dieten «kontuei» dagokienez, «estatu batasuna eta subiranotasuna babestea» barne.

Horren harira, Finantial Times egunkariak kaleratu du Xik zera esan ziola Trumpi joan den astean: balitekeela Putin Ukrainaren kontrako inbasioa agindu izanaz «damutzea»; hori esan diote goi bileraren ebaluazioa egin duten AEBetako taldeko iturriek. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gezurtatu egin du presidenteak halakorik esan izana. Gaur eman duen prentsaurreko batean, esan du «erabat asmatutakoak» direla adierazpen horiek. 2022ko otsailean, Errusiak inbasio hori abiatu baino lehen, «mugarik gabeko adiskidetasuna» aldarrikatu zuten Xik eta Putinek, azken hark Pekinera egindako bidaia baten ondoren.

Eta eskualdeko auziak hizpide, joan den astean, Xik Trumpi ohartarazi zion Txinaren eta Taiwanen arteko tirabirak «gaizki» kudeatuz gero litekeena dela bi nazioak «gatazkan sartzea». Atzo, Kremlineko aholkulariak nabarmendu zuen Errusiak eta Txinak ez dutela «inoren kontrako aliantzarik» egiten, eta atzerri politika «berbera» dutela kasu askotan.

Siberiako Boterea 2

Pekinen eta Moskuren arteko Auzokidetza Onaren, Adiskidetasunaren eta Elkarlanaren Itunak laster 25 urte beteko dituen honetan bilduko dira bi agintariak —Errusiako presidenteak berak eta Jiang Zemin orduko hartako Txinakoak sinatu zuten, 2001ean, merkataritza harremanak indartzeko eta multipolartasuna bultzatzeko xedez—. Putinen arabera, elkarlan horrek emango dio forma bi eguneko bisitari. Kremlinek aurreratu du berrogei bat akordio izenpetuko dituztela, baita bi adierazpen bateratu egin ere: lankidetzari buruzkoa bata, eta «munduaren ordena berriari eta mota berri bateko nazioarteko harremanei» buruzkoa bestea.

Uxakov Kremlineko aholkulariaren arabera, Siberiako Boterea 2 gasbidea ere edukiko dute gai zerrendan. Proiektu hori 2006an sinatu zuten Gazprom Errusiako Estatuaren energia konpainiak eta CNPC Txinako Petrolio Korporazio publikoak, Putinek Pekinera egindako bisita batean, baina bertan behera utzi zuten hiru urteren buruan, eta horren ordez Siberiako Boterea delako gas hodia eraiki; 2019an hasi zen gas naturala garraiatzen.

Putinen iazko iraileko bisitaren ondoren, ordea, 2.800 kilometroko gasbidea egiteko akordioa sinatu zuten, eta oraindik zehazteko dute proiektuaren zenbatekoa eta aurrekontua. Mongolia zeharkatuko lukeen gasbide horren bidez, Txinak 50.000 milioi metro kubiko gas natural jaso ahalko lituzke urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA