Petrok ez ditu onartu Kolonbiako bozen lehen itzuliko emaitzak

Kolonbiako presidenteak salatu du errolda ofizialean baino 800.000 herritar gehiago ageri direla lehen zenbaketetan. Cepeda ezkerreko hautagaiak esan du ez duela baloraziorik egingo emaitza ofizialak eduki arte.

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea boto papera erakusten, atzo, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea boto papera erakusten, atzo, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 1a
11:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezkerraren hautagaia bigarren itzulira igaro bada ere, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak ez ditu onartu presidentetzarako hauteskundeen lehen emaitzak. Izan ere, emaitzen berri izan eta bi ordutara, Petrok X sare sozialean salatu du botoen zenbaketak ez duela sinesgarritasunik. Eta esan du emaitza ofizialak argitaratu arte itxaron behar dela: «Ez ditut onartzen lehen zenbaketen emaitzak». Atzo egin zituzten bozak, eta Abelardo de la Espriella eskuin muturreko hautagaiak lortu zuen boto gehien (%43,74). Haren atzetik geratu zen Ivan Cepeda ezkerrekoa (%40,9). Cepedak berak ere esan du ez duela emaitzen baloraziorik egingo «azken botoa berrikusi arte».

Inolako frogarik eman gabe, presidenteak salatu du lehen zenbaketetako erroldan 800.000 herritar gehiago ageri direla errolda ofizialean baino. Zenbaketa horiek egiten dituen enpresa pribatuaren aurka egin du, eta leporatu dio azken asteetan aldaketak egitea botoak zenbatzeko erabiltzen duten algoritmoan. Cepeda ere ez da ados agertu emaitzekin, eta, kontaketen berri izan ostean Bogotan egindako agerraldian, esan du ikertzen ari direla errolda ofizialen eta lehen emaitzen artean ageri den «aldea»: «Ez da edonolakoa: 885.000 pertsonaren aldea da». Eta gaineratu du hainbat hautesmahaitan «ezohiko bozketak» atzeman dituztela.

Kolonbiako hauteskundeetan bi bider zenbatzen dituzte botoak. Lehenengo emaitzak, hauteskunde gauean kaleratzen direnak, ez dira ofizialak. Hainbat egun igaroko dira boto guztiak banan-banan zenbatu eta emaitza ofizialen berri izan arte. Halere, kontuan hartu behar da emaitza ofizialen eta lehen zenbaketen artean ez dela alde handirik egoten. Hauteskunde Batzordeak kontratatutako enpresa pribatu bat arduratzen da lehen zenbaketak egiteaz, eta horri mintzatu zaio Petro sare sozialetan zabaldutako mezuan.

De la Espriellak Petroren eta Cepedaren adierazpenak gaitzetsi ditu Barranquilla hirian bart egindako agerraldian: «Ez zaitezte ausartu hauteskundeen emaitzak ukatzera; herria matxinatu egingo da, eta zigortu egingo zaituzte. Bi gaizkile zarete, eta erretiroa emango dizuegu». Eta gaineratu du demokraziari eutsi egin behar zaiola, «arrazoia erabiliz edo indarra erabiliz». Horregatik, behar izanez gero Petroren aurka esku hartzeko eskatu dio armadari: «Gaizkile, drogazale eta miserable honek Kolonbiako herritarren nahia onartzen ez badu, mekanismo konstituzionala erabiltzera deitzen dut armada».

HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak ziurtatu du Kolonbiako hauteskunde sistema «independentea eta fidagarria» dela. Juanita Goebertus HRW Amerikako zuzendariak Petroren jarrera gaitzetsi du X sare sozialean: «Penagarria da presidente batek sistema zalantzan jartzea frogarik aurkeztu gabe. Hauteskundeen emaitzak onartu egin behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE