AEBetako Auzitegi Gorenera iritsi da petrolio enpresen kontrako salaketa bat

Gorenak erabaki behar du ea Coloradoko Justizia Auzitegiak baduen eskumenik kasua epaitzeko ala ez. Hala balu, aurkeztutako dozenaka salaketek aurrera egiteko aukera izango lukete.

Exxon Mobil enpresaren petrolio biltegi bat, Australiako Melbourne hirian. JAMES ROSS / EFE
Exxon Mobil enpresaren petrolio biltegi bat, Australiako Melbourne hirian. JAMES ROSS / EFE
inaut matauko rada
2026ko urriaren 5a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur AEBetako Auzitegi Gorenera iritsi da Colorado estatuko Boulder udalerriak eta konderriak zenbait petrolio enpresaren kontra abiatutako kausa judiziala. Oraindik ez dute kasua bera epaituko ordea, horren aurretik auzi tekniko bat ebatzi behar baitute: ea Coloradoko Justizia Auzitegiak eskumena duen edo ez epaiketa egiteko. Izan ere, auzitegiak kasua onartu, eta Exxon Mobil eta Suncor petrolio enpresek segituan aurkeztu zuten helegitea, argudiatuz halako kasuak epaitzea ez dela estatuetako epaitegien eskumena. Petrolio enpresek uste dute klima larrialdia eta karbono isuriak auzi federalak direla, eta, beraz, ez dagokiola estatu bateko auzitegi bati hori epaitzea.

Huskeria eman dezake auzi tekniko horrek, baina aurrekari garrantzitsua ezar dezake AEBetan jada abian dauden beste dozenaka kasurentzat. AEBetako Gorenak ebatziz gero estatuetako auzitegiek eskumena dutela halako kasuak epaitzeko, salaketa horietako askok aurrera egingo lukete. Auzi tekniko hori ebazteak garrantzi handia izango du herrialdean, eta espero da Donald Trumpen administrazioak petrolio enpresen aldeko argudioak aurkeztea epaiketan. Gobernuak uste du kaos juridiko bat sor dezakeela Boulderren aldeko ebazpen batek.

2018an hasi zen

Boulder udalerriak eta konderriak 2018an jarri zuten AEBetako Exxon Mobil eta Kanadako Suncor enpresen kontrako salaketa. Udalerriaren arabera, bi enpresek isuritako karbonoak kalte larriak sortu ditu Colorado estatuan, eta hori nolabait konpondu behar du. Konderriko komisarioak, Ashley Stolzmannek, AEBetako Gorenari eskatu dio kasuak aurrera egitearen alde egiteko, «petrolio enpresak erreskatatu beharrean zer gertatu zen argitu aurretik».

Salaketa Coloradoko Auzitegi Gorenean jarri zuten udalerriak eta konderriak, eta, gainerako auzi gehienetan ez bezala, auzitegiak erabaki zuen epaiketarekin aurrera egitea. Hori dela eta, segituan jarri zuten helegitea bi enpresek. Salatzaileek, dena den, uste dute AEBetako Auzitegi Gorenak ez duela auzi tekniko hori ebatzi behar, epaiketa oraindik ez baitzegoen hasita ere.

Salatzaileek uste dute bi enpresek bere erosleak engainatu zituztela, erregai fosilak erretzeak kliman eta osasunean duen eragina ezkutatuz, eta, orain, erakunde publikoei dagokiela sortutako kalteei nolabaiteko konponbidea ematea. Haien ustez, Coloradoko Auzitegi Gorenak badu kasua epaitzeko eskumenik, ez baitute legerik onartzea nahi, baizik eta enpresak estatuko zuzenbide zibilaren arabera zigortzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA