120 metro luzerako itsasontzi bat hondoratu da gaur goizaldean Eivissa inguruan. Batetik, giza kalteak eragin ditu: hamazazpi marinel zeuden ontzian; horietatik bat hil egin da, eta zazpi zauritu. Eta bestetik, ingurumen kostuak ere eragin ditzake; izan ere, hondoratu den unean, 7.000 tona erregai gordin ari zen garraiatzen, 1,2 milioi litro gasolio.
Med Emre da ontziaren izena, eta Algecirasetik (Espainia) Bartzelonarako bidea egiten ari zen, baina Eivissatik 25 itsas miliara —40 kilometro— zegoela hondoratu da. Pablo Garriz Balearretako Gobernuko Larrialdietako eta Barne gaietako zuzendari nagusiak azaldu du 01:20etan izan dutela ezbeharraren berri, eta eskifaia erreskatatzeko lanen ostean, ingurumenean izan dezakeen kalteei erreparatuko dietela orain.
Hondoratze horrek Prestige petroliontzia ekarri du gogora, zeina Galiziako kostaldean hondoratu zen 2002an, 77.000 tona petrolio gordin zeramatzala. Itsasora isuri ziren horietako asko. Med Emre-ren kasuan, informazioa biltzen eta zer egin aztertzen ari da Balearretako Gobernua. Momentuz, Espainiako Itsas Planeko larrialdi egoraren bigarren fasea aktibatu du, eta baliabideak eskatu dizkio Madrili.