Petroren kanpaina legez kanpo finantzatu zela esan du haren semeak

Kolonbiako presidenteak erantzun du iruzurra gertatu zela egia balitz kargua utzi beharko lukeela

Petro Kolonbiako presidentea, atzo, Bogotan, ekitaldi batean. M. D. CASTANEDA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Gustavo Petro presidentearen seme Nicolas Petrok egindako adierazpenek erabat nahastu dute Kolonbiako giro politikoa. Fiskaltzari azaldu dionez, diru sarrera irregularrak izan ziren bere aitaren presidente hautagaitzarako kanpainan, iazko hauteskundeetan —bigarren itzulian irabazi zuen, botoen %50,44 bilduta—. Kanpaina finantzatzeko diruak gehieneko muga gainditu zuela esan zuen, eta erakundeei ez zitzaiela eman kopuru osoaren berri. Fiskaltzaren arabera, Nicolas Petrok konpromisoa hartu du baieztapen hori frogatuko luketen dokumentuak eta audioak aurkezteko. Mario Burgos fiskalak ikerketa bat abiatu du.

Informazio horiek argitara atera eta ordu gutxira, Kolonbiako presidenteak bere agintearen zilegitasuna babestu zuen, atzo, eta ziurtatu zuen duela urtebete eratu zuen gobernuaren kontrako kanpaina baten ondorio direla akusazioak. «Hori egia balitz, presidente honek gaur bertan alde egin behar luke. Ez bainaiz Uribe, ezta Santos ere, ez naiz Duque; ez naiz aurretik pasatu diren horiek bezalakoa, ageriko arrazoiengatik. Gauzak beste era batera egiteko modu batetik nator».

Presidenteak mezu zuzen bat bidali zion semeari. «Gomenda diezaiokedan bakarra da: duintasunez, egia. Borreroaren aurrean sekula ere ez makurtu». Gaineratu zuen berak ez diola sekula ere eskatu bere seme edo alabetako bati deliturik egiteko.

Presidentearen semearen hitzek erreakzio soka bat eragin dute. Oposizioak Ricardo Roaren dimisioa eskatu zuen, esaterako; gaur egun, Ecopetrol Kolonbiako petrolio enpresarik handienaren presidente da, baina Petroren kanpainako arduradun izan zen iazko presidentetzarako hauteskundeetan. Estatuburuari azalpenak eskatu dizkiote, eta Petroren alderditik hura defendatzera atera ziren blokean.

Zenbait enpresariren dirua modu irregularrean jasotzea leporatzen diote Nicolas Petrori, eta espetxean dago, haren emazte Day Vasquezekin batera. Auzi horren harira egin ditu Kolonbiako jokaleku politikoa astindu duten adierazpenak. Aitortu du dirua jaso zuela, baina ez zela bere onurarako izan soilik, eta bere aitaren kanpaina finantzatzeko ere erabili zela. Espero izatekoa da aitorpen horrengatik onura judizial batzuk jasotzea.

Gobernua babestuko du

Presidenteak bere gobernua babestuko duela ohartarazi zuen, eta bere semearen kontrako auzian esku hartu gabe egingo duela hori. «Lehenengo presidentea naiz justiziari esaten diona bere semea epaitzeko. Ez delitu bat egin duen lehena naizelako, baizik eta besteek beren semeak babestea erabaki zutelako justizia babestu beharrean. Nik nahiago dut justizia babestu».

Petroren Itun Historikoa ezkerreko koalizioak presidentea defendatu zuen. «Hautagaiak berak esan zuen plan bat zegoela [kanpaina] narkotrafikoaren diruarekin infiltratzeko», esan zuen Heraclito Landinez Suarez diputatuak. «Horregatik esan zuen ez zela ekarpenik onartuko eta inork ez zuela baimenik ekarpenak jasotzeko».

Presidenteak nabarmendu zuen ez duela asmorik auzi horrengatik agintea uzteko, eta gehitu zuen agintean jarraituko duela legealdia amaitu arte, 2026ra arte. «Ez dago gobernu hau amai dezakeenik, herria bera ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.