Abokatua

Urko Aiartza: «PKKk armak utzita, Turkiako Gobernuaren interesak aseta geratu dira neurri batean»

Urtebete igaro da gerrilla kurduak armak utzi zituenetik. Aiartza bake prozesua behatzen aritu da, eta, haren ustez, kurduen ezaugarri linguistikoak, kulturalak eta identitarioak aintzat hartu ezean, gatazka luzatu daiteke.

Urko Aiartza. BERRIA
Urko Aiartza. BERRIA
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urko Aiartza (Donostia, 1970) bake prozesuetan aditua den abokatua da, eta bitartekaritza eta gatazken eraldaketa sustatzeko hainbat nazioarteko ekinbidetan parte hartu du. Azkena, Kurdistanen, Turkiak eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiak iaz hasi zuten bake prozesua behatzen. Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Legegileen Europako Elkartearekin egin du «misio legal» esan dioten azterketa bat, eta azpimarratu du garrantzitsua dela nazioarteko erakundeek Turkia estutzea «giza eskubideak errespetatu ditzan». 

Zer egoeratan dago orain Turkiaren eta PKKren arteko bake prozesua?

2025eko maiatzean hasi zen bake prozesua, [PKKko buru Abdullah] Ocalanen deiari jarraituz, milizia kurdua armak uzten hasi zenean. Horri jarraituz, PKKk ekitaldi sinboliko bat egin zuen [armak erre zituzten], eta abuztuan, Elkartasun Nazionalerako, Senidetasunerako eta Demokraziarako Batzordea sortu zuten Turkiako Parlamentuan. Batzar hori da bake prozesuaren ezaugarri nagusietako bat; izan ere, horren bidez, behingoz, Turkiako instituzioetan kokatu da bake prozesua. 2012 eta 2015 bitartean ere, egon, egon ziren saiakerak; baina horiek sekretuak izan ziren, Oslon, Ocalanen babesik gabe… Oraingoan, berriz, desberdina da: gobernuak hasi zuen prozesua, eta parlamentura eraman. Hortaz, legedian aldaketa bat egingo zela zirudien; baina gobernuak ez du aurrerapauso handirik eman orain arte. 

Eta zuen batzordeak aurten egin duen «misio legal» hori zertan datza?

Misio legala Turkiako Parlamentuko batzordea ezarri zutenean hasi genuen, bake prozesuaren legezko esparruaren azterketa bat egiteko. Helburua zen egoera ikuspuntu legal batetik aztertzea eta, ondoren, gomendioak egitea. Horretarako, bertako testuingurua eta Turkiako legedia sakon ikertu genituen; besteak beste, epaiketak behatuta, legedia ikertuta eta eragileekin elkarrizketak eginda.  

Eragileekin egindako elkarrizketa horietan, bake prozesuarekiko ikuspegi kontrajarriak nabaritu dituzue?

Bai, noski. Desadostasun handienak bake prozesuaren oinarriaren ingurukoak dira. Turkiako Gobernuak segurtasun gatazka hutsa balitz bezala tratatu du Kurdistango arazoa, eta, hortaz, terrorismoa amaitzeko bidetzat hartu du bake prozesua. Beste batzuek, ordea, arazoa zabalagoa dela adierazi dute; oposizioko alderdiak, esaterako, kritikoak dira giza eskubideen urraketarekin.

Gizarte eragileek, gainera, adierazi dute haien parte hartzea oso murriztua izan dela, eta, oro har, nahiko kritikoak izan dira prozesuarekin.

«Gizarte eragileek adierazi dute haien parte hartzea oso murriztua izan dela, eta, oro har, nahiko kritikoak izan dira»

Urko Aiartza, ezkerrean «misio legaleko» mahai inguru batean. BERRIA
Urko Aiartza, ezkerrean «misio legaleko» mahai inguru batean, DEM alderdi kurduarekin. BERRIA
Testuan, adierazi duzue bake prozesua gehienbat segurtasun neurrietan oinarrituta dagoela. Zer arrisku dakar horrek?   

Argia da lehen arriskua: behin PKKk armak utzita, Turkiako Gobernuaren interesak aseta geratu dira neurri batean. Horrekin batera, bake prozesuarekin jarraitzera behartzen duen legezko esparrurik ez dagoenez, atzerapenak gerta daitezke, edo aurrerapausorik ez ematea. Azkenean, PKKk armak uztean oinarritu du bakea Turkiak, eta, horren ondorioz, gainontzeko gaiak lantzeko interesik ez du. Adibidez, giza eskubideen kontua alde batera uzten du, bereziki Ocalanen kasuan. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egin ditu bere kritikak; hala ere, Turkiak ez du egoera hobetzen, nagusiki ez duelako horretarako beharrik ikusten. 

Hala ere, arrisku nagusia da gatazkaren funtsezko arrazoiari, hau da, Kurdistango identitatearen errekonozitzeko beharrari ez erantzutea. Bake prozesuak ez die gatazkaren ezaugarri linguistikoei, kulturalei edo identitarioei erantzuten, eta, hori aldatu ezean, gatazka luzatu egingo da. 

«Bake prozesuak ez die gatazkaren ezaugarri linguistikoei, kulturalei edo identitarioei erantzuten, eta, hori aldatu ezean, gatazka luzatu egingo da»

PKKko militante ohiak legez babestea beharrezkoa dela ere aipatzen duzue. Zein da egungo egoera?

Ocalanek armak uzteko dei egin zuenean, PKKko egitura militarra desagertu egin behar zen. Horrek segituan galdera bat pizten du: zer gertatuko da miliziako militante ohiekin? Egoerak bi eskaera dakartza: lehenik, Turkiak elkarrizketa zuzena izatea PKKrekin, eta, bigarrenik, legezko esparru bat, non ziurtatuko den militante ohi horiei babesa emango zaiela, bai espetxeetan daudenei, bai sasian daudenei. Bake elkarrizketetan ideia hori badago, baina oraindik ez da gauzatu. 

Nazioarteko hainbat erakundek adierazpenak egin dituzte bake prozesuaren inguruan. Zer iritzi dute? 

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egin ditu adierazpen nagusiak, bereziki PKKko presoen eskubideak errespetatzeko eskatuz. Hala ere, auzitegi horren eskaerak betetzeko Turkiak aldaketak egin beharko lituzke legedian, eta, oraingoz, ez ditu egin.

Garrantzitsua da nazioarteko erakundeek Turkia estutzea giza eskubideak errespetatu ditzan. Badakigu nola dagoen mundua, eta Turkiak garrantzi handia duela Ekialde Hurbileko geopolitikan, baina ezinbestekoa da nazioarteak presio egitea Turkiak giza eskubideak errespetatu ditzan. 

Aurrera begira, zer urrats egin behar dira hurrena?

Beharrezkoa da prozesuan eragileen parte hartzea zabalagoa izatea; bereziki, Ocalanena. PKKko buruzagiak erakutsi du gai dela bere mugimendua bakera eramateko, eta kurduek beren ordezkaritzat dute. Aurrerapausoak emateko ezinbestekoa da, gutxienez, haren baldintzak hobetzea. Oraintxe bertan aske gelditzea ezinezkoa bada ere, hori litzateke aukerarik hoberena.  

Bestalde, esango nuke erreforma legal bat egin behar dela, baita bestelako eragileen parte hartzea sustatu eta gatazkaren ezaugarri linguistiko, kultural eta politikoak aintzat hartu ere. Eskaerak oso oinarrizkoak dira, eta, horiek eman ezean, bake prozesuak arriskuak ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA