«Errepublika sortzean sakrifizio eta ahalegin handiak egin bezala, orain ere seriotasun berberaz aritu behar dugu errepublika demokratiko bat sortzeko». Abdullah Ocalan buruzagi kurduak hitz horiek erabili ditu Turkian bake prozesua eta demokraziarako trantsizioa bermatuko dituen lege proposamena deskribatzeko. DEM Herrien Berdintasunaren eta Demokraziaren Aldeko Alderdia, kurduen aldekoa, Ocalanekin bildu zen herenegun Imrali irlan, hango espetxean preso baitago 1999tik, eta atzo hark idatzitako ohar bat kaleratu zuen: «Mila kilometroko bidaia urrats bakarrarekin hasten da». Horrela hasi zuen mezua PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduaren sortzaileak. Lehenbiziko urrats hori egiteko eskatu du Ocalanek.
DEMeko ordezkari Pervin Buldan, Mithat Sancar eta Faik Ozgur Erol hiru orduz bildu ziren Ocalanekin, bi astean bigarrenez, lege proposamena idazteko. Buruzagi kurduaren arabera, «arazo historiko bat konpontzeko lehen pausoa» da lege proposamen hori, bidean «transformazio historikoa» burutzeko. «Oraindik ez da dena konpondu. Dena den, ez dago ezkor jokatzeko arrazoirik. Garrantzitsuena da urrats hori behar den bezala ulertzea, eta guztiek bere gain hartu dezatela prozesua arrakastatsua izan dadila bermatzeko ardura», idatzi zuen Ocalanek. Nabarmendu zuen ez diela eragiten soilik kurduei edo gutxi batzuei: «Herrialde honetan bizi direnen guztientzat da beharrezkoa».
PKKk iazko maiatzean erabaki zuen borroka armatua utzi eta desegitea —Ocalanek hala egiteko eskatu zion gerrilla kurduari—, eta uztailean hasi zen armak suntsitzen, Iraken menpeko Kurdistanen egindako zeremonia batean. Bada, joan den maiatzean, DEMek adierazi zuen kurduek «egina» zutela «egin beharrekoa», eta Turkiako Gobernuaren «txanda» dela demokraziarako prozesuaren alde egiteko. Ocalanen arabera, Turkiako Parlamentua onartzekoa den lege proposamena «funtsezkoa» izango da: «Ateak irekiko dizkio errepublika demokratikoari».