Espainiako ezker konfederala azaroaren 29ko Gorteetarako hauteskundeetara bereizita aurkeztuko dela erabaki eta biharamunean, bloke bakoitzak bere hautagaitza aurkeztu du gaur, eta elkarri egotzi diote hautagaitza bateratua adostu ez izana. Podemosek Herritarren Kontseilua bildu du Madrilen, eta, han, Irene Montero Podemoseko presidentegaiak Fronte Zabaleko alderdiei —Sumar Mugimendua, IU Izquierda Unida, Comuns eta Mas Madrid— egotzi die nahiago izatea PSOErekin Senaturako hautagaitza bateratuak adostea, Podemosekin zenbait autonomia erkidegotan akordioak egitea baino. Fronte Zabalak, berriz, azpimarratu du azken ordura arte saiatu dela Podemos hautagaitza bateratuan sartzen, eta Ada Colau Fronte Zabalaren presidentegaia kritiko agertu da Podemosekin: «Norbaitek ez badu mahai batera eseri nahi, ezinezkoa da horretara behartzea».
Bestelakoa da Podemosen ikuspuntua. Monterok esan du erkidego batzuetan negoziazioak «oso aurreratuta edo itxita» zeudela, baina Fronte Zabaleko alderdiek blokeatu egin zituztela. «Oso kritikoak gara haien gobernatzeko moduarekin, baita PSOErekin duten hurbiltasunarekin ere». Haren ustez, sozialistengandik hain hurbil egonda ez da «aldaketarik gauzatzen», eta, gainera, «eskuina indartzen» da. Podemoseko hautagaiaren esanetan, azken urteetako desadostasun politiko sakonek eragotzi dute akordio zabala lortzea. Haren ustez, herritar guztiei irekitako primarioak egitea zen desadostasun horiek gainditzeko biderik egokiena —Podemosek hauteskunde primario irekiak egitea planteatu zuen, eta Espainiako ezker konfederaleko alderdietako buruak horietan parte hartzera gonbidatu, baina Montero bakarrik aurkeztu zen—.
Monterok onartu du azken asteetako negoziazioen emaitza ez dela izan ezkerreko jende askok nahiko luketena, baina nabarmendu lortutako akordioak «baliotsuak» direla. Halaber, barkamena eskatu du azken egunotako «ikuskizunagatik», Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramailearen barkamen eskaera bere eginda.
Monterok azaldu duenez, Podemosek «oso eskuzabal» jardun du azken asteetan lurraldeetako akordioak lortzeko. Haren arabera, ostiralean itunak eginda edo ia itxita zeuden hainbat erkidegotan, baina Fronte Zabaleko alderdiek geldiarazi egin zituzten, PSOErekin Senaturako hautagaitza bateratuak negoziatzen ari ziren bitartean.
Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak ere kritikatu egin du Fronte Zabaleko alderdiek uko egin izana herritarrei irekitako primarioetan parte hartzeari. Belarraren arabera, alderdi horiek nahiago izan dute sozialistekin Senaturako itunak egin, Podemosekin jada aurreratuta zeuzkaten akordioak ixtea baino. Salatu du hala gertatu dela Balearretan eta Aragoin, besteak beste; Belarraren esanetan, Podemosek berariaz eskatu zuen bi lurralde horietako akordioetan sartzea. Extremaduran, Gaztela-Mantxan, Murtzian eta Kantabrian ere antzera gertatu dela adierazi du.
Podemosek, hala ere, lortu du zenbait lurraldetan akordioak egitea. ERCrekin lankidetza ituna egin du Katalunian, eta batasunerako hautagaitzak adostu ditu Kanarietan eta Valentzian. Kataluniako itunaren arabera, Podemosek ez du bere hautagaitzarik aurkeztuko lurralde horretan, eta bere ordezkarietako batzuk ERCren zerrendetan joango dira. Trukean, Rufianek Montero babestuko du hauteskunde kanpainan.
Belarrak «historikotzat» jo du ERCrekin lortutako akordioa, zeinaren bidez Rufianek eta Monterok elkarrekin lan egingo duten hauteskundeetan. Podemoseko idazkari nagusiaren arabera, «PSOErekiko autonomoa den ezker eraldatzaile bat izatea» ezinbestekoa da ezkerreko hautesleen interesak defendatzeko.
Fronte Zabalak batasuna aldarrikatu du
Podemosek ekitaldia egin eta ordu erdi eskasera, Fronte Zabalak bere hautagaitza aurkeztu du ofizialki Madrilen, Ada Colau Bartzelonako alkate ohia zerrendaburu duela. Colauk aitortu duenez, hamabost erakundek osatutako koalizioan hamasei izan nahi zituzten berez, baina ez du lortu Podemos erakartzea. «Dena eman dugu azken ordura arte, Podemosek hautagaitzarekin bat egin zezan», adierazi du. Hala ere, azaroaren 29ko hauteskundeetan «faxismoa garaitzeko» konpromisoa berretsi du: «Ez dugu etsiko, eta dena emango dugu faxismoa garaitzeko eta itxaropena defendatzeko».
Tesh Sidi Mas Madrideko diputatuak aurkeztu du ekitaldia, eta hamabost erakunde politikoen arteko akordioa txalotu, modua emango duelakoan «boto aurrerakoi bakar bat ere alferrik ez galtzeko». Colauk, berriz, ezkerreko batasunaren aldeko mezua zabaldu du, eta gogorarazi gizartearen gehiengoa kalera atera dela etxebizitzaren aldeko mobilizazioetan ez ezik «hezkuntza publikoaren defentsan eta Gazako genozidioa salatzeko protestetan» ere.
Sanchez: «Aurrerabidea ala atzera egitea»
PSOEren Batzorde Federalak hauteskundeetarako zerrendak berretsi ditu Madrilen egindako ekitaldi batean, eta Pedro Sanchez zerrendaburu izendatu. Han, Sanchezek ohartarazi du azaroaren 29ko hauteskundeetan bi aukera izango direla: «beste lau urteko aurrerabidea edo kolpe bakarrean Espainiak lau hamarkada atzera egitea».
Jendearen indarrarekin leloa zeraman kamiseta bat jantzita, eskuinari eta eskuin muturrari egotzi die langileei, pentsiodunei eta emakumeei «murrizketak eta sakrifizioak» eskatzea, baina ez boteretsuei. «Erreakzioaren olatua ez da iraganeko kontua: hemen dago, Espainian, Europan eta AEBetan, eta geldiarazi egin behar da», ohartarazi du. Halaber, iraultza berdearen, feminismoaren eta gerraren aurkako jarreraren alde egin du, eta Gazako genozidioaren harira «isilik» geratzen direnak kritikatu.