AEB-ak

Poliziak gazte afro-amerikar bat hil du tiroz Minnesotan

Errepideko kontrol batetik ihes egiten ahalegindu zela esan dute segurtasun indarrek. Protestak izan dira gauean tiroketa izan den tokian.

Gazte bat Black Lives Matter mugimenduaren banderarekin, Minneapolis hirian. CRAIG LASSIG, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 12a
11:09
Entzun

Minneapolistik gertu dagoen Brooklyng Center hirian gertatu da tiroketa. Polizia iturrien arabera, 20 urteko Daunte Wright gizonezko afro-amerikarra errepide kontrol batean geldiarazi zuten atzo eguerdian, eta, haren aurkako agindu bat zegoela ikusi zutenean, autotik jaisteko eskatu zioten, baina hura atxilotzen hasi zirenean, autora itzuli eta ihes egiten ahalegindu zen. Poliziak, orduan, tiro egin zion gidariari, eta hark ibilgailuaren kontrola galdu eta eraikin bat jo zuen. Tokian bertan hil zen. Harekin batera zihoan emakumezkoa onik irten zen.

Gerora zabaldu denez, Wrightek amari deitu zion Poliziak geldiarazi zuenean, eta hark azaldu du entzun zuela nola Poliziak geldiarazten zuen autoa: «Semeak galdetu egin zien zergatik gelditu ote zuten, eta haiek erantzun zioten autotik irteten zenean emango zizkiotela azalpenak. Jarrain nabaritu nuen nola semeak telefonoa nonbait uzte zuen, eta nola Poliziak esaten zion ez ihes egiteko. Ondoren, eten egin zen komunikazioa. Ahalegindu nintzen berriz deitzen, baina ez zuen hartu. Haren neska lagunak azaldu zidan nire semea hil egin zela».

Hilketaren berri izan eta gutxira, hainbat lagun elkartu ziren tiroketak izan zen tokian, tartean hildako gaztearen senide eta lagunak. Wrighten senideek lasaitasuna eskatu zieten bildutakoei, eta elkarretaratzea istilurik gabe egin zen hasieran. Orduek aurrera egin ahala, ordea, tentsioa handituz joan zen, eta, gauean, hainbat lagunek hiriko merkataritza guneei eta Poliziaren ibilgailuei eraso diete. Protestak izan dira polizia etxearen aurrean ere, eta segurtasun indarrek gomazko balekin sakabanatu dituzte manifestariak. Zenbait lekukoren arabera, tiro hotsak entzun dira kalean.

Maiatz amaieran beteko da urtebete Polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra itota hil zuela. Derek Chauvin polizia ohia epaitzen ari dira asteotan haren hilketagatik. Floyd diru faltsua erabiltzea egotzita atxilotu zuten Minneapolisen, esku-burdinak jarrita zituela eta lurrean etzanda zeukatela, Chauvinek hainbat minutuz estutu zion lepoa belaunarekin, nahiz eta Floydek esan ezin zuela arnasa hartu. Floyd ez da, hala ere, Poliziak hildako afro-amerikar bakarra. Poliziaren indarkeria neurtzen duen Mapping Police Violence elkartearen arabera, iaz segurtasun indarrek hildakoetatik %28 afro-amerikarrak ziren, nahiz eta horiek herritarren %13 soilik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.