GERRA UKRAINAN

Prigozhinen eskaera gorabehera, Xoigu Errusiako tropekin bildu da

Errusiako hedabideen arabera, Wagnerrekoen buruaren aurkako zigor auzibidea irekita dago oraindik. Mertzenarioen liderrak esan du «protesta egitea» zela matxinadaren helburua. Putinek hiru aukera eman dizkie paramilitarrei: «familia eta lagunengana itzuli», armadan sartu edo Bielorrusian erbesteratu.

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa, erdian betaurrekoekin, Kremlinek gaur zabaldutako bideoaN. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 26a
13:03
Entzun

Jevgeni Prigozhin Wagner taldeko buruak ohartarazpen bat egin zuen larunbat eguerdian, Kremlinen kontrako matxinada artean martxan zegoenean: ez zutela etsiko Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa atxilotua izan arte. Errusia Wagnerrekoekin borrokatu da fronteko zenbait gunetan, eta, besteak beste, muniziorik ez ematea egotzi izan dio mertzenarioen buruak. Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen bitartekaritzari esker, ordu batzuk geroago eten zuten altxamendua, baina Moskuk ez du Xoiguren aurkako neurririk hartu. Are, Errusiako Defentsa Ministerioak bideo bat zabaldu du gaur, zeinean Xoigu agertzen den buruzagi militarrekin hitz egiten. Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, Ukraina ekialdean borrokatzen ari diren tropa batzuekin bildu da.

Orduan, ez dago argi ez zein ondorio ekarriko dituen joan den larunbatean gertatutakoak, ez, praktikan, zein konpromiso hartu dituzten batzuek eta besteek. Prigozhinek altxamendua eten zuen, Kremlinekin adostu zuelako, Lukaxenkoren bitartez, haren kontra matxinadagatik Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak hasitako zigor auzibidea etengo zuela —nazioari traizio egitea egotzi zion Vladimir Putin Errusiako presidenteak Wagnerrekoen buruari—. Matxinadagatik Errusian ezartzen dituzten kartzela zigorrak hamabi eta hogei urte bitartekoak izaten dira. Baina, RIA Novosti Errusiako berri agentziak fiskaltzaren iturriak aipatuz gaur kaleratu duenez, ez dute artxibatu Wagnerren buruaren aurkako auzibidea.

Ikusi gehiago: Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek

Gainera, akordioan jaso zutenez, eta Errusiako Gobernuak baieztatu zuenez, Prigozhin Bielorrusian erbesteratu ahal izango da. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, «segurtasun bermeak» eskaini dizkiote. Ez dakit non dagoen. Hori bai, gaur audio bat zabaldu du, eta horretan esaten du, besteak beste, matxinadaren helburua ez zela «gobernua eroraraztea», baizik eta «protesta egitea». Larunbat gauean agertu zen azkeneko aldiz jendaurrean, Rostov Don hirian —hura kontrolpean izan zuten mertzenarioek—.

Larunbatean Moskutik 200 bat kilometrora gelditu ziren mertzenarioak non dauden ere ez dute zehaztu. Prigozhinek adierazi zuen atzera «baseetara» itzultzekoak zirela. Kremlinekin adostutakoaren arabera, horiek ere ez dira jazarriak izango. Larunbateko altxamenduan parte hartu ez zutenak, bestalde, Errusiako armadan integratu ahal izango dira. Izan ere, aintzat hartu behar da Errusiako Defentsa Ministerioak agindu bat kaleratu zuela duela bi aste pasa, eta, horren arabera, «boluntarioen taldeak» armadako parte bihurtzera behartuta daudela larunbata baino lehen. Prigozhinek erabaki hori kritikatu zuen, eta azpimarratu ez zutela urrats hori egingo. Txetxeniako Akhmat talde paramilitarrak, adibidez, kontratu bat sinatu zuen Errusiako armadan integratzeko.

Putin gaur gauean mintzatu da, eta hiru aukera dituztela esan die mertzenarioei: «familia eta lagunengana itzuli», Errusiako armadan sartu ala Bielorrusian erbesteratu. Aldiz, ez du argitu Prigozhinen eta Wagnerren etorkizuna zer-nolakoa izango den; hori bai, paramilitarren buruaz mintzatu da, haren izen-abizenak aipatu gabe, eta berriz adierazi du «traidore bat» dela.

Ikusi gehiago:Aliatuak desafio egin dio Putini

Eta larunbateko gertakarien eta erabakien harira, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak azaldu du, RT Errusiako hedabideak jaso duenez, Wagnerreko kideek Afrikan jarraituko dutela. Errusiak mertzenarioak baliatu ditu kontinente horretan eragina handitzeko. Autokratek laguntza eskatzen zieten, eta, trukean, baliabide naturaletarako eta lehengaietarako sarbidea eman izan diete; besteak beste, Libian, Sudanen, Afrika Erdiko Errepublikan eta Malin, esaterako.

Bien bitartean, Errusiako FSBk jakinarazi du indargabetu egin duela joan den larunbatean Mosku hiriburuan ezarritako «terrorismoaren kontrako erregimena». Kremlinentzat, Errusiako barne egoera «ezegonkortzeko» saiakera bat izan zen larunbatekoa. Hori esan du gaur Mikhail Mixustin lehen ministroak bere kabinetearen bilera batean –telebista bidez eman dute bilkura–.

Borrellen kezka

Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuaren esanetan, Errusian «ezegonkortasun politikoa» egotea ez da berri ona, aintzat hartuta «potentzia nuklear bat» dela herrialdea. «Horri ere erreparatu behar zaio», adierazi du, talde komunitarioko Atzerri ministroek Luxenburgon gaur duten bilerara iritsi berritan. Nabarmendu du, nolanahi ere, matxinada saiakeraren bidez Errusiaren «hauskortasuna» geratu dela agerian, eta hango botere militarra «arrakalatu» dela. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak ere antzeko mezu bat plazaratu zuen atzo, AEBetako CBS telebista katean egin zioten elkarrizketa batean, eta gaineratu altxamenduarekin «desafio» egin diotela «Putinen autoritateari».

Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak beste ikuspuntu batetik begiratu dio gertatutakoari, eta adierazi du, Lituaniako hiriburuan, matxinada saiakerak erakusten duela «hutsegite estrategiko bat» egin zuela Putinek 2014an Krimea anexionatuz eta iaz Ukraina inbadituz.

Txinak, bestalde, Errusiako «barne auzitzat» jo du larunbateko altxamendua, eta, Pekingo funtzionarioek hango hedabideetan azpimarratu dutenez, «ameskeria bat» da Mendebaldeak Kremlinen detektatutako hauskortasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.