O médico e o monstro: uma leitura do progressismo latino-americano e seus opostos liburuan (Medikua eta munstroa: Latinoamerikako progresismoaren eta haren antitesien azterketa bat, 2021), Fabio Barbosa historialariak eta Daniel Feldman ekonomistak egoera apokaliptiko bat planteatu dute: bertan, Brasilek bere burua irensten du. Hori abiapuntutzat hartuta, Lula eta Bolsonaroren polarizaziotik harago jo nahi izan dute egileek, eta progresismoaren eta eskuin muturraren ezaugarri batzuetan sakondu, analisi egokiagoak egiteko. Brasilen hurrengo presidentea zein izango den erabakitzeko bozaldia egingo duten egunean, Barbosak (Sao Paulo, 1973) mintzagai izan du Brasilgo egoera korapilatsua. Hango dinamikak eragin handia du Latinoamerikan gertatzen den guztian.
Zure ustez, zer gertatuko da bihar Brasilgo bozen bigarren itzulian, Flavio Bolsonaroren eta Lularen lehian?
Egoera korapilatsua da, eta, seguru asko, Flaviok irabaziko du. Hura nagusitu zen lehen bozaldian; gainera, beste hautagaiek ideologikoki gertuago dute Bolsonaro, eta botoen %7 bildu zituzten lehen itzulian. Beraz, Lulak botorik eman ez zutenen botoa bereganatu behar du, abstentzioa %25ekoa izan baitzen ia.
Zein da zuen liburuaren ideia nagusia?
Progresismoaren proiektu politikoak —Brasilen, lulismoak— aldean daramatzala, beharbada, krisi sozialaren ondorioak. Neoliberalismoak txikitu egiten ditu gizarte loturak, lehian oinarritutako harremanak proposatzen ditu, eta dinamika horri buruzko bozketa egiterik ez dago. Kontua da hori geldiarazteko estrategiak indartu egiten dituela krisia areagotzen duten eragile batzuk.
Adibidez?
Esaterako, eskandalu bat izan zuten Lularen lehenbiziko agintaldian, Mensalao auzia, PTk hilero ordaintzen zielako zenbait alderdi txikitako diputatu batzuei, Kongresuan haien babesa izatearen truke. Dena jakin zenean, eta krisi politikoa itzali nahian, PTk erabaki zuen PMBrekin aliantza egitea, alderdirik handienarekin. Aliantza horren ondorioz, Michel Temer bi aldiz aukeratu zuten presidenteorde PTren gobernuan, eta Temerrek berak bultzatu zuen Dilma Rousseff 2016an gobernutik kendu zuen kolpea. Hortxe adibide eder bat, erakusten duena nola, krisi bat geldiarazi nahian, bestelako eragile bat indartzen den, kasu horretan PMDB eta Temer. Azkenean, egoerari eusteko estrategia horrek bazka ematen dio eskuin muturraren erresumin sozialaren politizazioari. Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren istorioan bezala, halako batean munstroa askatu egiten da, eta medikua, berriz, desagertu.
«Bai, progresismoa indar kontserbadorea da orain: Lularen aldekoek sostengua ematen diete oraingo erakundeei»
Zuek diozue progresismoa kontserbadorea dela, eta ultraeskuinak matxinadaren bandera hartu duela.
Bai, progresismoa indar kontserbadorea da orain: Lularen aldekoek sostengua ematen diete oraingo erakundeei. Bolsonarismoak, berriz, birfundazio sozial bat proposatzen du, Mileik eta Bukelek bezala. Bere garaian, progresismoak ere eraldatzeko asmoa zuen, eta erakundeak aldatzekoa, Bolivian eta Venezuelan egin zen bezala, eta Flavio Bolsonaro horixe planteatzen ari da. Hori guztia oso garbi ikusi zen 2023ko urtarrilean, Lularen kontrako kolpea jotzen saiatu zirenean: ultraeskuinarena zen jarrerarik erradikalena, sistemaren kontrako jarrera, historian ezkerrarekin identifikatu izan dena; progresismoak, berriz, poliziaren jarduera, punitibismoa eta legea defendatu zituen. Terroristak izatea ere leporatu zitzaien eskuin muturrekoei, eta estigma hori herri gudariei jarri izan zaie.
Horretan ere garrantzi handia du lulismoko kide nagusietako batek: Alexandre de Moraes epaileak...
Bai, handik aurrera, Moraes izan zen gizarte tentsioak bideratzeko arduradun nagusia, eta hark gidatu zuen Jair Bolsonaro [presidente ohia] kartzelatzeko prozesua. Paradoxa da, baina Moraes izan zen ikasleek 2013an egindako protesten errepresio polizialaren arduraduna ere. Hau da, duela hamar urte etsai gorria zen, eta gero heroi bihurtu zen.
Esan izan duzu besteri zaion beldurra dela lelo nagusia Bolsonaroren kanpainan. Latinoamerikan, sekula ez bezala, segurtasunaren arazoa da kezka nagusia, ekonomiaren gainetik, baina badago demokraziaren inguruko desilusioa ere...
Horixe da Bukelek El Salvadorren ezarri duen eredua: segurtasunak gaina hartu dio arlo sozial guztiari. Eta, nolabait, badu zentzua demokrazia auzitan jartzeak, joan deneko 30-40 urtean sistemak ez baitio erantzunik eman jende askori premiazko gai askotan. Ondorioz, jendeak ez du konfiantza handirik politika publikoetan, eta daukantxoa segurtatzen ahalegintzen da. Gainera, bide horiek gero eta gehiago dira irtenbide indibidualak, batez ere ekintzailetzaren eta migrazioaren gaia dela kausa, eta hori, nolabait, inbertsio bat ere bada.
Eta zer diozu apustuen arazoari buruz?
Hori arazo handia da Latinoamerika guztian. Brasilen, osasun publikoko gaia da, hain zabaldua dago mendekotasuna. Pentsa: Lulak, lehen bozaldia izan baino astebete lehenago, iragarri zuen debekatu egingo zituela apustuak. Azken orduko jokaldi bat izan zen, emaitza irauli nahian; ez zuen halakorik lortu, baina babes handia bildu zuen. Temerren gobernuak arautu zituen kirol apustuak, agintaldiko azken astean. Kontua kontroletik kanpo dago: jendeak apustuak egiteko erabiltzen du Bolsa Familia gizarte laguntzako programa, janaria erosteko erabili beharrean, eta horrek erakusten du pentsaera aldatu egin dela. Desilusioaren erakusgarria da; apustuak, gainera, emozio pixka bat ematen dio bizimodu deserotizatu eta bortitz bati.