Afro-amerikarren kontrako polizia jazarpenaren aurkako protestek foku berri bat dute. Ostiral gauean Atlantan polizia batek Rayshard Brooks hil zuen, ustez horrek taser pistola kendu nahi zion bitartean, eta George Floyden hilketagatik polizia arrazakeriaren aurka piztu zen haserrealdia areagotu egin da AEBetan. Bart gauean Atlantan bertan istiluak izan dira, eta 36 pertsona atxilotu dituzte CNN telebista kateak jakinarazi duenez.
Polizia Brooksen heriotza ikertzen ari da. Jatetxe bateko aparkalekuan hil zen Brooks. 27 urte zituen. Lehen datuan arabera, autoan lo geratu zen eta pasabidea oztopatzen zuela-eta hurbildu zitzaizkion bi polizia. Alkoholemia froga egin zioten eta positibo eman ondoren zaintzapean jarri nahi izan zuten. Atlanta Journal egunkariak jaso duen polizia txostenaren arabera, erresistitu egin zen Brooks eta polizietako bati taser pistola kentzen saiatu zen. Une horretan tiro egin eta hil egin zuten poliziek.
Lekukotasunen testigantzak eta segurtasun zaintzako bideo irudiak biltzen ari dira oraindik. Tiro egin zuen polizia, Garrett Rolfe, kaleratu egin dute, eta ustez taser pistola galtzear izan zena, Devin Bronsan, behin behinean kaleratu dute. Hala ere, protestak ez dira apaldu. Brooks hil zen aparkalekuan dagoen jatetxeari su eman diote bart eta Poliziak negarra eragiteko gasa erabili du manifestariak sakabanatzeko.
Erika Shields Atlantako poliziaburuak dimisioa eman du Brooksen heriotzaren berri izan ondoren. Ohar batean adierazi du hiriarekiko duen maitasunak eraman duela erabaki hori hartzera. «Polizia buru kargua utziko du. Hiriarekin lanean jarraituko du baina zehaztu gabeko funtzio batean», esan du Keisha Lance Bottoms Atlantako alkateak. Shieldsek babesa adierazi dio alkateari, eta gaineratu du espero duela hiriak aurrera egitea eta segurtasun indarren eta komunitateen arteko konfiantza lantzea.