Turkiarekin duela ia mende erditik duen gatazka konponbidean jartzeko ahaleginean, lehen pausoa eman du PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduak: armagabetze prozesuari ekin dio, eta aurreko ostiralean armak suntsitzen hasi zen, horiek sutara botaz. Abdullah Ocalan beren liderrak planteatukoari jarraituz, «integrazio demokratikoa» lortzea dute asmo modu horretan. Turkiaren ustez, atzera-bueltarik ez duen prozesu bat da armagabetzea, eta txalotu egin du erabakia. Ez zaio iruditzen, ordea, marko zabalago baten barruan egindako hautu baten gisara interpretatu behar denik; Ankararentzat, bere nagusitasun militarraren ondorioz aldatu du jarreraz PKK-k.
Horiek horrela, erantzunak baino gehiago galderak planteatzen dituen prozesu baten abiapuntua da armagabetzearen hasiera.
Noiz eta nola segituko dute armak suntsitzen?
Ez dago argi, aldeek ez baitute horretarako plan baten berri eman. Armagabetzea hasteko zeremonia Iraken menpeko Kurdistanen egin zuten, azken urteetan batez ere hara bildu baitira milizianoak. 50 gerrillarik parte hartu zuten ostiraleko ekitaldian, eta, BBCren Ankarako ordezkaritzak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, datozen hilabeteetan ere antzeko ekitaldiak egingo dituzte, eta horretan parte hartuko dute Turkiako eta Irakeko gobernuek, baita Irakeko kurduen gobernuak ere.
Zer gertatuko da preso politikoekin eta gerrillariekin?
Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, 7.000 inguru dira preso politiko kurduak, eta, nagusiki, Turkian daude kartzelatuta. Konpondu beharreko auzi nagusietako bat da hori: ea zer gertatuko den haiekin. Dena den, askatuak izan daitezen, hasteko aldaketak egin beharko lituzkete Turkiako legedian; aintzat hartu behar da, bide batez, PKK «terrorista» dela Turkiarentzat; baita EB Europako Batasunarentzat eta AEBentzat ere.
Ankara gerrillariei eskatzen ari da beren burua entregatu dezatela. Esaten du ez dituela kartzelatuko baldin eta odol deliturik egozten ez badiete. Odol delituren bat egin izanaren akusaziopean daudenak, aldiz, epaitu egingo dituzte, nahiz eta Erdoganen inguruko hedabideak esaten ari diren mahai gainean dagoela horiek hirugarren herrialde batera errefuxiatu joatea.
Turkiako Asanblean sortzekoak diren batzorde parlamentario bat arduratuko da, uda ondoren, horri guztiari buruzko esparru juridiko bat eratzeaz eta proposamen bat egiteaz. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen esanetan, AKP Justizia eta Garapenaren Alderdia bere indarreko, bere aliatu MHP Mugimendu Nazionalista eskuin muturreko alderdi ultranazionalistako, eta DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiko kideek osatuko dute batzorde hori; hain zuzen, kurduen aldeko ezkerreko alderdi hori ari da bitartekari Ankararen eta gerrillarien artean.
Zein abiapuntu dute aldeek?
Abdullah Ocalan PKKren lider kartzelatuak egin zuen, otsailean, armak uzteko deia, eta milizianoek obeditu egin dute. Iruditzen zaie, beren gidariari bezala, kurduen auzia «politika demokratikoaren bidez» konpon daitekeela jada. Izan ere, Ocalanen esanetan, aitortu da kurduak existitzen direla eta, beraz, «helburu nagusia» lortu dela. Kurduen kultura eta hizkuntza ere jazarrita daude. Maiatzaren 12an, PKK-k jakinarazi zuenean desegitea erabaki zuela, Omer Celik AKPren bozeramaileak agindu zuen «hobekuntza demokratikoak eta eskubide berriak» egongo zirela, armagabetzea «erabat» gauzatua izan ondoren. Ocalanek nabarmendu izan du prozesuak ez duela aurrera egingo «aldebakarreko urratsekin».
Dena den, Erdoganen ikuspegia beste bat da. Harentzat, PKK-k armagabetzea hasita, Ankarak «terrorismoa» garaitu du. Argi utzi zuen larunbatean egindako agerraldian; hau da, berarentzat ez dago kurduen auzirik, eta erabakia ez du lotzen demokratizazio prozesu orokorrago batekin, nahiz eta esan zuen «aro berrian» turkiarrek eta kurduek «elkar besarkatuko» dutela «era adiskidetsu batean».
Zer gertatuko da Ocalanekin?
1999tik Turkiako kartzela-irla berezi batean dago Ocalan: Imralin. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, eta bakartuta daukate. PKK-k desegitea eta armagabetzea erabaki duen arren, Ankararen jarrera ikusita ez dago motibo sendorik adierazteko Ocalani ezarritako baldintzak luze gabe aldatuko dituztenik.
Nola eragiten dio prozesuak Erdogani?
Turkiako Konstituzioa eskuan, presidente batek gehienez ere bi agintaldi egin ditzake jarraian. Horren arabera, Erdoganek ezingo luke 2028ko bozetara aurkeztu. Maiatz amaieran, baina, presidenteak aditu talde bati eskatu zion konstituzio berri baten testua prestatzen hasteko. Erdoganen esanetan, zaharkitua dago indarrean dagoena —1982koa da—, eta argudiatu du AKPk agintean daramatzan bi hamarkadetan agertu duela konstituzio berri bat osatzeko asmoa.
Presidentearekin kritiko direnentzat, ordea, presidente izaten segitzeko aldatu nahi du testua. Hori bai, AKPk eta MHP haren aliatuak ez dituzte Turkiako Asanblean behar beste boto testua aldatzeko, eta, esaterako, DEMen laguntza beharko lukete, ganbera horretan parlamentari gehien duten alderdien artean hirugarrena izaki. Analista batzuek Turkiako hedabideetan kaleratu dutenez, Erdoganek DEMen babesa bilatze aldera ireki dio bidea auzi kurduaren prozesuari. Bai AKPk eta bai DEMek, ordea, ukatu egin dute prozesuaren eta konstituzioaren aldaketaren artean lotura bat dagoela.
Zer gertatuko da eskualdean?
Kurduak ez dira Turkian soilik bizi. 40 milioi inguru dira —ez dago errolda ofizialik—, eta Iraken, Iranen eta Sirian ere bizi dira. EI Estatu Islamikoari aurre egiteko asmoarekin, eta AEBek militarki lagunduta, azken estatu horretan sortu zuten 2015ean SDF Siriako Indar Demokratikoak talde armatua, zeinaren oinarri nagusia diren YPJ eta YPG milizia kurduak. Turkiak horien kontra ere egin du militarki azken urteetan, esanez PKKren aliatuak direla. Beraz, zeharka bada ere, armagabetze prozesuak auzi horri ere eragin diezaioke, nahiz eta SDFk orain hilabete batzuk esan zuen armagabetzerako deiak ez zituela haiek interpelatzen.
Horren guztiaren harira, Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea adostu zuten martxoan SDFk eta Siriako Ahmed al-Xaraak, nahiz eta momentuz ez dagoen argi zer bide egingo duen akordio horrek.