Prest zituzten, baina ez dituzte haizatu. Behin hauteskundeetako emaitzak argitzen hasi direnean, PSOEren egoitza nagusiaren aurrean bildutakoek ez dituzte astindu alderdiaren banderak. Desilusioa izan da nagusi Madrilgo Ferraz kalean.
Halere, itxaropenari dei egin dio Pedro Sanchez alderdiko buruak. Aitortu du egoera tristea dela, baina eusteko eskatu die beldurra dutenei: «Ez etsi, eutsi», adierazi du Ferrazen, PSOEko militantez inguratuta.
«Zoritxarrez, bloke progresista ez da behar bezain indartsua izan. Eta emaitzak onartzen ditugu. Errezelorik eta ñabardurarik gabe». Halere, desesperantzan ez erortzeko eskatu du. Eta oposizioa gidatuko duela agindu: «Ez diegu utziko. Lortzea horrenbeste kostatu zaizkigun aurrerapausoak defendatuko ditugu. Aurre egingo diegu».
PSOEren jarraitzaileek itxaropena bazuten, baita lehen emaitzak argitzen hasi direnean ere. Hauteskunde mahaiak itxi eta bozkalekuetan egindako zenbaketen emaitzak iristean, isiltasuna zen nagusi PSOEren egoitzan. Aurreikuspenak arduraz eta zuhurtziaz hartzeko eskatu du Rebeca Torro PSOEko Antolakuntza idazkariak; parte hartze handia pozgarria dela, baina emaitzak iritsi arte itxaron behar dela.
Bada, iristen hasi dira, eta giroa tristatu da Ferrazen bildutako dozenaka jarraitzaileren artean. Halere, herritar batzuek  bazuten esperantza: «Ez dira pasatuko, ezkerra batuta inoiz ez dute garaituko», oihukatu dute.
Baina pasatu dira. Ondo pasatu ere. Eskuin muturreko hainbat asaldatzaile iritsi dira Ferrazera; une batez, istilu batzuk ere piztu dira alderdi sozialistaren jarraitzaileekin. Poliziak segituan banandu ditu.
Behin botoen erdiak zenbatuta, argi geratu da PP Alderdi Popularrak eta Vox ultraeskuindarrak gobernua osatzeko behar beste babes izango dutela. Gabonetako argiztapena piztuta, baina iluntasuna izan da nagusi PSOEren egoitza nagusiaren aurrean.
«Lortzea horrenbeste kostatu zaizkigun aurrerapausoak defendatuko ditugu. Aurre egingo diegu»
PEDRO SANCHEZÂ PSOEko idazkari nagusia
Lucia madrildarrak besapean gorde ditu PSOEren bandera gorri bat eta Espainiako beste bat. Bere semearekin hurbildu da PSOEren egoitza nagusira, bozak irabaziko zituela sinetsita. «Gutxienez PPk baino boto bat gehiago lortuko zuela uste nuen».
Mugikorrean emaitzak jarraitzen aritu da, eta penaz aitortu du eskuineko alderdiek beren jarraitzaileen artean mezua barneratzea lortu dutela. Halere, PSOEren kanpaina goratu du; eta eskuinak, presidentea «deshumanizatzen» jardun duela gaitzetsi.
Madrilgoak dira Santiago eta Marisa ere, erretiratuak, eta PSOE nagusituko zen itxaropenarekin iritsi dira horiek ere. Vox gobernura iristeak pizten die kezka gehien: «Ongizate estatua dardarka geratuko da», ohartarazi dute. Aurrerantzean oposizio gogor bat egiteko eskatzen diote PSOEri, eta eskuina «frenatzeko» egin beharreko aliantzak egiteko.
Sanchezi ez zaio nahi bezala atera bozak aurreratzeko estrategia. Maricarmen Abascalen etxegabetzearen ondotik piztutako mobilizazio olatua hartu nahi izan zuen PSOEk. Etxebizitzaren inguruko protesten ostetik, baina, Urdako tren istripua iritsi zen, eta berriz ere gobernuaren aurkako jarrera indartu zen.
Zortzi urte daramatza eskuinak Sanchezen aurkako kanpainan, 2018ko ekainaren 1ean Mariano Rajoy presidentea (PP) zentsura mozio bidez kargutik kendu zutenetik. 2023ko bozetan, inkesta gehienen kontra, PSOEk gobernuari eutsi ahal izan zion. Oraingoan, ordea, eskuinak aurreikuspenak bete egin ditu. Parte hartze handiak ezkerrean esperantza piztu badu ere, gaua iristearekin batera itzali da ilusio hori.
Garaiz bozkatu du
Madrilgo etxe orratz altuenen tontorrak behe lainoak estalita ageri ziren bozkalekuak irekitzerakoan. Sanchezek ez du lainoa altxa arte itxaron; bederatziak eta laurden inguruan iritsi da Nuestra Señora del Buen Consejo eskolara. Ordurako zain zeuden kazetariak, baina baita dozenaka herritar ere. Batzuk bozkaleku berean eman behar zuten botoa eta, une batez, Poliziak bidea moztu dienean, asaldatu egin dira: «Guk ere bozkatzeko eskubidea daukagu». Segituan utzi diete sartzean, artean, gobernuko presidentea eraikinaren barruan zela. Iritsi moduan, oihu artean atera da bozkalekutik. Txaloka hartu dute batzuek, baina iseka egin diote gehienek: «Traidorea, kanpora!».
Jendez lepo egon da Madril asteburuan: merkealdia, Gabonetako argiak… Baina nabari zen hauteskunde eguna berezia zela. Bozak elkarrizketa guztietan. Rastroan, iganderoko merkatuan ere hauteskundeak mintzagai. «Hi PPkoa izango haiz», saltzaile batek bere postuaren aurretik igaro den bati. «Orain jendea bozkatzen ari da, gero etorriko dira», azokari batek beste bati.
Ferraz kaleko egoitza ere prest zegoen goizetik: andamioak eraikinaren aurrrean, hesiak... Ez dute, ordea, ospatzekorik izan. Madrilen zerua urdindu egin da eguerdirako, eta arratsean ez da gorritu.