Puigdemont abenduaren 12an itzuliko da Kataluniara

Generalitateko presidente ohiari harrera egingo diote Kataluniako Parlamentuan.

Carles Puigdemont pantaila batean, JxC Junts Per Catalunyak atzo Gironan egindako ekitaldi batean. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puigdemont pantaila batean, JxC Junts Per Catalunyak atzo Gironan egindako ekitaldi batean. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 25a
11:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jarri du data Carles Puigdemontek. Generalitateko presidente izandakoak jakinarazi du gaur Bruselan datorren abenduaren 12an itzuliko dela Kataluniara, eta egun horretan harrera egingo diotela Kataluniako Parlamentuan. Egunean bertan bueltatuko da hegazkinez Bartzelonara, eta hiru egun lehenago, abenduaren 9an, agur ekitaldi bat egingo du Bruselan, eta asmo du Belgikako hiriburuko katalanen komunitatearekin biltzea. Abenduaren 17an agerraldi bat egingo du Bartzelonan, bere estrategia politikoaren berri emateko.

Azken bederatzi urteotan Generalitateko presidente erbesteratua izan dela aldarrikatu nahi izan du Puigdemontek agerraldiaren beraren diseinuarekin. Mintzatu den lekuaren atzeko paretan, hondo urdin batean, zera nabarmendu dute zuriz: Carles Puigdemont, 130. presidentea. Eta esan du zergatik erabaki duen itzuli ondorengo lehen agerraldia Parlamentuan egitea: «Kargugabetua izatekotan, Parlamentuak kargugabetu beharko ninduen; ez 155.artikuluak, bidegabe». 2017ko urri amaieran Espainiako Konstituzioaren artikulu hori hauspotu zuen orduko gobernuak —PP zegoen agintean, baina PSOEk ere babestu zuen—, eta Gorteek onartu; erkidegoen eskumenak bertan behera uztea dakar artikulu horren aplikazioak, eta hala gertatu zen Kataluniakoarekin.

Bruselako Prentsa Klubean mintzatu da Generalitateko presidente izandakoa. Leku sinbolikoa da harentzat. Izan ere, han agerraldi bat egin zuen duela bederatzi urte pasa, 2017ko urriaren 31n, U-1eko erreferendumaren ondoren Espainiako Estatuak judizialki jazarri behar zuela jakitun, aurreko egunean erbestera abiatu ondoren. Orduko Kataluniako Gobernuko sei kide zituen inguruan. Gaur bakarrik hitz egin du. Azkeneko bederatzi urteotan Bruselako erbestealdian lagun izan dituen bni kontseilari ohi, Antoni Comin eta Luis Puig, duela aste batzuk itzuli ziren Kataluniara.

Horiek bueltatu dira, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak haien eta Puigdemonten kontrako atxilotze aginduak bertan behera utzi zituelako urriaren 6an, Auzitegi Konstituzionalak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiatzeko agindu zuen egun berean, hain zuzen.

Puigdemontek esana zeukan berak erbestealdia bukatuko zuela, bere kontrako kasua itxia izan ondoren. Eta Gorenak astelehenean jakinarazi zuen artxibatu egin duela presidente ohiaren aurkako auzia, eta, horrenbestez, amnistiatu egin duela. 

[albistea osatzen ari gara]

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA