Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo gauean iragarri zuen datorren urterako aurrekontu proposamena aurkeztekoa dela. Aurrekontuak aurrera atera ahal izateko, ezinbestekoa izango du JxC Junts Per Catalunyaren babesa. Eta Sanchezek iragarpena egin eta biharamunean, hain zuzen, Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentea Carles Puigdemont JxCko liderrarekin batzartu da aurrenekoz, Bruselan. PSOEk esan du, ordea, bilerak ez duela zerikusirik aurrekontuen negoziazioarekin.
Illa PSC Kataluniako Sozialisten Alderdikoa iazko abuztutik da presidente, eta JxCk ordutik aritu zaio Puigdemontekin biltzeko eskatzen. Izan ere, Generalitateko presidente ohiekin batzartu da Illa azkeneko urtean, harekin izan ezik. Atzo, ordea, ohar batean argudiatu zuen heldu dela bilera egiteko «garaia». Eta gaur, bilkuraren ostean, sare sozialetan adierazi du elkarrizketa dela «demokraziaren motorra»; eta horren «adibide on bat» eman dutela gaur. Puigdemontek, ordea, sare sozialetan nabarmendu du «normaltasun demokratikoko egoera batean» gaurko bilkura duela hilabete asko eta Katalunian egin beharko zutela. Bestalde, Maria Jesus Montero Espainiako lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak agerraldi batean adierazi duenez, aurrekontuen auzia ez zegoen gai zerrendan.
Generalitatearen EB Europako Batasuneko ordezkaritzaren egoitzan izan da bilera, eta, bilerara orain deitu izana hizpide hartuta, Illak nabarmendu zuen amnistia legea konstituzionala dela, hau da, aditzera eman du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ekainean emandako ebazpena berme bat izan dela 2016ko urtarriletik 2017ko urrira Generalitateko presidente izandakoarekin biltzeko.Â
Kataluniako presidenteak ez zuen xehetasunik eman komunikatuan; besterik gabe, esan zuen «elkarrizketa» hauspotu nahi duela. Jordi Turull JxCren idazkari nagusiaren arabera, ordea, Illak ez du bere kabuz erabaki Puigdemontekin batzartzea, baizik eta Sanchezen aginduz.
Hori adierazi du Turullek gaur, TV3 Kataluniako telebista kate publikoan egin dioten elkarrizketa batean. Bide batez, ohartarazpen bat ere egin du: JxCk ez dituela aurrekontuak negoziatuko baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu betetzen JxCren eta PSOEren arteko inbestidura akordioan jasotakoa, tartean migrazio arloko eskumenak Generalitateari eskualdatzea —itun hori 2023ko azaroan egin zuten, eta modua eman zuen Sanchez berriro presidente izendatzeko—.
Horren guztiaren harira, Sanchezek atzo TVE Espainiako telebista publikoan esan zuen aurrekontuak ez onartuta ere ez duela ez konfiantza mozio batera deituko, ezta hauteskundeak aurreratuko ere. «Tresna bat dira, ez helburu bat». Espainiako Kongresuak ez du aurrekonturik onartu legegintzaldi honetan, eta gobernuak 2023koak, hau da, onartutako azkenekoak kudeatzen ditu, luzatuta.
Turullen mehatxua
Espainiako gobernabidearekin lotuta, Puigdemontek esan izan du udazkenean «beharbada» orain arte «gertatu ez diren gauzak» gertatuko direla baldin eta ez bada betetzen JxCren eta PSOEren arteko akordioan jasotakoa; besteak beste, neurriak hartzea Katalunia bere kabuz finantzatu dadin, eta Kataluniak gehiago parte hartu dezan zuzenean Europako instituzioetan. Generalitateko presidente ohiak inoiz ez du argitu, ordea, zer egingo duen iruditzen baldin bazaio PSOE ez dela betetzen ari 2023ko azaroan Bruselan sinatutakoa.
Bada, Turullek mezu horri berari heldu dio gaur, eta hark ere mehatxu egin dio Sanchezi: «Ez baditu [konpromisoak] betetzen, ondorioak onartu beharko ditu». Eta Turulli berari galdetu diote zer ondorio izango lituzkeen Sanchez eta Puigdemont biltzeak. Erantzun du «garrantzitsua» litzatekeela, eta «amnistia politiko bat» ekarriko lukeela. Sanchezek inoiz ez dio aterik itxi aurrez aurre batzartzeari.
Oraingoz, Espainiatik eta Kataluniatik kanpo egin beharko lukete bilera hori. Espainiako Kongresuak iazko ekainean onartu zuen amnistia legea, Kataluniako prozesu subiranistaren judizializazioa bertan behera uzteko, eta, aurtengo ekainean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen lege hori konstituzionala dela. Espainiako Auzitegi Gorenak, baina, ez du baliogabetu Puigdemont atxilotzeko agindua —2017ko urritik dago Bruselan erbesteratua—. Hain zuzen, Konstituzionalak ebazpen bat eman behar du Puigdemontek erabaki horri jarritako helegiteari buruz. Gainera, EBko Justizia Auzitegia deliberatzen ari da amnistia legea talde komunitarioaren zuzenbidera egokitzen ote den, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Kontu Auzitegiak hala eskatuta.