"Urriaren 10ean akatsa egin nuen. Errepublika ezarri behar genuen. Uste dut posizioa ongi defendatzeko moduan ginela". Autokritika sakona egin du Puigdemontek RAC1 irrati kataluniarrean gaur goizean egin dioten elkarrizketan. Hala erantzun du presidente kargugabetuak, Bruselatik, urriaren 1eko erreferendumaren ondoren hanka sartzerik izan duen galdetu diotenean.
Puigdemontek adierazi du egun horretan bazuela Kataluniako Errepublika ezartzeko beharrezkoa zuen zilegitasun politiko eta morala, baina ez zuela erabaki hori hartu. Azaldu duenez, jende askok ziurtatu zion errepublika ezartzeko adierazpena bozkatzen ez bazen elkarrizketarako tartea irekiko zela, Madrilek ulertu zuelako urriaren 1ean Kataluniako gizarteak emandako mezua. "Gaurtik ikusita, agerikoa da Espainiako Estatuak ez duela emandako hitza betetzen".
Kataluniako eta Espainiako gobernuen artean zubi lanetan aritu zirenen artean izan zen Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia, eta kritiko agertu da harekin. "Azalduko du berak zein egiteko izan duen: gehiago izan da Moncloaren, Zarzuelaren, 155aren, PSOEren eta Perez Rubalcabaren aldekoa". Bereziki gogor mintzatu da Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro ohiaren aurka. "Ikatza baino beltzagoa du arima. Perez Rubalcaba gizon maltzurra da", adierazi du.
Urriaren 27ko adierazpenari buruz ere hitz egin du Puigdemontek. Haren esanetan, ezinezkoa zen parlamentuaren orduko saio horretan errepublika gauzatzea. Horretarako baldintzarik ez zela argudiatu du. Hala ere, garrantzia eman dio egun hartako adierazpenari. "Ez zen performance bat izan".
Europako Batasunak aste horietan hartu zuen jarrerarekin atsekabetuta agertu da, bestalde. Puigdemonten arabera, "estatuen errekaduetarako haurrak" dira batasuneko ordezkariak. Harridura agertu du Europatik inozo izatea leporatu diotelako, batasunean Kataluniako Errepublika onartuko zuen estaturen bat izango zela pentsatzeagatik.
Berriz ere hautagai izateko prest
"Generalitateko presidente izan nahi dut berriz". Hitz horiekin adierazi du Puigdemontek bere hautagaitza alboratzeko erabakia behin-behinekoa dela. Atzo, presidentegai izateari uko egin eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCeko parlamentaria proposatu zuen bere ordezko. Espainiak hautagai izaten utziko balio, presidente izendatua izateko hautagai aurkeztuko zela argitu du.
Ez dirudi Sanchezek presidente bihutzeko bide erraza izango duenik, prozesu subiranistarekin lotutako auzian Auzitegi Gorenak hartu dituen erabakiei erreparatuz gero. Puigdemontek Espainiari ohartarazi dio, ordea, Sanchez presidente izendatzea eragozten badu "kolapso" egoera eragin dezakeela erakundeetan eta "ziurrenik delituren bat" egingo duela. Ez du baztertu halako egoera batean berriz ere hauteskundeak deitu behar izatea.
Ada Colau Bartzelonako alkateak kritikatu egin du alderdi independentistek Sanchez aukeratu izana hautagai gisa aurkezteko, bere egoera judizialak gobernu "eraginkor" bat eratzea eragozten duela iritzita. Puigdemontek "zapaltzailearen kontakizuna" bere egitea leporatu dio Colauri. "Sanchezek aurkezteko eskubide guztia du ala ez?", galdetu dio.
Sanchez buru duen Generalitate "eraginkorra" Katalunian abian jartzeko ahalegina egin bitartean, alderdi independentistek Kataluniako Errepublika eraikitzeko lanean jardungo duen gobernu "zilegia" jarri nahi dute martxan Bruselan, Puigdemont buru. Era horretan, bi adarreko gobernua izango luke Kataluniak. Gobernu horren webgunea zabalik da dagoeneko, Kataluniako Generalitatea. Errepublikaren Gobernua, izenburupean.