Carles Puigdemontek bere lehen mintzaldia egin du gaur Europako Parlamentuan. Minutu exkax hitz egiteko aukera izan du, eta Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko erabili du: «Autodeterminazio eskubidea da biderik onena eta demokratikoena lurralde gatazkak konpontzeko». Adierazi du Europako Batasunak eskubide hori gauzatzeko «mekanismo demokratiko komunak» aurkitu behar dituela. Kataluniako presidente kargugabetuak azaldu du Europako politikariek «ahotsa goratzeko» garaia dela, «munduari erakusteko zein den bide egokia». Izan ere, irtenbide politiko bat bilatzea ezinbestekotzat jo du, «elkarrizketaren eta negoziazioren» bidetik: «Errepresioa ezin da izan irtenbide onargarri bat». Txaloak jaso ditu Puigdemontek, besteak beste, alboan zuen Toni Comin alderdikide eta Generalitateko kontseilari ohi kargugabetuarenak.
Hitzaldiaren hasieran, Puigdemontek nabarmendu du Europako Batasuneko Presidentetza Kroaziaren esku dagoela, eta gogoratu du herrialde hark «duela gutxi» lortu duela independentzia: «Geroztik, Europako Batasunaren kide leiala izan da». Andrei Plenkovic lehen ministroari eskertu dio Espainiaren eta Kataluniaren arteko elkarrizketa eskatu izana: «Katalunia, gaur, Europaren barne auzia da, eta presente egongo gara Kroaziaren presidentetza aldian».
Puigdemont hitz egiten ari zen bitartean, Ciudadanoseko Luis Garicano eta PPko Dolors Montserrat europarlamentariek txartel urdinak altxa dituzte. Erantzuna eman nahi dutela adierazteko erabiltzen dira txartel horiek. Montserrat hitz egiteko prest zen, orria eskuan eta mikrofonoa aurrean kokatuta, baina ez du aukerarik izan; mintzatu den eurodiputatuak du erantzun nahi duten kideei hitza emateko eskubidea. Parlamentuko mahaitik galdetu diotenean ea hitz egiteko aukera emango dien bi kideei, Puigdemonten erantzuna garbia izan da: «Ez». Irribarre batekin erantzun du PPko kideak.
Gaurko diskurtso laburra egin ahal izateko aukera, berriz, Europako Parlamentuko araudiko 172. artikuluak eman dio. Artikulu horren arabera, parlamentariek eskubidea dute epe bakoitzeko lehen biltzarrean «garrantzi politikoa duten gaien» inguruko mintzaldi bat egiteko, gehienez ere minutu batekoa.
Atzo, ordea, izan zuen luzatzeko aukera, besteak beste, Kataluniako presidente Quim Torrak eta Parlamenteko presidente Roger Torrentek babestuta. Lehen aldiz biltzarrean parte hartu ostean, prentsaurrekoan adierazi zuen Kataluniak bizi duen arazoa ez dela independentzia kontua soilik, demokrazia kontua baizik. Espainiako autoritateei ere bidali zien mezua, hari eta Comini immunitatea kentzeko suplikatorioa ofizial egitearekin batera. «Politika desjudizializatzeko» eta «justizia despolitizatzeko» beharra azpimarratu zuen. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak suplikatorio eskaera bidalita, europarlamentariek hartuko dute orain Cominen eta Puigdemonten immunitatea kentzeko edo mantentzeko erabakia. Gehiengo soilarekin onar dezakete, parlamentuko Batzorde Juridikoaren gomendioak entzun ostean.
Gaur azpimarratu bezala, Kataluniako presidente kargugabetuak gaineratu zuen Europako herritar guztiei eragiten diela gatazka horrek. «Gaur Junquerasi gertatzen zaiona Europako edozein disidenteri gerta dakioke bihar», gehitu zuen ERCko buru espetxeratu Oriol Junquerasen egoerari erreferentzia eginez. Europarlamentari izaera kendu dio parlamentu hark ERCko buruari, Espainiako Auzitegi Gorenari men eginez. Junquerasek, ordea, ez du amore eman, eta errekurtsoa jarriko du Europako Batasuneko Berme Auzitegian.