Siriako gerra zibilean Al-Nusra Frontea eta HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko talde islamista sunitetako buruzagia izan zen Ahmed al-Xaraa egungo presidentea; Vladimir Putin, berriz, Baxar al-Assad Siriako orduko presidentearen aliatu militar handiena. Hala ere, aro berrian, realpolitik-a aplikatzea erabaki dute biek ala biek. Putinek Moskun hartu du Al-Xaraa, hiru hilabetean bigarren aldiz. Kurduen milizien kontrako erasoaldi bat egin du Siriako Gobernuak azken asteotan, eta Errusiako presidenteak zoriondu egin du Al-Xaraa: «Hurbiletik erreparatu diegu Siriaren lurralde batasuna berrezartzeko zure mugimenduei. Eta zoriondu egin nahi zaitut prozesu horrek bultzada hartu duelako».
Errusiak Sobietar Batasunaren parte zenetik harreman estua izan du Siriarekin, herrialde horretan Baath alderdi sozialista arabiarrak agindu zuen urte guzietan (1963tik). 2024ko abenduan, ordea, Al-Xaraak zuzentzen zituen matxino islamistek boteretik kendu zuten Al-Assad. Hala ere, Errusiak eutsi egin die Sirian zituen bi base militarrei. Gaurko bileraren aitzinetik, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi du bi presidenteek eztabaidagai izanen zutela Errusiaren presentzia militarra.
Kameren aitzinean elkartu direnean egin dituzten adierazpenetan, Putinek Al-Xaraari erran dio Errusiako enpresariak prest daudela Siria berreraikitzeko lanetan parte hartzeko, «bereziki eraikuntzako sektorean». Al-Xaraak, berriz, eskertu egin dio Siriako «lurralde batasuna» defendatu izana, eta goraipatu egin du Errusiak Ekialde Hurbilean «egonkortasunari» eusteko izan duen rol «historikoa».
Al-Assad Siriako presidente ohia Errusian bizi da errefuxiatu gisa, baina ez Putinek, ez Al-Xaraak ez dute hari buruz adierazpenik egin.